Arte[faktua] 207: ‘Argialdiak’ Miriam Luki idazlearen lehen narrazio bilduma

Arte[faktua] 207: ‘Argialdiak’ Miriam Luki idazlearen lehen narrazio bilduma –

Miriam Luki izango da larunbat honetako gonbidatu nagusia ‘Artefaktua’ saioan. Luki Ilaski Serranorekin elkartuko da Urretxuko Santa Barbara ingurunean haren Argialdiak narrazio bildumaz hitz egiteko. Liburu honekin egin du salto Miriam Lukik euskal letretara. Bertan, irakurleak, bederatzi  ipuin labur ezberdin aurkituko ditu; bederatzi egoera eta pertsonaia ezberdin bizitzaren argi eta ilunak kontatzeko. Ipuinetan ez zaie ezer apartekorik gertatuko pertsonaiei ez bada ‘perturbazio’ bat (egilearen esanetan), une bat, guztioi gertatu dakigukeena, zeinetan agerian geratuko den estalitako tolestura bat. Ilunalditik argialdira pasatzeko une hori deskribatu nahi izan du idazleak; aparte utzitako momentu bat, dardara bat, apurka-apurka egosten joan eta ezusteko emaitza batera eramango duena.

Kazetaritza idatzian aritutakoa da Luki, herri prentsan egunero idazten, herritarren bizipenak eta istorioak entzun eta jasotzen. Egun Galtzagorri elkartean egiten du lan, eta bertan ezagutu zuen saiora ekarriko duen gonbidatua, Mikel Ayerbe, hain zuzen ere. Izan ere, Galtzagorrik ekoizten duen ‘Behinola’ aldizkarian egiten dute lan eta bertatik datorkie laguntasuna. Ayerbe, gainera, liburua osatzen duten ipuinen lehenetariko irakurlea bilakatu zen.

Biblioartea atalaren barruan Deustuko Unibertsitatera egingo dugu salto hango Gradu Aretoan eta liburutegian gordetzen diren liburuak ezagutzeko.  Xole Galarraga, liburutegiko zuzendaria, izango dugu gidari.

Garazi Otzerinjauregi mañariar irakurle gaztetxoaren eskutik etorriko da aste honetako liburu gomendioa.

Guztia, saioa osatzen duten beste atalekin batera, larunbatean, arratsaldeko 12:50ean, ETB1en

artefaktua

aurreko saioan…

Arte[faktua] 206: ‘Irunberri, 1990: Arroilaren negarra’, Pako Aristiren literatur kazetaritza lana

Arte[faktua] 207: ‘Argialdiak’ Miriam Luki idazlearen lehen narrazio bilduma

Arte[faktua] literatur saioa ETBn