Arte[faktua] 204: ‘Bichta éder’ Eneko Bidegainen misteriozko eleberri politikoa
Arte[faktua] 204: ‘Bichta éder’ Eneko Bidegain –
Eneko Bidegain idazlea elkarrizketatuko du Ilaski Serranok aste honetako ‘Artefaktua’n. Bidegain Komunikazio irakaslea da Mondragon Unibertsitatean. Kazetaritza lanetan ere ibilia da, Euskaldunon Egunkaria-n eta Berria-n. Zenbait saiakera eta kroniken egilea da eta eleberrien artean hau du hirugarrena Bichta éder izeneko thriller politikoa Elkar argitaletxearekin plazaratu duena.
Bidegainek Lapurdiko kostaldeko jauregi zahar baten inguruan girotu du Bichta éderrek gordetzen duen misteriozko kontakizuna. Batetik, Théodore Vermandois, Belvedere jauregi zaharraren jabearen historia, eta haren familiarena, belaunaldiz belaunaldi gordetako sekretu bat ezkutatzen duena; eta, bestetik, Eñaut Oihenart Gaur berripapereko kazetariak burutzen duen ikerketarena, Belvedereko jabe zaharraren heriotzetik 20 urtera burutu nahi den proiektu handiari buruzkoa, hain zuzen. Pertsonaia ugariz, maitasun istorio, traizio eta sekretuz harilkatutako eleberri honek Euskal Herrian, Frantzian eta Europan jazotako historia garaikidearen testuingurua du agertoki.
Honetaz guztiaz hitz egiteko Biarritzeko Ozeanoaren hirira gerturatuko da saioa idazlearekin batera.
Sara Iriarte, Bidegainen ikasle ohia, batuko da elkarrizketaren hondarrera. Iriarte Kattalin eta nenufarrak musika taldeko kidea da eta kazetaria lanbidez. Bera izan da Bichta éder eleberria irakurtzen lehenetarikoa. Fikzioak errealitatea ezagutzeko duen balioaz eta kazetaritzaren inguruko gogoetaz arituko dira, besteak beste.
Idoia Santamaria Urkaregi itzultzaileak bere etxeko ateak ireki dizkio ‘Artefaktua’ saioari bere liburutegi propioaz mintzatzeko. Biblioartea atal honetan Idoiaren lehen irakurketen berri jakingo dugu, edo guztien artetik zeintzuk dituen ezinbestekoak, esaterako.
Inhar Lopez irakurlearen eskutik etorriko da larunbat honetako liburu gomendioa: László Krasznahorkai idazle hungariarraren ‘Ha llegado Isaías’ liburua.
Sakanako Harri Mitxelena eta Ekain Amillanoren eskutik dator aste honetako booktubea.
Guztia, saioa osatzen duten beste atalekin batera, larunbatean, arratsaldeko 12:50ean, ETB1en
…
aurreko saioan…
Arte[faktua] 203: ‘Cayo Hueso’ pasioa, eta desira ardatz dituen Oihane Amantegiren eleberria
Arte[faktua] 204: ‘Bichta éder’ Eneko Bidegainen misteriozko eleberri politikoa