Arte[faktua] 146: Covid-19 gaitza abiapuntu duela idatzi du Iñaki Segurolak ‘Koiteretzia’ eleberri dialogikoa

Arte[faktua] 146: Covid-19 gaitza abiapuntu idatzi du Iñaki Segurolak ‘Koiteretzia’ eleberria – 

Iñaki Segurola idazle azpeitiarra izango da larunbat honetan ‘Artefaktua’ko gonbidatu nagusia. Segurolak Koiteretzia izeneko eleberri dialogikoa kaleratu du Alberdaniaren eskutik. 2020ko hasieran hedatu zen covid-19 gaitzak eman zion idazleari abiapuntua horri buruz eleberria idazteko. Hiru pertsonaien hausnarketa, elkarrizketa eta ahotsak dira liburu osoan zehar irakurleak entzungo dituena. Horien bitartez bizi dugun pandemia honen lehen urratsak, itxialdia, deseskalatzeak, ez jaiak eta ez festak jaso ditu idazle azpeitiarrak. Segurolak hiru zeinu geometriko erabili ditu pertsonaiak izendatzeko, eta euren ahotan ipini ditu negazionisten edo konspiranoikoen iritziak zein ildo ofizialistarenak. Hori guztia egileak maisuki erabiltzen duen hizkera eta hitz jolasez baliatuz. Azpeitiko zezen plaza izango da Iñaki Segurola eta Yolanda Mendiolaren arteko elkarrizketaren lekuko, gune kuttuna baita azpeitiar egilearentzat.

Aimar Uribesalgo poeta eta dokumental egile oñatiarra batuko da solasaldiaren hondarrera. Pobresiak-eko kidea izateaz gain, Peregrino modernoen oporrak dokumentalaren egilea da, eta Gaztetxeak eta literatur zirkuitu ez ofizialak osatzen duten eremuetan dabil erosoen. Segurolaren laguna da, eta elkarrekin aritzen dira Kkinzona.eus irrati libreko Botere guztia biribilguneei irratsaioan. Gurean, Koiteretziak sorrarazi dizkion zenbait kontu azalduko dizkio ikusleari.

“Ni, zu, hura” du izenburua aste honetako erreportajeak “Letren bidaiak” atalean. Karmele Jaioren eskutik, pertsona narratiboak aztertuko ditugu. Istorio bat lehen, bigarren edo hirugarren pertsonan kontatzeak uste baino eragin handiagoa du kontaketan, eta aukeraketak buruhauste bat baino gehiago ekar ditzake idazlearentzat.

Amaia Garcia irakurle errenteriarrak Aki Shimazaki idazle japoniarraren liburu bat aukeratu du iruzkina egiteko Hôzuki, la librería de Mitsuko (Nórdica Libros). Shimazaki Kanadan bizi da, eta frantsesez idazten ditu bere liburuak.

Imanol Epelde idazle, blogari, musikagile eta youtuberraren booktubea izango da saio honetako @faktua atalean ikusiko duguna. 27zapata.eus atariaren sortzailea da Imanol, eta mota anitzetako lanak ditu sortuak horretarako, Enrique Vila-Matas idazle katalanaren lanari buruz egina duena da tarte honetarako aukeratu duguna.

Hau guztia, saioa osatzen duten beste atalekin batera, larunbatean, arratsaldeko 12:55ean, ETB1en.

Arte[faktua] 146: Covid-19 gaitza abiapuntu duela idatzi du Iñaki Segurolak 'Koiteretzia' eleberri dialogikoa

 

Arte[faktua] 146: Covid-19 gaitza abiapuntu duela idatzi du Iñaki Segurolak ‘Koiteretzia’ eleberri dialogikoa

Arte[faktua] literatur saioa ETBn