Arte[faktua] 131: Kattalin Miner eta bere ‘Turista klasea’, larunbatean gurean
Arte[faktua] 131: Kattalin Miner –
Kattalin Miner elkarrizketatuko du Yolanda Mendiolak larunbat honetako ‘Artefaktua’n, eta ‘Turista klasea’ (Susa) idazlearen azken eleberria izango dute hizpide, besteak beste. Parisera lagun presoari bisitan doakion pertsonaiaren ibilbidea kontatu du konfinamenduan zehar idatzitako liburu honetan. Eta, hain zuzen, istorioko kokalekua den Hendaiako geltokian egingo diote elkarrizketa Minerri.
Saioko atalei dagokienez, Mikel Babiano itzultzaile zumarragarrak Mikhail Jurievitx Lermontov-en ‘Gure garaiko heroia’ liburua gomendatuko digu.
Bestalde, “Letren bidaia” erreportajean Ibon Larrazabal idazlearekin eta Aritz Branton Booktegiko arduradunarekin plataforma digitalen balioaz hitz egingo dugu, azkenaldian idazle berri zein idazlan desberdinak deskubritzeko tresna bikain bihurtu direnak.
Eta amaitzeko, Ikusi Mikusi Azokaren lehen edizioaren aurkezpen bideoa ikusi ahal izango dugu. Urriaren 8tik 9ra Sara herrian egingo da euskarazko haur eta gazte literatura protagonista izango duen ekitaldia. Bertan, 6-12 urte bitarteko haur bakoitzak 15€-ko bonoa izango du nahi duen liburua eskuratzeko. 6 urtetik beherakoek, berriz, ZTK argitaletxearen stand-ean hartu ahal izango dute euren gustuko liburua.
Hau guztia, saioa osatzen duten beste atalekin batera, larunbatean, arratsaldeko 12:55ean, ETB1en.
Arte[faktua] 131: Kattalin Miner eta bere ‘Turista klasea’ larunbatean gurean