Arte[faktua] 108: Leire Bilbao eta bere ‘Etxeko urak’, larunbat honetako ‘Artefaktua’n
Arte[faktua] 108: Leire Bilbao –
Leire Bilbao idazle ondarroarra izango da aste honetako ‘Artefaktua’n protagonista. Helduentzako argitaratu duen hirugarren poesia liburua izango dugu hizpide: ‘Etxeko urak’ (Susa). Bere esanetan, amatasunetik idatzi du liburua, baina ez da amatasunari buruzkoa. Bilbao, egun, Durangon bizi da, beraz, bertako Olajauregi hotelean elkartuko da Yolanda Mendiolarekin.
Saioaren erdialdean, Goizalde Landabaso batuko da Bilbao eta Mendiolaren arteko solasaldira. Landabasok Bilbaoren liburuaz duen iritziaz gain, konpartitzen duten begirada poetikoaz edota euskal emakume poeta izateak dakarrenaz arituko dira.
Aste honetan, ‘Artefaktua’n, Letren bidaia izeneko erreportaje laburren atala estreinatuko dugu. Hasteko, ‘Letren izurria Harkaitz Canorekin’ izenekoaz gozatzeko aukera izango dugu: Nola eragin dio pandemiak berari eta, oro har, letrei? Zein eta nolakoa izan da egoera honek ekarritako uzta?
Bestalde, Apalategia tartean, Nerea Ibarzabal bertsolariak bere liburu kutunen berri emango digu.
Horretaz gain, Zumaiako kaleetan barrena ibiliko gara bertakoen irakurketa ohitura nahiz zaletasunen berri izateko.
Hau guztia, saioa osatzen duten Galdetegia, pitxiak, nobedadeak eta liburu-denden gomendioekin batera, larunbatean, arratsaldeko 12:50ean, ETB1en.