Artearen funtzioaz edo
Beste izenburu arruntago bat ere ukan zezakeen zutabe honek, baina behar ez den lekuan oihartzun gandiagarrak sor ditzake Asteburu bat Madrilen izendatzeak eta utz dezagun, bada, bere horretan, Artearen funtzioaz edo, mesede handia egin baitit Madrilen asteburu batez arte kontuetan murgildurik ibiltzeak, batiz bat, oraindik ere arteak bere lekua ukan dezakeela pentsatuz itzuli bainaiz handik. Eta ez nintzen joan pentsamendu berarekin, egia esan behar bada.
Beste askok bezala, ARCO arte garaikidearen azoka izaten dut aitzaki azken dozenaka urteetan, ia hutsik egin gabe bertaratzeko. Baina egia esan behar badut, azken urteetan jada ez dit gehiegi eragiten azoka horrek. Birjintasuna aspaldi galdu genuelako edo, jada ia ezerk ez dit ukitzen barneko haririk, ez behintzat lehenago bezala.
Urtea joan eta urtea etorri, Baconen koadro baten aitzinean sentitzen genuen lurrikara hura, edo Bill Violaren bideolanek eragiten ziguten gozamena, urruti geratu ziren. Batzuetan iruditzen zait dena irentsi duela dekorazioaren edergintzak, zurtz utziz arteak lehenago zeukan zeregin hura guztia: ikuslea harrapatu eta plastilina bailitzan, zauritu, mindu edo gozatu, edota guztiak batera eta gehiago.
Aurtengo edizioan esaterako, apenas aurkitu dudan gauza aipagarririk, eta begiak jolasean utzi ditut libre, nahi zuten lekura joan zitezen hainbeste lan aldi berean ikusteak eragiten duen mozkorraren erdian. Eta beti pausatu izan zaizkit leku beretsuetan, egia esan. Urte batean bai eta aurten ere bai.
(Pedro Cabritas Rei-ren lan bat)
Zergatik gustatzen zaidan ez dakidan lanen baten egilea nor den begiratzen dut, eta a bai, iazkoa bera dela egiaztatzen dut: Pedro Cabrita Reis, portugaldarra. Halaxe gertatu zait bizpahiru artistarekin, denak kutsu berekoak eta zergatik ditudan gogoko ezin asmatuko nituzkeentakoak orobat. Urte batean bai eta hurrengoan ere bai, ez dakidalarik zergatik, begiak libreen uzten ditudanean, edonora joateko baimena ematen diedanean, beti leku beretsuetan pausatzen dira aluok.
Jakina, euskal galeriek zer eramaten duten ere begiratzen dut eta, zer esanik ez, euskal artistek daroatena. Aurten elkar ezagutzen ez duten bi artistaren arteko lotura egitea egokitu zait, gainera, biak ala biak lan arras desberdina egiten dutenak. Bat neure adineko gasteiztar madrildartua da. Ez zuen aurten ARCON lanik —esan dezagun Baselgo azokan saltzen duela gehien galeria alemaniar baten eskutik—, Alfredo Alvarez Plagaro du izena, uste dut ARCOn 84an lehenengo bider erakutsi zuenetik ezagutzen dugula elkar, eta lagunak ere bagara aspaldi haietatik. Bigarrena gure gazte ausart eta indartsuenetakoa da, zuzeularia, endemas: Alain Urrutia.
(Plagaro eta Urrutia)
Atomikoa da Alain, eta adina eta jardueragatik dagokion eran, diskurtso oldartsua egin zigun aurten erakusten duen lanetako baten funtsa agertzeko. Pietá moduko bat da, lan ikaragarri ederra eta proposatzailea. Mamia duela erakusten dakien horietakoa.
(Urrutiaren Errukia)
Ederra da Alainek dioskuna, bere adierazpenekin artelanak are pisu eta garrantzi handiagoa hartzen du, baina Alfredori eta bioi irria loratzen zaigu aurpegian. Alde egiten dugunean esaten dit bera halakoxea zela Alainen adina zeukanean, indarrez betetako hitzak erabiltzen zituela bere lanari laguntzeko. Eta bai, Alain bezalakoa zen Alfredo, eta da oraindik ere. Zin dagit.
Bigarren egun batez ere joan naiz azokara eta pozez ikusi dut Alainen lan asko falta direla zintzilik zeuden lekuetatik eta beste askok saldutakoaren puntutxo gorria dutela ondoan ezarririk, baina, orohar, bigarren bisitaldiak ere ez dit beste mundukorik erakutsi ARCOn, ez, behintzat, edergintzatik harantzagoko gehiegirik.
Eta halatan, Reina Sofia museora ere joan nintzen Cristina Iglesias donostiarrari eskainitako erakusketa handia ikustera. Haren ostetik, Pello Irazuren erakusketa ere ikusi nuen Moises Perez Albeniz galerian, Iruñetik Madrila oraintxe joan berri dena, Iruñean negoziorik ez eta.
(Bi erakusketa hauek eta ikusitako beste batzuk, hurrengo batean aipatuko ditut, izatekotan, beste bat baitu helburua zutabetxo honek).
Fourquet doktorearen kalean nebilen, bada, gora eta behera, oharkabean Helga de Alvear galerian sartu nintzenean, noren lana erakusten zuten begiratu ere egin gabe. Eta halako batean, Francoz geroztikako Espainiako presidente guztien erretratu handi batzuen erdian aurkitu nuen neure burua. Espainiako erregea ere hantxe zen, denak bezala, buruz behera jarrita, Baselitz-ek egiten duen eran. Zer demonio da hau?, pentsatu nuen.
Bat batean, esanahi handiko zerbaiten aitzinean nintzela ohartu nintzen, batez ere, ondoko gela batean zuri beltzezko film bat ikusi nuenean. Funtsean Mercedes markako auto beltz batzuk osatutako karabana bat zen Madrilgo kale esanguratsuenetan. Autoetako bakoitzak, koadro bana zeraman gainean jarrita (buruz behera, hemen ere), eta hondoko musikak Stalinen garaiko martxa militar bat zirudien. Areto hartako neure ezjakinetik begiratuta, ikuskizuna aparta zen, benetan. Biloak xut jarri zitzaizkidan. Handia zen hura, egiazki. Artearekin bizi izan dudan esperientzia hunkigarrienetako bat, ezbairik gabe.
Jakinmina asetu nahirik, informazio bila joan eta berehala ohartu nintzen han gertatzen zenaz. Erakusketaren izena: LOS ENCARGADOS zen eta egileak, ostera, Joge Galindo eta Santiago Sierra.
Ezin zuen izan bestela. Obra politiko itzel baten barnean nintzen, Espainiak bizi duen egoera negargarriaren erabilera zorrotz bat egiten zuena, izenburutik beretik. Erakusketa ez da deitzen LOS CULPABLES edota LOS RESPONSABLES. Ez, deitzen den bezala deitzen da gaztelaniaz dauzkan konotazio guztiekin: LOS ENCARGADOS.
Goyaren fusilamenduekin zuzen-zuzenean konektaturik, Picassoren Guernicarekin, Anselm Kieferren eta beste hainbaten lanekin… edergintzaz haragoko zeregin handia ukan dezake arteak, bai, ona denean.
Finean, ez nizun besterik esan nahi, aholkua onartzen badidazu eta aukera baduzu, joateko ikustera. Helga de Alvear arte galerian duzu ikusgai eta bizigai, martxoaren bira artean.