Arteak Ireki: “Ez gara etxera joango, eta ez diogu jotzeari utziko”
Arteak Ireki Plataformak tabernek aurrerantzean hilabetean ikuskizun bat antolatu ahal izango dutela salatu du performance ikusgarri batekin. “Eusko Jaurlaritzagatik balitz, The Beatles ez litzateke existituko, ze, mundu guztiak dakien moduan, taberna batean hasi baitziren”.
Jendaurreko ikuskizunen eta jolas jardueren EAEko lehenengo erregelamendua onartu zuen Eusko Jaurlaritzak otsailaren 5eko Gobernu Bileran. EAEko udalerri guztietako lokal eta tabernei eragingo die, eskaintza kulturalari dagokionez mugak ezarriz: aurrerantzean hilabetean ikuskizun bat antolatu ahal izango dute, urtean hamabi gehienez. Erregelamenduak ez du salbuespenik onartzen, eta adibidez, herriko jaietan ere muga berbera ezarriko da.
Hainbat artista, tabernari, musikari… haserre azaldu dira eta honi erantzuteko antolatzea erabaki dute Arteak Ireki Plataforma sortuz. Sare sozialak astindu ostean, lehenengo aldiz agerraldi publikoa egin dute plataformako kideek ikuskizun forma hartu duen elkarretaratzean. “Geure lanpostuak babesteak batzen gaitu, kultura sortzen duten eragileak duintzeak, eta kultura, bere kultura, arrazoirik gabe erasotzen ari zaizkion gizartearen ezinegonak”, azaldu dute Miren Narbaizak eta Iker Zubiak.
Eusko Jaurlaritzak, azken erabaki honekin, gure gizartearentzat “hain inportantea den zerbaitekiko mespretxua” erakusten duela salatu dute.
Duela urtebete Gasteizko Udalak martxan jarri zuen legediarekin haserre azaldu ostean -legedi honek taberna eta lokaletako emanaldiak urtean 24ra murritu nahi zituen- oraingoan haserreagoa azaldu dira. “Murrizketa honek uda parteko zuzeneko emanaldiren bat bertan behera uztea eragingo du, edo, nork daki, herriko, auzoko edo hiriko jaietakoren bat. Horregatik, hau galdetzen diogu geure buruari: Zer gertatuko da Gasteizko Jazzaharrean edo Zornotzako Haizeetara jaialdiekin?“.
Argitu nahi izan dutenez, dekretuak ez die kontzertu edo musika emanaldiei bakarrik eragingo, baita antzerki, bertsolari, DJ sesio edota erakusketei ere. “Gerta liteke eliz atarietako abesbatzen emanaldiak ere gutxiagotan egin behar izatea”. Artistetaz aparte, dekretu hau komertzio txikiari, tabernei egindako erasoa dela uste dute. Izan ere, emanaldi gehienak doako sarrerarekin izaten direla nabarmendu dute, eta ostalariek honetatik diru-sarrera txiki baina inportante bat ikusten dute honetan.
Turismoari egindako erasotzat ere definitu dute dekretua, Euskal Herriak kanpora begira ematen duenari: “Gurera etorri izan den kultura sortzen duen jendeak euren lurrera hemengo herrien, hirien eta kultura-zirkuitoen izenak eramateari utziko diote”. Zentzu honetan, ezin dute festibal handien garapena ulertu leku txikietan hasi eta garapena bermatuko duen bertako eszena babestu gabe. “Dekretu honen moduko neurriak beharrean, elkarrekin eraikitako estrategiak behar dira”.
Arteak Ireki plataformatik ‘Kultura-Espazioen’ kategoria bat sortzearen alde egiten dute, edukiera txikiko espazio kultural berezi hauek babesteko bideak martxan jartzeko, betiere auzokoekin elkarbizitza bermatuta. “Formatu txikiko arte eta musikarentzako arautegi arau-esparru berri bat lortu behar dugu. Bartzelonako Udala zentzu honetan ari da arautzen eta egungo errealitatera moldatzen: zuzeneko emankizunak bultzatu nahi ditu, urtean, gutxienez 40 izateko”, azaldu du Narbaiza bozeramaileak.
Hala ere, dekretu honetatik ez dute kritikatzen ez ordutegiak erregulatzea, ezta auzokideekin kontziliatzea ere, “gu ere auzokide baikara”. “Atezain edo segurtasunekoei buruzkoak arautzea ere ez dugu kritikatzen, ezta sarreren salmentari buruzkorik ere. Ez dugu zalantzan jartzen. Baina, zer zerikusi dauka horrek urtean egin daitezkeen zuzeneko emanaldien kopuruarekin?”, galdetu dute.
Evaristo, Benito Lertxundi, Anari, Berri Txarrak, Jon Maia, Gorka Aginagalde, Kepa Junkera, Ramon Agirre… Denak tabernetan hasi zirela gogoratu dute. “Eusko Jaurlaritzagatik balitz, The Beatles ez litzateke existituko, taberna batean hasi baitziren”.
Sorkuntzak defendatzeko deia
Amaitze aldera, Eusko Jaurlaritzako Kultura Saila eta bere arduradun nagusi Bingen Zupiriari, zein Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako Udaletako kultura zinegotziei bidegabekeria honen aurrean mintza daitezela eskatu diete.
Ostalaritza sektoreari, berriz, dei egiten diote gerta daitekeenaren aurrean adi egon daitezen. Izan ere, eurak izango baitira isunak jasoko dituztenak araudia bete ezean.
Bertako eragile kultural guztiei euren sorkuntzak defenda ditzaten eskatu diete eta euskal gizarte osoari dei egiten diote bere kultura eta honetaz gozatzeko eskubidea defenda dezan.
Ateak Ireki Plataformako kideek argi dute: “Ezin dugu kultura arazo moduan ulertu. Kulturatzat museoetan, erakusketa geletan eta ikuskizun komertzialetan dagoena dela besterik ez badute hartzen, gobernu honek kultura zer den ez dakiela erakusten digu”. Gainera, beraien herri eta jendearen ezagutzan “analfabeto hutsak” direla erakusten dutela uste dute.
“Ez gara etxera joango, ez dugu etsiko eta ez diogu jotzeari, antzezteari, kantatzeari edota dantza egiteari utziko. Eta hemen eta orain egingo dugu”, esan dute agerraldia amaitzeko.