Arrasateko Kulturatea
Arrasateko Kulturatea –
Iraila heltzearekin batera, hilabete barru, Arrasaten “Kulturate akustikoa” zikloa jorratuko da, hamaikagarrenez. Guztira sei taldek joko du bi asteburutan, irailaren 6tik 15era, euskaldunak zein Euskal Herritik kanpokoak. Zuzeneko guzti-guztiak iluntzeko 20.00etan izango dira.
.
DE VACAS (irailaren 6an, ostirala)
Lau behi dira, abestu eta barre egiten duten behiak. Erreketako ura bezain freskoa den ikuskizuna dute aurkezgai; eta oholtza gainean gozatu egiten dute, parean duten entzulegoari ere goza arazteko. Ahots harmoniak egiten dituzte gitarraren laguntzarekin, eta besteak beste Cristina da Aguieira eta Monica da Laranxeiraren ahotsetan ezagunak izan diren olerki galiziarrak berrirakurri.
.
HAKIMA FLISSI (irailaren 7an, larunbata)
Hakima Flissi argeliar jatorria duen bilbotarra da, iluntasunetik argirantz datorrela dioena. Egia esan, geldiezin eta dirdira bereziz dator, 2018an Gazteako Maketa Lehiaketa irabazi eta Bilbao BBK Liven jo eta gero. Neosoula abesten du, eta musika urbanoak ditu maite, eta bere talentu naturalarekin entzulea txunditzeko gai da. “Music is God” du besoan daraman tatuajea: musika da Jainkoa.
.
LUMI (irailaren 8an, igandea)
Nahia Zubeldia eta Manu Matthysek osatutako bikote lapurtarrak “Itzal zikinak” lehen disko luzea plazaratu du Moi Moi Recordsen, 2015eko lehen EPa bezala. Disko honetan, kontua ez da gehiago boz naturala eta makina sintetikoak elkartzea, baizik eta biez bat egitea, nahasbideak ekartzea, bien arteko muga oro ezabatzea, eta entzulea amets mundu ezezagunean murgiltzea; analisia eta ulermen xede oro utzi eta emozioan sartzeko deia.
.
INUN (irailaren 13an, ostirala)
Mikel Inuntziaga kantagileak gaztaro osoa darama musikari lotua. Bakarka zein hainbat musikarirekin era askotako proiektutan ibili zen 2014an bere lehen diskoa kaleratu arte, “Berreginez izenekoa”. Ordutik, beste bi disko kaleratu ditu musikari bizkaitarrak: “Da nola” (2016) eta “Aingurak” (2018). Azken urteotan gelditu gabe dabil zornotzarra, bandan zein formatu akustikoan, Euskal Herrian zehar zuzenekoak ematen.
.
LOS HERMANOS CUBERO (irailaren 14an, larunbata)
Tristura mina onartzeko modua omen da cuberotarren esanetan, baita arindu edo osatzekoa ere. Eta kantatzea, penak uxatzekoa. Halaxe egiten saiatzen dira Enrique eta Roberto Ruiz Cubero anaiak, bietako baten emaztea minbiziak jota bapatean zendu zenetik. Guadalajarako bikoteak bluegrassa eta jotak ditu maite, eta folk musika jotzen du, gazteleraz kantatua. “Quique dibuja la tristeza” dute azken lana, iaz plazaratua.
.
CLUB DEL RIO (irailaren 15ean, igandea)
Esteban de Bergia, Álvaro Ayuso, Juan Serra, Juan Feo, Adriano Pezzi, Jacobo de la Viña eta Álvaro Baños dira Club del Rio, haurtzarotik lagun den zazpikotea. Musika zale sutsuak izanda, soinuan aurkitu dute beraien adierazpidea, gitarra akustikoak joz eta ahots harmoniak eginez, latinoamerikako kantari handien eta folk anglosaxoiaren moldera. Madriletik datoz eta 2018ko “Sustancia” dute azken lana.
Arrasateko Kulturatea