Arnasa itoaldian
Arnasa itoaldian –
Duguna – Iruñeko dantzariak, dantzan.eus atarian.
Arraro doa 2020.a. Koronabirusak hankaz gora jarri dizkigu aurtengo planak —eta heldu deneko batzuk— eta ahal bezala egiten ari gatzaizkio aurre egoerari: Itxialdi garaian nor gure etxetik entsaiatzen eta gero, ekainean, maskarillekin eta aire zabalean. Gure usaietatik urrun, edozein gisaz. Bertan behera geratu zaizkigu ilusioz itxoiten genituen hainbat emanaldi: Baigorriko Nafarroaren egunekoa, Oñati eta Iurretako dantzariekin Iruñerako prestatuta genuena, Bilboko Santutxu kolorekoa, Sanjuan bezperako soka-dantza, Sanferminetako gure emanaldi kuttunak, Boiseko Jaialdirako bidaia, Oñatz taldearen urteurrenekoa Oñatin… eta okerrena da ez dugula egoera honetan argirik ikusten tunelaren akaberan. Itolarriak ere hartzen gaitu sobera pentsatuz gero.
Hala ere, itoaldi horretan arnas hartzeko aukeratxoak ere izan ditugu. Haize freskoa maskarillapeko sargorian. Batetik, Sanfermin garaian zabaldu ditugun trokeo-dantzen bideoak grabatzeko elkartu gara ekaina bukaeran eta bestetik, uztailaren 5ean emanaldia ere izan dugu, Iruñeko Ziudadelan, udal gaitari, txistulari eta dantzariok, denok elkarrekin.
Bertan behera utzi behar izan ditugun gure emanaldien arantza nolabait ateratzeko, soka-dantza eta trokeo-dantzak eman ditugu bertan, zorretan utzitako dantzak alegia. Lehen parte batean makil-handien, arkuen eta brokelen dantzak eman ditugu.
Txistulari eta gaiteroen zenbait pieza ederrekin gozatu ahal izan ditugu belarriak tartean, ondotik, beste dantza sortatxo bat eman aitzin. Makil-txikien eta zinten-dantzak eman ditugu bata bestearen gibeletik. Gertatu izan da, dantzen bitartean, disimuloan, dantzariek madkarilla pixka bat altxatzea, arnasa sakon hartu ahal izateko. Emanaldi honen metafora hoberik ez zaigu okurritzen.
Udal gaitariekin emandako dantzen ondotik, gure soka-dantzaren moldaketa bat egin dugu —ezin baikenuen dantzara kanpoko inor gonbidatu— udal txistularien laguntzarekin.
Bost hilabeteren buruan —Otsaila hasieran egin genuen gure hondar emanaldia— oraindik dantzan oroitzen garen soseguarekin, ondoko maskarillapeko arnasaldiaren zain geratzea baino ez dugu. Izan dadila berandu baino, garaiz.
Bitartean, Ziudadelako emanaldian Malkovich eta Ander Luquinek hartutako argazkiei so geratuko gara:
Arnasa itoaldian