Arantzazu idazkera ederraren artean murgilduko da
Arantzazu idazkera ederraren artean murgilduko da –
Arantzazuko Gandiaga Topagunea kultura zentroak Kaligrafia Jardunaldien 5. edizioa hartuko du uztailaren 19 eta 20an, bihartik aurrera.
Jardunaldiak ‘Arantzazu Letraz Gunea’ proiektuaren barruan antolatuta daude, eta bi egunetan zehar egingo dira. Hala, Arantzazu Gaur Fundazioaren eta EHUko LETRAZ Diseinu Grafikoko eta Tipografiako Ikerketa Taldearen artean 2015ean hasitako lankidetzak bere bidea egiten jarraituko du.
Eskuzko idazkeraren zaleek begiz jota dituzte Arantzazuko kaligrafia jardunaldiak. Izan ere, partaide kopuruz mugara iritsita dator bosgarren edizioa, egun gutxiren buruan bete baitziren parte hartzeko 20 plazak. 2015etik hona, hitzorduak arrakasta handiz lantzen du idazkera ederraren artea, eta Arantzazu dagoeneko erreferentziazko leku bilakatu da kaligrafia lantzeko. ‘Arantzatzu Letraz Gunea’ proiektuko sustatzaileek antolatuta, Tamayo Arrasateren babesletzarekin eta Caligrafía Bilbao estudioko Bego Viñuelaren laguntzarekin, lantegiak aukera ezin hobea emango du kaligrafia ezagutzeko, lantzeko, sustatzeko eta esperientziak trukatzeko.
Aurtengo jardunaldiek bi letra mota landuko dituzte: karolina eta humanista. Karolina letrak VIII. mendearen amaieran du jatorria. Kaligrafia forma horrek Karlomagnoren bultzada izan zuen bere sorreran. Unibertsala eta irakurterraza izan zedin egin zuten. Harmonian eta irmotasunean oinarrituta, letra ederra osatu zuten. Erabilera Europa osora hedatu ostean, mendeetan erabilia izan zen.
Halaber, Humanismoaren garaiko ordezkariek humanista deritzon letra motari heldu zioten beren idatzietan. Argitasuna, edertasuna eta elegantzia ditu ezaugarri nagusiak. Inprimatzeko lehen prentsa makinen eskutik iritsi zitzaion zabalkunde soziala. Horretarako, letraren formak modelatu behar izan zituzten. Karolina eta humanista letra motak uste baino biziago daude ekosistema grafikoaren esparru inprimatuan eta kaligrafikoan. Izan ere, biak dira idazkera garaikidearen oinarri zein abiapuntu.
Bosgarren edizioari uztailaren 19an, ostirala, emango diote hasiera, arratsaldeko 16:00etan; eta uztailaren 20an, larunbata, amaituko da, arratsaldeko 19:00etan. Aurtengoan, Ivan Castro kaligrafo ospetsuak gidatuko ditu jardunaldiak. Bartzelonako kanpoaldean jaio zen 70eko hamarkadako amaieran, eta kaligrafia eta lettering-a ditu ogibide. Bartzelonatik gertu du bere estudioa. Handik, nazioarte mailako proiektuetan aritzen da lanean, kaligrafo zein diseinatzaile grafiko gisa. Estudioko lana irakaskuntzarekin uztartzen du Castrok. Elisava, BAU eta Visions eskoletako irakasle da. Zenbait liburu ere argitaratu ditu. Horien artean, aipatzekoak dira ‘The ABC del lettering: una guía para el dibujo de la letra’ eta ‘Lettering a tope’ lanak. Kataluniarrak Joan Quiros (2018), Oriol Miró (2017 eta 2015) eta Bego Viñuela (2016) sona handiko kaligrafoen lekukoa hartuko du aurtengoan.