‘Apaiz Kartzela’ dokumentala zinema aretoetan
‘Apaiz Kartzela’ dokumentala zinema aretoetan, azaroaren 26an –
Frankismoaren aurka altxatutako abadeak zigortzeko sortutako munduko apaiz kartzela bakarrari buruzko dokumentala aurkeztu du Maluta* Films ekoiztetxeak. Azaroaren 26an ekin dio bide komerzialari APAIZ KARTZELA (2021) dokumentalak. Bilbo, Zamora, A Coruña, Ferrol eta Lleida hartu dituen aurkezpen bira baten ostean, Donostiako Principe aretoan izango da ikusgai abenduaren 22tik aurrera, egunero, 19:30etako saioan.
Donostiako Giza Eskubideen 18. Zinemaldian aurkeztu ondoren, Ritxi Lizartzak, David Pallaresek eta Oier Aranzabalek zuzendutako Apaiz Kartzela dokumentala azaroaren 26an estreinatuko da zinema aretoetan. Lanak munduko apaizentzako kartzela bakarra, Vatikanoa eta Francoren artean Zamoran sortutakoa, izango du hizpide, eta frankismoaren zapalkuntzaren aurka erreakzionatu zuten apaizen borroka ekarriko du gogora, protagonisten beraien kontakizunetik abiatuta.
1968 eta 1976 artean 50 bat apaiz (gehien-gehienak Euskal Herrikoak) kartzelatu zituzten Francisco Franco diktadorearen errepresioaren aurkako jarrera erakusteagatik. Sermoietan diktaduraren zapalkuntza salatzeagatik hamabi urteko kartzela-zigorrak jaso dituzten abade horiek nekez ahaztuko dituzte nazioarteko komunikabideetako albistegiek 1973. urtean eman zituzten mutinaren irudiak. Izan ere, Zamorako (Espainia) konkordatu-kartzelari su eman zioten bertan preso zeudenek.
Honako hau mundu osoan izan den apaiz kartzela bakarraren historia da, Francoren diktadura faxistaren eta Vatikanoaren arteko konkordatua zela eta sortutakoa. Eskubide zibilak defendatzeagatik kartzelatuak izan eta tunel bat eginda ihes egiten saiatu ziren apaizen historia. Hamarkada batzuk beranduago, diktadorea aspaldi hil zen arren, gure protagonistek eutsi egiten diote memoriari, gertatutako guztia ahanzturan eror ez dadin.
Izan ere, luzea da Zamorako espetxean preso egondako abadeen zerrenda, eta horietako askoren testigantzak bildu dira dokumentalean: Xabier Amuriza; Josu Naberan; Juan Mari Zulaika; Eduard Forne?s; Julen Kaltzada; Jon Etxabe; Periko Solabarria; Periko Berrioategortua; Juan Mari Arregi; Martin Orbe; Felipe Izagirre; Lukas Dorronsoro; Vicente Couce; Nicanor Acosta; Mariano Gamo; Josep Maria Garrido; Andreu Vila; Jose Antonio Calzada; Lukas Dorronsoro; Mikel Zuazabeitia eta Pablo Muñoz.
Diktadorearen gehiegikeriei gogortasunez aurre egin zieten abade haiek ez dute justiziarik ezta errekonozimendurik jaso kartzela zabaldu zenetik igaro diren 50 urte hauetan. Izan ere, espainiar Estatuan memoria historikoa konpondu gabeko kontua da oraindik ere. Maria Romilda Servini epailea da horren lekuko. Argentinarrak Franco diktadorearen krimenen kontra planteatutako kereilaren parte dira Zamorako kartzelan preso egondako 16 abade ohi.
Garai latz haietan bere gizartearen aldeko konpromisoari irmo heldu zioten abade haien bizipenak berrituko ditu filmak. Belaunaldi berrientzat ezezaguna baita Zamorako apaiz- kartzelaren historia, eta, askotan esan diguten moduan, ezezaguna izateaz gain, kontatu gabe ere baitago.
“Jazo zen garai hartan, 1965–1967 aldean, oso entzutetsua izan zen; besteak beste, orduan gertatutako beste auzi politiko batzuekin lotura izan zuelako: Burgosko Prozesua, esaterako. Baina gerora -demokrazia garaian- ematen du, adin batetik gorakoengatik ez baldin bada, ez litzatekeela gogoratuko. Jendeak ez du ezagutzen 1968–1976 artean Zamoran apaizentzakokartzela bat egon zenik”, azaldu du Ritxi Lizartza zuzendariak.
Bada, 35 elkarrizketa egin dira orotara, eta guztiak bildu dituzte dokumentalean: “Uste dugu horien bitartez benetan kontatzen dela historia, eta uste dugu demokrazia aurreko ikur nagusienetako bat deskubrituko diogula publikoari”. Protagonistei eman diete hitza, eta beren ahotsaren bidez, ikusleek apaizen sentimenduak ezagutu eta jasan zutena ulertzea dute helburu: “Espero dugu filmak, polemika baino, zeresana sortuko duela. Ez baitugu hori bilatzen, baizik eta historia gizarteratzea”.
Apaiz kartzela filma Apaizak AIEk zein Donostiako Maluta* Films ekoiztetxeak sustatutako lana da, Azaroa Films eta Zabriskieren ekoizpen elkartuarekin, EITBren parte-hartzearekin, Gogora Institutuaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Otxoa de Baraindika Fundazioaren, Etxepare Institutuaren laguntzarekin, eta BERRIAren, ZUZEUren eta IRUTXULOKO HITZAren babesarekin.
Ritxi Lizartzak, David Pallaresek eta Oier Aranzabalek bete dituzte zuzendari lanak. Xabier Etxeberriak eta Martin Etxeberriak, Miguel Angel Elustondok eta Jon Mikel Aldanondok sinatu dute gidoia, eta Maialen Sarasuak burutu ditu edizio lanak. Halaber, Kote Camachok sortu ditu animazioak eta Joserra Senperenarenak dira doinuak. Azkenik, Alex Argoitiak landu du irudi postprodukzioa, eta MEDIAVOX estudioetan jorratu dituzte soinu-nahasketak.
…
‘Apaiz kartzela’ filma Edinburgon eta Venezuelan lehiatuko da, Euskal Herriko zinema aretoetan estreinatu ondoren
Pasa den ostiralean zinema aretoetara iritsi zen Zamorako abadeentzako kartzela frankistari buruzko historia kontatzen duen dokumentala. Nazioartean ere proiektatuko dute, Edinburgon eta Venezuelan kasu.
URKO APAOLAZA Argia @urkoapaolaza
Frankismo garaian errepresaliaturiko abadeen historia kontatzen duen Apaiz Kartzela dokumentala Euskal Herriko zinema areto nagusietan da ostiralaz geroztik. Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian aurkeztu zuten filma, joan den apirilean, eta orain jende guztiarentzat dago ikusgai.
Oier Aranzabal, David Pallarés eta Ritxi Lizartxaren lanak Zamorako apaiz kartzelan giltzapetutako abadeen bizipenak kontatzen ditu, frankismo garaian zigortuak, erregimenaren zapalkuntza salatzeagatik. Erromako Eliza Katolikoarekin Espainiako Gobernuak 1953an sinaturiko konkordatuaren baitan, abadeentzako berez sorturiko munduko kartzela bakarra izan zen eta 1968. Urtetik 1976ra bitartean dozenaka apaiz izan ziren bertan, gehienak euskaldunak.
Dokumentalak, Euskal Herrian estreinaldi komertziala egin ondoren, Edinburgora bidaiatuko du abendu honetan, pandemiaren ondorioz iaz bertan behera geratu zen Close: Up Edinburgh Docufest jaialdian aurkezteko. Gainera, Venezuelan egiten den Giza Eskubideen Nazioarteko zinema jaialdian ere hartuko du parte.
Alberto Gabikagojeaskoa lehen apaiz presoa, Jon Etxabe, Josu Naberan, Xabier Amuriza, Juan Mari Zulaika, Juan Mari Arregi eta orduko beste protagonista askoren ahotsa jasotzen du filmak, haietako zenbait, gainera, Zamorako kartzela zaharraren hormak gurutzatu dituzte berriz, dokumentala grabatzeko.
Hasieran, anonimotasuna mantendu nahi duen apaizetako baten eskuak ageri dira, garai haietan grabaturiko irudi batzuetan: “Eskua soilik erakusteak botere metaforiko handia ematen dio apaiz guztien eskabideari, kontraesankorra badirudi ere, erakusten ez denak indar handiagoa lortzen duelarik”, idatzi du Zinea.eus-eko kritikan Txomin Lasak. Estetika eta politika, biak kontu bera direla adierazten du horrek, bere esanetan.
Abadeei eskertza
Dokumentala estreinatzearekin batera, “Gogor” izeneko taldean bildutako abadeek egindakoa gogoratu eta eskertzeko ekimenak ere izan dira –besteak beste, 1968ko Derioko Seminarioko eta Bilboko Gotzaindegiko itxialdi sonatuak burutu zituzten–. 2019ko abenduan, Durangoko Azokako Irudienean omenaldia jaso zuten, Apaiz kartzela-ren “work in progress” emanaldian.
Orain, berriz, kristau kolektiboak izan dira haien borroka aitortzeko beharra azaldu dutenak. Herria 2000 Elizak, Kristau Elkarte Herritarrak eta Euskal Herriko Apaiz Koordinakundeak oharra kaleratu dute: “Gogor taldeak benetako euskal teologia narratibo subertsiboa gauzatu zuen”, diote, eta horren ordaina izan zen urtetan iraun zuen kartzelaratze “doilor eta umiliagarria”. Horregatik guztiagatik eskertu nahi dituzte elizaren inguruko kolektibo horiek apaiz antifrankistak: “Haiekin eta biktima guztiekin konprometituta sentitzen gara, euskal Elizatik, memoriaren, askatasunareen eta justizian oinarritutako bakearen alde”.
Spanish is different: a principios de los años 60, y con el Concordato con la Santa Sede recién firmado, el régimen franquista hizo algo nunca visto en el mundo: crear una cárcel para curas. La entrevista de @Juan Carlos Monedero a Ritxi Lizartza #EnLaFrontera593.
Bele horietako batzuk betirako barruan gelditu behar izan zituzten.
Bele ehiztariok Euskal Herriari egin diozuen kalteagatik bai egon beharko zinetela kartzelan, edo ehizatuak izan beharko zineten gehiagoko barik. Euskal apaiz jatorrak gurago antiklerikal burges txotxoloak baino.