Apaiz Kartzela
Apaiz Kartzela –
Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian estreinatuko da ‘Apaiz kartzela’ filma
…
Oier Aranzabalek, David Pallarèsek eta Ritxi Lizartzak zuzendutako Apaiz kartzela dokumentala 2021eko apirilean estreinatuko da Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian. Lanak Munduko apaizentzako kartzela bakarra, Vatikanoaren eta Francoren artean Zamoran sortutakoa, izango du hizpide, eta frankismoaren zapalkuntzaren aurka erreakzionatu zuten apaizen borroka ekarriko du gogora, protagonisten beraien kontakizunetik abiatuta.
Hilaren 29an, ostegunean, egingo dute aurkezpen emanaldia, eta filmaren lan-taldearekin batera, apaiz protagonistetako batzuk izango dira bertan. Besteak beste, Xabier Amuriza eta Josu Naberan. Halaber, prentsari eskainitako saio eta agerraldi bereziak egingo dituzte hilaren 28an, Antzoki Zaharrean (09:00etan) zein Victoria Eugenia Antzokian (11:00etan).
1968 eta 1976 artean 50 bat apaiz (gehien gehienak Euskal Herrikoak) kartzelatu zituzten Francisco Franco diktadorearen errepresioaren aurkako jarrera erakusteagatik. Sermoietan diktaduraren zapalkuntza salatzeagatik hamabi urteko kartzela-zigorrak jaso zituzten apaiz horiek nekez ahaztuko dituzte nazioarteko komunikabideetako albistegiek 1973. urtean eman zituzten mutinaren irudiak. Izan ere, Zamorako (Espainia) konkordatu-kartzelari su eman zioten bertan preso zeuden apaizek.
Honako hau mundu osoan izan den apaiz kartzela bakarraren historia da, Francoren diktadura faxistaren eta Vatikanoaren artean sortua konkordatua zela eta. Eskubide zibilak defendatzeagatik kartzelatuak izan eta tunel bat beren eskuez eginda ihes egiten saiatu ziren apaizen historia. Hamarkada batzuk beranduago, diktadorea aspaldi hil zen arren, gure protagonistek eutsi egiten diote memoriari, gertatutako guztia ahanzturan eror ez dadin.
Luzea da Zamorako espetxean preso egondako abadeen zerrenda, eta horietako askoren testigantzak bildu dira dokumentalean: Xabier Amuriza; Josu Naberan; Juan Mari Zulaika; Eduard Fornés; Julen Kaltzada; Jon Etxabe; Periko Solabarria; Periko Berrioategortua; Juan Mari Arregi; Martin Orbe; Felipe Izagirre; Lukas Dorronsoro; Vicente Couce; Nicanor Acosta; Mariano Gamo; Josep Maria Garrido; Andreu Vila; Jose Antonio Calzada; Lukas Dorronsoro; Mikel Zuazabeitia eta Pablo Muñoz.
Apaiz kartzela filma Apaizak AIEk zein Donostiako Maluta Films ekoiztetxe sustatutako lana da, Azaroa Films eta Zabrizkieren ekoizpen elkartuarekin, EITBren parte-hartzearekin eta Gogora Institutuaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Otxoa de Baraindika Fundazioaren, Etxepare Institutuaren laguntzarekin, eta BERRIAren, ZUZEUren eta IRUTXULOKO HITZAren babesarekin.
Oier Aranzabalek, David Pallarèsek eta Ritxi Lizartzak bete dituzte zuzendari lanak. Xabier Etxeberriak eta Martin Etxeberriak, Miguel Angel Elustondok eta Jon Mikel Aldanondok sinatu dute gidoia, eta Maialen Sarasuak burutu ditu edizio lanak. Halaber, Kote Camachok sortu ditu animazioak. Azkenik, MEDIAVOX estudioetan jorratu dituzte soinu-nahasketak.
EGITARAUA – Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian
- Asteazkena 28, 09:00etan. PRENTSA EMANALDIA (Antzoki Zaharra)
- Asteazkena 28, 11:00etan. AURKEZPEN PRENTSAURREKOA (Victoria Eugenia)
- Osteguna 29, 16:00etan. EMANALDIA (Antzoki Zaharra), apaizekin.
- zinemaetagizaeskubideak.eus/2021