Ane Ines Landeta eta Lorea Lyons zuzendarien ‘Azkena’ lana ZINEBI jaialdiko Sail Ofizialean

Ane Ines Landeta eta Lorea Lyons zuzendarien ‘Azkena’ ZINEBI jaialdiko Sail Ofizialean –

“Proiektu honek duen helburua amatasunaren inguruan dauden begirada, aurreiritzi, presio, onura eta beldurren arteko pultsua plazaratzea da”

Aurten, Zinebi zinemaldiak Ane Ines Landeta eta Lorea Lyons zinemagileek zuzendutako ‘Azkena’ film laburra hartuko du sail ofizialean. Elkarrizketa honetan, animazio-proiektu honi forma eman zioten alderdiak aztertuko ditugu, hasierako inspiraziotik hasi eta erronketaraino.

Zertan inspiratu zineten film labur hau sortzeko?

Ez dugu gogoratzen ideia hau eratzen hasi zen momentu zehatza, ezta “inposatutako” amatasunaren ideia gugan sakon sartu zen momentua ere. Beharbada, gure adina dela eta, amatasuna nahiko presente egon da lagunen artean, elkarrizketetan edo familia inguruan. Ikus-entzunezkoa eta artea gure adierazpen moduak direnez, ardura hauek guztiak animazio film labur baten bitartez irudikatzea bururatu zitzaigun. Kasu honetan, eta pertsonala politikoa den ideiari hurbilduz, gertuen daukagunarekin kontatzea erabaki genuen: gure ama eta amamen istorioak eta gure esperientzia pertsonala.

Zertan lagundu dizue (H)emen ekimenaren Aukera programan parte hartzeak?

Film laburra aurrera eraman ahal izatea izan da, dudarik gabe, Aukera programaren laguntza nagusiena. Mentoretza-saioei esker pauso handia eman genuen proiektuaren garapenean. Izan ere, emakume profesionalen aholkuei eta iritziei esker eman ahal izan genion behin betiko forma proiektuari. Gainera, gure kasuan Izaskun Arandiak hasieratik gugan izandako konfiantzari esker eta sarien bultzadarekin proiektuak argia ikusi ahal izan du.

Zein izan zen erronka/zailtasun nagusia obra hau gauzatzeko orduan?

Erronka nagusia, zalantzarik gabe, animazioa lantzea izan da. Film laburrak animazio digitala izateaz gain, eskuzko animazioa badu ere. Nahiz eta prozesu ederra izan, animazioak izugarrizko lana dakar eta proiektuaren ekoizpena animazioari egokitu behar da, bere denbora propioa eta tresna potenteak behar dituelako. Izugarrizko ikasketa-prozesua izan da.

Zinebiko sail ofizialean izango da ‘Azkena’. Nola jaso zenuten albistea?

Ane Ines Landeta eta Lorea Lyons zuzendarien ‘Azkena’ lana ZINEBI jaialdiko Sail Ofizialean proiektatuko da.Poz handiz! Etxean estreinatu ahal izatea albiste zoragarria izan zen. Film laburraren gidoia eta proiektua hasi genuenean, 2021. urtean, buruan genuen jada Zinebiko sail ofizialean estreinatzeko ametsa. Lotura handia izan dugu jaialdiarekin unibertsitatea hasi genuenetik, Zinebiren zuzendari ohi Vanesa Fernandezi esker.

Zer espero duzue Zinebiko publikoak istorio honetatik jasotzea?

Publikoak pentsatu eta gogoeta egin dezala amatasun gaiari buruz, batez ere. Proiektu honek duen helburua gai honen inguruan dauden begirada, aurreiritzi, presio, onura eta beldurren arteko pultsua plazaratzea da. Ikus-eremua zabaltzea da gure asmoa, ama izateko arrazoi eta zergatietan sakontzea eta emakumeek dituzten aukeretan hausnartzea. Gizartean hain naturalizatuta dagoen gaia zalantzan jarri nahi dugu.

Jaialdiaren ondoren, zer ibilbide espero duzue? Beste jaialdi batzuetan parte hartzeko asmoa duzue lan honekin?

Bai! Ahal izanez gero, urte batez edo bi urtez jaialdietatik ibilbide luzea izatea espero dugu. Dena den, jaialdien ondoren film laburra ikusten jarraitzea espero dugu, uste dugulako gure obrak lantzen duen gaia oso didaktikoa dela eskoletan, elkarte feministetan edo beste motatako elkarte edo zentroetan proiektatzeko. Lanaren banaketa horrelako proiekzioekin bukatzea bikaina izango litzateke guretzat.

 

Ane Ines Landeta eta Lorea Lyons zuzendarien ‘Azkena’ lana ZINEBI jaialdiko Sail Ofizialean proiektatuko da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude