«bi aberri ditut nik: Kuba eta nirea» Roque Dalton 1/3

Ez gara lotan izan. Beste leku batean ari ginen zarata ateratzen. Badakizu burkide olerkitik pamphletora joan ginela. Hurrengo aurrerako jauzi txikia hauxe: faszikulukako pamphletoa. Faszikulukako pamphletoa astearteetan izango duzu ikusgai. Hortik izena. Petrolioa bezain gardena. Pamphletoa eskuratzeko ez kioskora gerturatu. Hassanen lokutoriora joan edo Piliren tabernara. Webgune honetan izango gaituzu. 600 txanpon irabazten badituzu ZERO txanponen truke. 1.200 bada zure soldata ba bikoitza.

 

Lehenengo hiru martitzenotan Roque Daltonen hamalau olerki aurkeztuko dizkizugu irudi bat lagun. Jakizu -guk dakigula- aurretik Dalton burkidearen zortzi olerki euskaratu direla. Gorka Arrese, Vladimir aldizkaria, Luigi Anselmi eta Jon Benito izan ziren horren arduradun eta betiko legez EKARRIAKen webgunean dituzu datuok kontsultagarri: http://ekarriak.armiarma.com/?i=410

Hemen duzu muntaia 21daltonlehena-an

Izan funtsa:

Andreas eta Gudrun

ITZULPENA ERE MAILUMA DA!

KARL MARX

Zure bizarren atzealdean distiratsu dituzun lehoi begi prestuetatik

gaizki argiztatutako liburutegietako hezetasun haustsutik

Wesfaliako Jennyren esne-itxurako besoetatik

erbeste motel eta hotzetako miseriaren kiribiletatik

kez betetako Renaniako erredakzio haietako haserrealdietatik

amaierarik gabeko gauetako argi mundu txikietako sukarretik bezala

zuzendu zenuen Jainkoaren lan herrena

zu o esperantzaren errudun handia

o oinez jarraitzen duen zoriontasunaren

arduradunen artean arduraduna

NITAZ ARI DIRA RAYMOND CHANDLEREN ELEBERRI BATEAN

«–Zer moduzko pertsona da mozkor ez dagoenean?

Irribarre egin dut.

–Tira, nahiko partziala naiz. Uste du oso pertsona ona dela.

–Eta nolakoa da mozkor?

–Nazkagarria. Distiratsua, gogorra, krudela. Uste du barregarria dela berez gorrotagarria denean».

PARAFRASIA

Bi aberri ditut nik:

Kuba

eta nirea

IRAULTZAILE BATEK J. L. BORGESI

Geure Ohore Kodearentzat,

berorri ere, jauna,

doilortasuna akitu zuten buru argietarik bat gehiago izan da.

Eta gure Ohore Kodean

«a ze idazlea!» esatea

aringarri eskasa da;

agian, beste

doilortasun bat ere izan daiteke…

 

FILOSOFIA ESKERGABEKERIA GISA

Julio Fausto Fernandez doktorea

El Salvadorko

Alderdi Komunistako

Idazkari Nagusia izan zen.

Gero traizio egin

eta diktadore baten

justizia ministro izan zen

eta diplomatikoa izan zen

eta unibertsitateko irakasle

eta oso idazle ezaguna.

Bere aldaketa azaltzeko

«Materialismo marxistatik

errealismo kristaura»

izeneko liburua idatzi zuen.

Zer egingo du orain

Julio Fausto Fernandez doktore gaixoak

errealismo kristaua egunetik egunera

gero eta gehiago konbertitzen

ari denean materialismo marxistara?

POETA ASKEA

Kuba bai,

yankeeak ere bai.

Nicanor Parra

¿Txile?

Segun…

 

Andreas Bernd Baader (1943ko maiatzaren 6a) Alemaniako ezker muturreko Armada Gorriaren Fakzioaren (R.A.F.) sortzaileetakoa da, astia duenean margotzen du. UMPS Angiolillo PamphletistInen zelulako kide da. ||| Gudrun Ensslin (1940ko abuztuaren 15a) Alemaniako ezker muturreko Armada Gorriaren Fakzioaren (R.A.F.) sortzaileetakoa da. Hegelen ondorengoa da, biolina jotzen du idazteaz gainera. UMPS Angiolillo PamphletistInen zelulako kide da. ||| [zuzeu.com [g.ensslin&a.baader-blog [@andreas_gudrun-twitter [andreasetagudrun@gmail.com [zureAuzokoHorman [samizdatElebiduna

2 pentsamendu “«bi aberri ditut nik: Kuba eta nirea» Roque Dalton 1/3”-ri buruz