Ander Torregarai, Simpsondarrak bikoiztu duen gaztea

Ander Torregarai, Simpsondarrak bikoiztu duen gaztea – 

“Denok eman behar dugu zerbait, gutxi batzuek dena eman behar ez dezaten.” zioen José Miguel Beñarán Ordeñana Argalari egokitu zaion esaldi ospetsuak. Alegia, lana denon artean banatzea dela bidea; talde-lana dela bidea. Bada, oraingoan azalduko dudan egoera, alderantzizkoa da. Izan ere, mutil gazte batek bere gain hartu du lan izugarria, gainontzekook goza dezagun.

Nortaz ari naiz, baina? Ander Torregarairi buruz ari naiz, Simpsondarrak filma bere kabuz osorik bikoiztu duen mutilarena hain zuzen. Eta ez bakarrik hori. Beste bikoizketa eta meme asko egiten ditu. TikToken argitaratzen ditu, Spidermander edo Ander Parker izengoitiaz. 17 urte baino ez ditu, baina bikoizketa egitea bere zaletasuna da eta horretan aditu bihurtu da dagoeneko. Aitortzen du euskara aldetik akatsen bat egiten dituela, baina hobetuko duela ez dugu zalantzarik. Euskaldunok ezin diogu nahiko eskertu egiten duen guztia; beno bai, agian bere lanaz gozatzea litzateke eskertzeko modurik onena. Nire aldetik behintzat, ZuZeuko saria irabaziko banu, 100 euro berari emateko konpromisoa hartzen dut hemen, publikoki. Bere orduak konpentsatzeko modu bat litzateke eta aurrera egiteko pizgarria.

Jakina, euskarazko ekoizleek duten erronka handienetako da, hain zuzen, euskarazko publikora heltzea. Izan ere, publiko horrek ez du euskaraz kontsumitzeko edo bilatzeko ohitura, artikulu honetan Eneko Orozek eta Iruñe Astitz Larunbek azaltzen duten moduan.

Anderrekin harremanetan jarri naiz, berak bertatik bertara konta diezazkigun bere lanaren gorabeherak:

Iepa Ander, lehenik eta behin, mila esker dohainik egiten duzun lan ikaragarriagatik, euskaltzale guztion izenean. Bigarrenik, mila esker nire galderei erantzuteko hartu duzun tarteagatik. Hirugarrenik, zorionak egindakoagatik.

Mila esker zuri.

Zure lanik ezagunena Simpondarrak filmaren bikoizketa da. Zenbat denbora behar izan zenuen horretarako?

– Ba zaila da zenbaki zehatz bat jartzea, izan ere egun batean ordu erdi, hurrengoan 3 ordu eta bestetan zuzenean ez nuen batere bikoizten. Baina 2 astetan egin nuen dena, beraz gutxi gora behera 12 ordu izango ziren.

Nola lantzen dituzu ahots ezberdinak? Berezko gaitasuna da edo teknika berezirik erabili daiteke?

– Egia esan ni ez naiz oso “kamaleonikoa”, badaude ni baina askoz ahots gehiago egiten dakitenak. Nire ustez nik egiten ditudan ahotsak, praktika pixka bat duen edonork egin dezake. Baina egia da asko lagundu didala honekin asko dibertitzeak, txikitatik serierenbat ikustean ahotsak imitatzen saiatzen baitnintzen. Baditut oso “kamaleonikoak” diren hainbat idolo (denak gazteleraz bikoizten dute. Ez dakit zergatik baina euskaraz ez dago ahots aldaketa askoren premia duen serierik) adibidez David Garcia Vazquez, Abraham Aguilar edo Jose Padilla.

Zein programa erabiltzen duzu bikoizketa egiteko?

– Programa Davinci Resolve da. Baditu bi bertsio, ordainpekoa eta doakoa (nik daukadana).

Zer eskatuko zenioke euskarazko publikoari? Eta zure lanaz gozatzen duten ikus-entzuleei?

– Ba nik egiten dudan berdina. Ahal denean Euskarazko produktuak kontsumitzea, adibidez: film bat ikusi nahi dut, ba lehenengo ea euskaraz dagoen begiratu, eta baietzko kasuan euskaraz ikusi. Eta nola ez, ETB, ZINEUSKADI (zinerako filmak euskaraz bikoizten dituena) eta EUSKO JAURLARITZARI bikoiztutako, azpititulatutako eta itzulitako film, serie edo liburu gehio eskatzea.

Nola lortu daiteke jende gehiagok euskarazko film eta bideoez gozatzea?

Baduzu beste filmerik bikoizteko asmorik? Crowfunding bidez finantzatzea pentsatu duzu?

– Ba hasi nintzen beste film bat bikoizkten, baina hainbat gauzen erruz utzi nuen. Crowfundinga ez dut ikusten egin daitekeenik. Izan ere ya dirua sartzen den momentuan diru asko izan beharko litzateke dena ondo eta legalki egiteko. Eskubideak ordainduz. Eta askotan pentsatu dut baina, zergatik ordaindu beharko luke herriak ETBk egin nahi ez duena? Ez zait bidezkoa iruditzen besteen dirua jartzea. Nirea soilik izango balitz (ni aberatsa izatearen kasu hipotetikoan) arazorik ez.

Ander Torregarai, Simpsondarrak bikoiztu duen gaztea