Alain Urrutia: “Helburu bat izateak ikaratzen nau, bizitzak baino gehiago”
Alain Urrutia >
Londreseko izkin batean, etxe orratzen artean, topatu dugu Alain Urrutiaren kabia. Ingalaterrara itzulerako txartelik gabe desoreka bila joan zela aitortzen du margolari bilbotarrak. “Nire konfort eremutik irten nahi nuen, dena zalantzan jartzeko berriz ere”, dio. Artsy arte webgune entzutetsuak ARCOn kontutan izan beharreko 7 artisten artean jarri zuen Urrutia eta lehen egunerako pieza denak salduak zituen. Saltzeak bezainbeste garrantzia dute beste artista zein galeristekiko harremanek, ordea. ZuZeuri bere lantokiko ateak zabaldu dizkio, eta hementxe duzu bertan izandako solasasldia.
ARCON gehientsuen saltzen duzun margolaria zara. Nola lortzen da hori?
Hori ez da egia. Egia da bai, ARCOk lana saltzeko plataforma bat eman didala, baina, beste gauza askotarako ere bai. Zein da bada feria baten helburua? Lanak saltzea. Baina bestalde, kritikoek edo komisarioek zure lana ikustea lortzen duzu. Beste artista eta galerista batzuk ere zure lana ezagutzen dute ferien bitartez. Balantzan jarrita, saltzea ez da garrantzitsuena. Oreka bat egon behar da. Dena saldu eta kritika txarrak edukitzeak ez du zentzurik.
Oreka hori lortzetik gertu zabiltza zu.
Lortu dut modu batera edo bestera. Baina egia da beti nahi dugula gehiago. Kritika gehiago eta hobeak, beste artistek, lagunek, zure lana baloratzea eskertzen da baita. Komisarioek heuren proiektuetarako zure lana kontutan izatea ere baloratzen dugu. Gehiago nahi izaten duzu beti.
Badirudi gaur egungo artistak artearen disziplina guztiak behar dituela espresatzeko, baina zure lana pinturara mugatzen da beti.
Ez nuke esango artistak disziplina guztiak behar dituela. Ni margotzen oso gustura nago, eta ez dut behar beste teknikarik. Eta pintatzeaz ari naizenean, marrazteaz ere ari naiz. Baina egunen batean mugimenduaren beharra sentituko dut eta animazio bat egingo dut. Eta ez dut batere problemarik. Artistaren kontzeptua askoz ere haratago doa nire ustez. Norberak pentsatu behar du zein den zera hori kontatzeko hoberen egokitzen zaion teknika. Margotzearekin gertatzen dena da, praktika asko eskatzen duen teknika dela. Horrek bihurtzen du interesgarri.
Atentzioa deitzen du koloreen gabeziak. Beti zuria, beltza eta grisetan zabiltzala.
Badira arrazoiak. Baina ez dut uste arrazoiak azaldu behar direnik. Ez dut uste inori azaldu behar diodanik zergatik janzten ditudan praka beltzak, alkandora beltza eta jertse beltz bat. Eta besteren batek egunero jantziko ditu praka laburrak, eta ez dio inori azalpenik zor. Azalpena? Ba ni horixe naizelako. Eta gero kolore gabeziarena niretzat ez da egia. Izan ere, grisetan badaude kolore hotzak eta beroak, marroiagoak eta urdinagoak. Zuri beltzean bai, grisekin ere bai, baina niretzako erabiltzen ditut koloreak. Jende askok galdetzen dit ia daltonikoa naizen. Erabakiak dira, berezko erabakiak. Ez dut erabakitzen grisez eta beltzen jantzi nahi dudala, baina dendara noanean erropa hori erosten dut.
“Irudiz inguratuta gauden garaiotan,
ez dut uste irudiak irakurtzeko gai garenik”
Beste ezaugarrietako bat da erreferente klasikoak darabilzkizula. La Victoria de Samotracia esaterako.
Lehendik badiren irudiak hartu eta horiei buelta bat emanda, moztuta, formatua aldatuta, zati batzuk estalita, irakurketa berriak sortzen ditut. Batzutan zer ikusirik ez duten bi irudi elkarrekin jarrita, irakurketa berriak sortzen dira. Eta hori da niri gustatzen zaidana. Zergatik erreferente klasikoak? Tira, erreferente klasikoak bezain beste erabiltzen ditut sare sozialetan edo prentsan ikusten ditudan irudiak ere. Edo mugikorraz kaleko bazter batean ateratzen dudan argazkia ere. Klasikora jotzen dut atzera begiratzea gustatzen zaidalako, antzinako zinema ere asko gustatzen zait. Badago klasikorako joera bat, baina garaikidea ere badarabilkit.
Kuadro asko dira irudi handiagoen zatiak, fragmentoak.
Argazki handiago baten zatia hartzen dudanean, koadrora eramateko, atentzio dana leku konkretu batean fokatzen dut. Irakurketa guztiz aldatzen da. Zati bat baino erakusten ez duzulako eta kontestua arbuiatzen duzulako. Presentziarik ez zuen zati bati protagonismoa ematen diozulako.
Detaileei erreparatzen diezu, detaileek boladan ihes egiten diguten garaiotan.
Duda bat sortzen zait askotan. Irudiz inguratuta gauden garaiotan, ez dut uste irudiak irakurtzeko gai garenik. Bizkor bizi garelako. Horra irudien manipulazioa. Publizitatean eten gabe guri zuzenduta erabiltzen dutena. Konturatu gabe irentsi eta sinesten dugu eta ez dugu planteatzen gezurra denentz. Hori bera erabiltzen dut nik ere publikoarekin. Irudi klasikoak jarritakoan, zure erakusketara sartzeko zirrikitua uzten diozu jendeari. Dena berria balitz, ez litzateke egongo nora heldu. Batzutan erraztu behar da bidea eta besteetan aurkakoa. Eta diozuna egia da, artistok denbora libre asko dugu gauzei hiru buelta emateko.
Kantabriako eta Madrilgo galeristekin zabiltza lanean. Euskal Herrian ez al dago galeristarik bada?
Badaude. Baina, bakarra doa ARCOra. Hau ligatzea bezala da. Nik ez dut erabakitzen norekin ligatuko dudan. Bion arteko erabaki bat da. Harreman bat da. Besteari nire lana gustatzen zaio eta niri galeria hura. Deitzen baldin badidate eta ez bazait gustatzen ez dut haiekin lana egiten.
Zer kontutan jartzen duzu atentzioa galerista bati baietz edo ezetz esaterakoan?
Batetik programa eta zer lan egingo duten zurekin. Zelako erakusketak eta feriak eskainiko dizkizuten. Nola zabalduko duten zure lana. Nola salduko duten. Gauza asko dira! Zer artistarekin egiten duten lan… Ezin da laburrean azaldu. Nola erabakitzen duzu norekin ligatu?
Politika jarraitzen duzu?
Ahal denik eta gutxien.
Zergatik?
Bada, kanpoan bizi bainaiz. Eta segi dut bertako politika. Orain Brexitaz eta abar… Munduko politika ere segitzen dut. Europan eta AEBtan gertatzen ari diren aldaketak esaterako. Gure politika geroz eta gutxiago segitzen dut ordea. Momentu batean erabaki nuen ez zela osasungarria beste herrialde batean bizi eta norberaren herriaren ikusle izatea. Ez dut egunero prentsa irakurtzen.
“Londresera etortzea eraikitako karten gaztelua
behera botatzea bezala izan da, berriz hasteko”
Zer eman dizu Londresek?
Desoreka. Eta seguruenik, horren bila etorri nintzen. Leku dezentetan egon izan naiz. Txinara joan nintzen Judas Arrietarekin, Italian ere egon izan naiz, erakusketekin mugitu naiz baita ere, Holandan, Brazilen, New Yorken… Baina beti izan da itzulerako bidaia txartela erosita. Proiektu bat egin eta itzultzeko asmoz. Kasu honetan, itzulerako txartelik gabeko bidaia egitea erabaki nuen. Horrek ez du esan nahi itzultzeko asmorik ez nuenik, badakit hemendik beste leku batera joan beharko dudala. Nire konfort eremutik irten nahi nuen, dena zalantzan jartzeko berriz ere. Euskal Herrian zaudenean margolaria zara, artista zara, egiten duzunetik bizitzeko gaitasuna duzu eta jendeak, gutxi gora behera, zure lana errespetatzen du. Aldiz, Londresera zatoz, eta inork ez du zure lana ezagutzen. Bizitzeko gaitasunik ere ez duzu. Sortu duzun kartekin egindako gaztelua desegitea bezala da. Berriz eraikitzeko. Oso ederra da, eta berriz ere egingo nuke.
Zer musika entzuten du Alain Urrutiak?
Depende eguna. Eta depende lekua. Desberdina da estudioan edo etxean banago. John Frusciante izan daiteke edo Mikel Urdangarin. Nik telebista ez dut sekula ikusi. Eta kanpora irten nintzenean pentsatu nuen gustura ikusiko nukeela ETB edo entzun Euskadi Irratia. Eta herrimina dudanean euskal musika entzuten dut. Entzuten dudanetako bat, laguna delako-edo, Mikel da.
Irakurri?
Orain arte inoiz egin ez dudan zerbait ari naiz egiten: Ingelesez irakurtzen. Narratiba oso utzita eduki izan dut nik. Poesia eta saiogintza irakurtzen nuen. Duela bi urte erabaki nuen ez zela osasuntsua eta fikzioari heldu nion.
Zer etorkizun nahi duzu?
Zoriontsu izatea. Norbaitek kontrakoa esaten badit ez diot sinetsiko. Jendeak galdetzen dit zein ote den nire helburua. Niri helburu bat edukitzeak ematen dit, bizitzak berak baino beldur gehiago. Ez baldin bazara heltzen, pikutara dena! Ez duzu ezer lortu. Lortzen baldin baduzu? Gero zer? Zoriontsu izan nahi dut.