Ainubean
Ainubean –
Bazen behin kulturaren gordailu bilakatu zen herria. Denboraren poderioz, munduko agintariek kultura adierazpide ororen aurka hartutako neurri murriztaileen erruz, herrien garra, sormena eta irudimena amatatuz joan ziren, emeki-emeki kandela bat bailitzan. Hala ere, herrialde txiki baina adoretsu batek lur azpian aurkitu zuen babes, eta paradoxikoa bada ere, iluntasuna akuilu izan zuen argia eta kulturaren mantentze lan horretan.
Lurraren gainazaleko agintariek kultura eta jakintzaren aurkako neurriak etengabe hartzen zituzten bitartean, herritarrak otzandu, lelotu eta deskulturizatu nahian-edo, lur azpiko biztanleek alienazio kulturalari aurre egiten zioten etengabe, jo eta ke. Non eta argia ozta-ozta sar zitekeen inguru ospel eta gogorrean, gizarte matxino hartan erakusleihoak nonahi aurki zitezkeen, edonork eta edonon adierazpen kultural desberdinak aurkez zitzan. Arratsaldero, supazterren epeletan, askok han-hemenka adin desberdinetako irakurketa taldeak sortzeko ohitura zuten, eta umeentzako irakurketa txokoak lurpeko kale kantoi guztietan egotea derrigorrezkoa zen kasik. Izan ere, herritar askeek nekez uler zezaketen bizitza amets egiteko, hausnartzeko, sentitzeko eta sortzeko askatasunik gabe; ez al zen hori garai bateko gizaki ororen zioa edo patua?
Lur azpian kulturaren egarri ziren bitartean, gainazalean, denbora garrenean kulturaren jantzia ia erabat erantzi zuen zibilizazioa gailendu zen. Herritar losintxariz osatutako gizarteek oroitzapenak ezabatu edota kolorgabetu zituzten, eta belaunaldi berriek ez zioten zentzurik aurkitzen euren arbasoek ordura arte ereindako bideari. Kasurako, liburuak, noizbait iragan eta etorkizunaren arteko zubi lanak egin zutenak, biltegietan zigilitatuta edo arimarik gabeko fitxategi digital bilakatu ziren. Pentsamendu filosofikoa eta gogoeta literarioak, justizia sozialaren eta askatasunaren alde borrokatu zuten mugimendu artistikoak, zelan edo halan desagertu ziren noizbait pentsamendu kolektibotik.
Tira, erresistentzia gudan zebiltzanak lurpeko pasabideetan, zorionez, antzerki eskolak sortu zituzten adierazpen artistikoa barra-barra giza errealitatearen leiho izan zedin, Plauto eta Ovidioren lanak simulazio hutsak izan ez zitezen edota ikusleek kritikarako zein giza izaerari buruzko hausnarketarako askatasuna eduki zezaten. Lurrak eskainitako lehengaiekin musika instrumentuak sortu zituzten, zelan edo halan, eta margolanak emozio eta sentimenduekin konektatzeko tresnarik erabilgarrienak bilakatu ziren. Bestalde, sormen tailerrak eskoletan derrigorrezko ikasgai bihurtu ziren, gaztentxoen adimena bizirik irauteko, lur azpiko herriak adierazpen askatasuna bere horretan gorde nahi baitzuen. Baina bitxikeri guztien artean bitxiena, beharbada, herrialderik gabeko herritarrek sortu zituzten museoen ikusgarritasuna izan zen; gainazaleko herritarrei lapurtuta, edota han-hemenka bildutako objektuekin eta ondasunekin, museo txikiak sortu zituzten euren etxeetan, garai bateko oroitzapenak, argazkiak, jakintzak euren bihotzetan gorde nahian-edo.
Gainazalean unibertsitateak deuseztatuak izan ziren, edo, behintzat, zientzietako ikasketak baino ez ziren hobetsi, arteekin eta kultura orokorrarekin zerikusia zuten ikasketek edo adierazpenek herritar mantsoak matxinatuko zituztelakoan. Hala, «goiko gizarte» desnaturalizatuan algoritmoek pertsonen bizitzak eta giza-jokabideak markatzen zituzten, zer kontsumitu, zelan jokatu eta zer pentsatu behar zuten agintzen baitzieten. Zalantza, kritika, introspekzioa, irudimena… horrelakoak aspaldi ezabatu ziren gizaki eraginkor eta leialen pentsamenduetatik.
Horiek horrela, gutxi batzuek herbestera jo (lur azpira, alegia) eta kulturari heltzea erabaki zuten noizbait, memoria kolektiboa lantzeko, gizatasunaren izaerarekin berkonektatzeko eta euren erroei heltzeko. Liburuak zer ziren ba kandelen epeltasunean irakurtzen zituzten horientzat? Urregorria. Eta historia bera? Herritar zahar eta jakintsuenek astero gazteenei, istorioak bailiran, irakasten zieten ikasgairik baliotsuenetarikoa memoria kolektiboa gordetzen lagun ziezaien. Finean, DNAri oratu nahian zebiltzan lur azpiko pertsonak, eta bide batez alienazioa, ezjakintasuna eta hoztasuna saihestu gurean. Denbora gutxiren buruan gainazaleko gizon-emakumeak eta haurrak, kulturak eskainitako aterperik gabe, emozioak, kontraesanak eta nahiak ulertzea ahalbidetzen zieten kontakizunik gabe, enpatiarik gabeko makina funtzional hutsalak baino ez ziren.
Balizko gizarte hori, muturrekoa izan zen arren, eta gaurkoan fikziozkoa otutzen bazaigu ere, ez da pentsaezina. Bai, guri ere gerta dakiguke. Kulturak dituen giza balioen gaineko garrantzia eta kulturaren balioa gutxiesten eta teknologia soilik baloratzen jarraitzen badugu, gure gizatasuna galtzeko arriskua dugu. Azkenean, zer izango ginateke gizakiok ba amesteko, sortzeko eta zalantzan jartzeko gaitasunik gabe? Kulturarik gabeko gizartea, agian, distopiarik beldurgarriena izan liteke: inoiz gizaki egin gintuen guztiari uko egingo geniokeakaso, akaso.
Bada, matxinatu gaitezen amets gaizto eta balizko errealitate beldurgarrien aurka. Ez dezagun galdu amets egiteko prinilegioa, etorkizun desberdina sortzeko gaitasuna bera galduko genukeelako. Kulturaren bultzadarik gabe, honek eskaintzen digun aniztasunarik gabe, bizitza funtzional soil batera mugatuko ginateke: alienaziozko kiribil infinitu batera, alegia. Kultura gure gizatasun sakonenarekin konektatzen, lotzen, gaituen ahotsa bada, hura desagertzeak gure nortasuna galtzea esan nahi du. Erakutsi dezagun ba makina batean engranaje hutsak baino askoz gehiago garela! Kulturan eta sormenean sinesteari uzten dion gizarteak, arima elikatzeari ere uzten dio, halabeharrez, eta argirik gabeko mortuan noraezean ibiltzera dago kondenatuta. Beraz, izan gaitezen kulturzale, ameslari eta utz diezaiogun ainubean ibiltzeari.
https://youtu.be/9L8sDIuwkyg?si=FT912j37ce9GSzI_