AHT-aren obrak eta Lezetxikiren kaltetzea: salatu vs. ukatu

AHT-aren obrak eta Lezetxikiren kaltetzea: salatu vs. ukatu –

“AHTren obrek Lezetxiki haitzuloa kaltetu dutela salatu du espeleologo talde batek” irakurri genuen atzo Argia aldizkarian eta Berrian, Abiadura Handiko Ttrenaren tunel bat leze barruan egin” zutela-eta. Neandertalak ere bai…

Gauzak horrela, “suntsiketa  larria salatuz” komunikatu bat plazaratu zuen AHT Gelditu! plataformak, eta beste bat Gipuzkoako Aldundiak“aztarnategi arkeologikoak ez duela inolako kalterik jasan” adieraziz. Biak kontrajarri gura izan ditugu, eta azpian dituzue:

.

LEZE TXIKI: AHT-K SUNTSITUTAKO EH-KO ONDARE ARKEOLOGIKO ZAHARRENA

Arrasate eta inguruko espeleologoek bertatik bertara ikusi ahal izan dute Udalaitz mendigune karstikoko AHTren lanek Leze Txiki haitzuloko galeria bat suntsitu dutela. Duela bi urte, galeria hori harri jausi batek erabat buxatuta zegoela egiaztatu zuten. Joan den astean, beste galeria batetik sartu ziren luiziaren lekura, eta argazki eta bideo bidez egiaztatu zuten AHTaren lanek erabat suntsitu dutela galeria hori, ez bakarrik leherketen dardarak eraginda, baizik eta AHTren ibilbidea bera galeriatik igarotzen delako. 

J. M. Barandiaranen taldeak aztertu zuen haitzulo horretan, EHko giza aztarna zaharrenak aurkitu dira, eta penintsula osoko bigarrenak Atapuercaren ondoren: zehazki, duela 164.000 urteko Homo Heidelbergensis-eko humero bat. Pleistozenoko faunaren aztarnak ere aurkitu dira, hala nola haitzuloetako hartza eta haitzuloetako lehoia. 

Gure existentzia ahalbidetzen duten lurraren eta baliabideen suntsiketa eta kutsadurari -20 iturburutik gora bakarrik AHTren Gipuzkoako zatian lehortu dira, behin eta berriz ura kutsatzen dela salatzeaz gain- orain ondare arkeologiko eta paleontologikoaren suntsipena gehitu behar zaio. Aurrerabidearen eta modernitatearen izenean, gure iragana sarraskitzeaz gain, gure etorkizuna ere sarraskitzen ari dira. 

Suntsiketak izen eta abizenak ditu: Eraikuntzaren lobbyarenak, sostengatzen duen klase politikoarenak eta finantzatzen duen bankuenak. Oraindik garaiz gabiltza basakeria gelditzeko. Mugi gaitezen. 

AHT ala etorkizuna

AHT GELDITU!

AHT-aren obrak eta Lezetxikiren kaltetzea: salatu vs. ukatu
ARGIA.

 

LEZETXIKI HAITZULOKO AZTARNATEGI ARKEOLOGIKOAK EZ DU INOLAKO KALTERIK JASAN AHT-AREN OBREN ONDORIOZ

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura Departamentuak gezurtatu nahi du Lezetxikiko aztarnategi arkeologikoan ezer hondatu denik AHTren Arrasate-Elorrio zatiko tunelen obren ondorioz.

Leibar-Leizetxiki barrunbe sistemaren mutur batean hartutako bideo eta argazkien inguruan sortu den zalaparta ikusirik, Kultura Departamentuak gezurtatu nahi du kalterik gertatu denik. Kultura Departamentuak gogorarazi nahi du sistema horrek hainbat kilometrotako galeriak dituela. Ertzetako bati aspaldi eragin zioten AHTko tunel baten obrek, eta tunel horren exekuzioa bat etorri zen bere garaian onartutako obra-proiektuarekin. Aztarnategi arkeologikoa, ordea, puntu horretatik urrun dago, justu kontrako muturrean, eta ez du salatutako lanen eraginik izan.

Lezetxiki haitzuloa Arrasatetik gertu dago eta aztarnategi arkeologiko eta paleontologiko bat dago bertan. José Miguel de Barandiaran apaizak induskatu zuen lehenengoz 1956 eta 1968 artean, eta 1996tik gaur egun arte Álvaro Arrizabalaga Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea izan da zuzendari. Arrasateko Garagarza auzoan dago, Bostate mendiaren ekialdean, Udalaitz mendigunea osatzen duten muinoetako batean.

Aztarnategi arkeologiko hau historiako garrantzitsuenetakoa eta zaharrenetakoa da, Atapuercan aurkitutako aztarnen ondoren. Giza hezurren aztarnarik zaharrenak bertan aurkitu zen, 164.000 urte baino gehiagoko aztarnak, hain zuzen. 

GIPUZKOAKO ALDUNDIA

AHT-aren obrak eta Lezetxikiren kaltetzea: salatu vs. ukatu

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Zer duzu buruan “AHT-aren obrak eta Lezetxikiren kaltetzea: salatu vs. ukatu”-ri buruz