Agustina Oteroren “Zirkuluaren zerumuga”, Oteiza Museoan
Agustina Oteroren “Zirkuluaren zerumuga”, Oteiza Museoan –
Oteiza Museoak eta Iruñeko Udalak Agustina Oteroren “Zirkuluaren zerumuga” proiektua aurkezten dute. Bi esposizio osagarritan dago bildurik artistak buruari buruz eginiko azterketa formal eta estrukturala.
Giza buruaren azterketa formala eta estrukturala funtsezko gaia da arte klasiko eta modernoaren historian, eta etengabeko kezka gisa ageri da Agustina Otero artistaren ikerketa plastikoan. Bustoa da “Zirkuluaren zerumuga” erakusketa eta argitalpen-proiektuaren protagonista, irudikatzeko forma, materia, egitura eta elementu kultural eta sinboliko gisa. “Zirkuluaren zerumuga” bi erakusketa osagarritan egonen da ikusgai hurrengo hilabeteetan: batetik, Oteiza Museoan eta, bestetik, Iruñeko Ziudadelako Bolborategian.
Lehenbizikoa Altzuzako zentroan aurkeztuko da 2024ko ekainaren 20tik azaroaren 24ra, eta nagusiki buruaren tratamendu plastikoa izanen du ardatz, eskultura-sorkuntzatik abiatuta. Bigarrena, berriz, Ziudadelako Bolborategiaren aretoan egonen da, eta, abuztuaren 2tik irailaren 29ra bitartean, paper gainean eginiko obra-sorta zabal bat izanen da ikusgai (marrazkiak eta collageak).
Proiektuaren izenburuak, “Zirkuluaren zerumuga”, hurbilketa hori zehazten duten funtsezko bi gairi egiten die erreferentzia. Alde batetik, artistaren eskultura-ikerketaren ibilbidea bera erakusten du, zeinak masa/burua abiapuntu gisa hartu eta konfigurazio funtsezkoago eta irekiago baterantz egiten baitu, harik eta zirkulartasunean amaitzen den formara iritsi arte. Bestetik, zerumugari eginiko erreferentziak gai agorrezin baten metafora gisa funtzionatzen du hemen: muga zabal bat, ezinezkoa erabat eskuratzen.
Oteiza Museoak aurkezten duen erakusketa formatu desberdineko 42 eskulturaz osaturik dago, eta ikerketa plastiko horrekin lotutako lau marrazki ere biltzen ditu. Harria, burdina, buztina, igeltsua eta, oro har, lurretik datozen materialak eskultorikoki tratatzeak artikulatzen du artistareniruditeria plastikoa. Keinu eskultorikoaren bidez, beste esanahi-maila batzuetara iristen da Otero, eta, hala, material naturalak objektu artistiko seinalatu bihurtzea lortzen du.
Pieza-multzo horrek artistaren 20 ekoizpen-urte inguru zeharkatzen ditu, eta gai beraren inguruan denbora-tarte hedatu batean izaniko bilakaera formala eta estetikoa erakusten ditu. Alabaina, ez da proiektu finitua, baizik eta, Oterok berak dioen bezala, proiektuak aitzinera jarraituko du etorkizunean ere. “Potentzial agorrezina du”, artistak adierazten duenez. Haren esanean, Oteiza Museoan erakusgai paratzeak esanahi berezia du, espazioarekiko interesa partekatzen baitu Jorge Oteizarekin. “Hark ez bezala, halere, nik gehiago lan egiten dut intuizioarekin eta emozioarekin, eta isiltasun meditatibo bat bilatzen dut obra guztietan”.
Erakusketa-instalazioa areto hauetarako bereziki sorturiko plataforma handietan dago oinarrituta. Haietan, bi eskultura-multzo handik dihardute elkarrizketan. Plataforma horien helburua da aktibazio espaziala lortzea, argi naturalaren sarrerekin duen harremanaren bidez (bai sabai-leihotik datorren argi naturalarekin, bai aretoetako leihateetatik sartzen denarekin). Hain zuzen ere, plataforma horiek materialen argiztapen erreala eta sinbolikoa errazten dute, kontuan izanik betiere material horiek gai direla beren materialtasun eta naturaltasunetik goratzeko. Erdiko bi elementu horien inguruan, egileak nolabaiteko akupuntura espaziala sortzen du, eta, hari esker, hormetan paratutako piezek elkarri eragitea eta bi plataformak aktibatzea lortzen du. Egilearen hitzetan, “gainazal horien erabilera areto barnean eskultura-gertakari bat sortzeko borondatetik sortzen da, eta espazio propio hedatu bat eratzen du; espazio horretan, eskulturek modu berezian dihardute harremanetan eta elkarrizketan”.
Proiektu hori osatzen duten bi erakusketa-proposamenak Franziska Estudioak diseinatutako izen bereko argitalpen monografikoarekin osatzen dira. Argitalpen horretan, ibilbide bisual bat aurkezten da, Ramón Andrés idazlearen, Luis Garde poetaren eta José Javier Fernández historialari eta arte-kritikariaren testuekin hartu-emanean.
Proiektu hau Jorge Oteiza Museoaren Fundazioaren eta Iruñeko Udalaren arteko lankidetzari esker gauzatu da, eta Altzuzako zentroan aurkezturiko erakusketak Eguesibarko Udalaren eta Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren (EHAEO) Nafarroako ordezkaritzaren laguntza izan du.
Agustina Otero Fernándezek (León, 1960) Bartzelonako Massana eskolan ikasi zuen. Han, bere promozioan lehenbiziko lizentziatu zen eta Ohorezko Matrikula lortu zuen Eskultura espezialitatean. Eskola horrek prestakuntza-sari bat eman zion, eta, hari esker, Italia aldera joan zen 1984an —Florentzia, Carrara eta Pietrasantara, hain justu—. Han, prestakuntza areagotu zuen: marmolarekin lan egin zuen Carrara eta Pietrasantako zenbait tailerretan, bai eta brontze-galdaketan eta moldekatze-prozesuan ere. Ondoren, Iturenen instalatu zen, eta nazioarteko hainbat sari jaso ditu. Hainbat bildumatan dago haren lana —ARTIUM, Nafarroako Museoa, Kutxa Fundazioa, Iruñeko Udala, MUSAC, Leóngo Diputazioa, Mora-Granados Fundazioa, San Telmo Museoa edo Nafarroako Kutxa Fundazioa, besteak beste—. Agustina Oterok erakusketa ugaritan parte hartu du: “Lo Real Maravilloso”, Tokioko Arte Garaikideko Museoa eta MUSAC; “San Sebastian: esparru sakratu eta profanoari buruz”, “Jai Alai, euskal pilota eta artea”eta “H2O, solidoa, likidoa, gaseosoa”, Donostiako Kubo Aretoan; “Figurazioak museoan”, Nafarroako Museoan; edo “Maitatu, pentsatu eta eutsi”, ARTIUMen. Bestalde, Agustina Oterok diseinatua da Donostiako San Telmo Museoaren aluminiozko fatxada-sareta, eta bitan parte hartu du Veneziako Bienalean (Arkitektura Erakusketa, Italia) eta Kairoko Eskulturaren Bienalean (Egipto). Era berean, parte hartua da erakusketa hauetan ere: “Hil ondoko koreografiak”, New Yorkeko White Boxen; “Zirtaka”, Donostiako Koldo Mitxelenan; Genevako Irudiaren 9. Bienalean; “Tximistaz Zauritutako Dorrea”, Bilboko Guggenheim Museoan; edo “Lurrin hondartuaren lorategia”, Roveretoko Arte Espazio Garaikidean. (Informazio gehiago: www.agustinaotero.com).
.
Biterkaritza
– Topaketa Agustina Oterorekin eta erakusketa bisitatzea Oteiza Museoan.
Ekainak 22. 12:00.
– Erretratua eskultura gisa, eskultura espazio gisa. Udalekua.
26-30 agosto —Abuztuak 26-30.
– Topaketa Agustina Otero artistarekin eta Luis Garde olerkariarekin, eta erakusketaren bi
egoitzak bisitatzea.
Irailak 14. 11:00, Iruñeko Ziudadelako Bolborategia. 12:30,Oteiza Museoa.
Plaza mugatuak. Beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea, 948 332 074 telefonora deituta edo recepcion@museooteiza.org helbidera idatzita.
.
Proiektua: Zirkuluaren zerumuga / El Horizonte del círculo
Artista: Agustina Otero
Erakusketa-egoitzak: Oteiza Museoa (2024ko ekainaren 20tik azaroaren 24ra) eta Iruñeko Ziudadelako Bolborategia (2024ko abuztuaren 2tik irailaren 29ra).
Argitalpena: Agustina Otero. Zirkuluaren zerumuga / El Horizonte del círculo. Testuak: Ramón Andrés, Luis Garde,
José Javier Fernández. Publikoarentzako salmenta-prezioa: 20 euro.
Jorge Oteiza Fundazio Museoak eta Iruñeko Udalak elkarrekin ekoitzia da, eta Eguesibarko Udalaren eta Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren (EHAEO) Nafarroako ordezkaritzaren laguntza izan du.
Agustina Oteroren “Zirkuluaren zerumuga”, Oteiza Museoan