ADEL 2021, izen ematea zabalik
ADEL 2021, izen ematea zabalik –
ADEL21 ARTEDRAMA EUSKAL LABORATEGIA/ TOPAKETAK
ArteDrama Euskal Laborategia (ADEL), arte eszenikoetan euskaraz aritzen garenon topagunea da; aktore, zuzendari, antzerkigile zein antzerkizaleentzat urtero zabaltzen den gunea.
Euskal Herriko arte eszenikoetan murgilduta gaudenon arteko eztabaidak, jakintza eta elkartrukeak sustatzeko asmoarekin, astelehenetik larunbatera, 48 orduz guztira, 6 irakasleren tailerrak prestatu ditugu. Ikastaro guztiak euskaraz izango dira, eta matrikula 450 €koa (lotarako lekua eta otorduak barne).
Laborategi gisa jaiotako esperientzia honetara gonbidatuta zaude!
IKASTAROAK ADEL 2021
ANDER LIPUS
(Eraiki eta deseraiki. 8 orduko ikastaroa).
Ikastaroan zehar aktorearentzako teknika ezberdinen ezagutzan sakonduko dugu. Aktore batek pertsonaia bat eraikitzeko behar dituen tresnekin jolastuko dugu: arnasa, oreka, indarra, adierazpena, espazioa eta jauzia bezalako kodigoak landuz. Gai bat, egoera bat edota pertsonaia bat eraikiz eta deseraikiz inprobisatuko dugu.
OLATZ GORROTXATEGI
(Sorkuntza eta nortasuna. 8 orduko ikastaroa).
Antzerki testu klasiko batetik abiaturik, antzerkigintza garaikideak ematen dizkigun baliabideak aztertu eta praktikan jarriko ditugu, pertsonaia eta aktorea performerra bihurtuz. Guztion irudimenean dagoen istorioa hautsi eta kontatzeko modu berriak eraikiko ditugu tailerrean. Mitoak berrirakurriz, gure biografiara hurbilduz eta publikoarekiko komunikazio zuzena sortuz.
PATRICIA URRUTIA
(Joko eszenikoa. 8 orduko ikastaroa).
Jolastu egingo gara. Jolasean dibertitzen garelako. Jolasean sentitzen dugun plazera delako oholtzara irtetzera bultzatzen gaituena eta bertan egoteko eskubidea ematen diguna. Jokoaren bitartez landuko ditugu konplizitatea, entzutea eta konfidantza. Nor bere buruarenganakoa eta bestearenganakoa.
MANEX FUCHS
(Maitasuna ekintzetan. Iraupena: 8 orduko ikastaroa).
Antzerki jokoa: ekin eta eragin, espazio bat gorpuztu, harreman bat sortu, erronkari eutsi, kontrasteak bilatu, tentsioa ta askapena. Maitasunaren hiru funtsezko egoerak hartuko ditugu oinarri: lehen hitzordua, maitasun froga eta bereizketa. Inprobisaziotik abiatuz, ongi antzeztea baino, antzezkidearen jokoa piztea izango dugu helburu.
RUTH GUIMERÀ
(Interpretazio errealistaren oinarriak. 8 orduko ikastaroa).
Interpretazioa ikastea, bizitzen ikastea bezalakoa da. Nahiz eta denok izan bizitzari aurre egiteko ideiak, norbera izan behar da bere bizitzaren sortzaile eta jabe. Teknika garrantzitsua da. Haren helburua zure pertzepzioa zabaldu eta errealitatea ulertu edota imajinatzeko baliogarria izan behar du. Baina txarto erabiliz gero errepresio tresna bihurtu daiteke eta artistaren izaera berezia mugatu.
MATXALEN DE PEDRO ETA IGOR DE QUADRA
(Mundu berrietan zehar. 8 orduko ikastaroa).
Aktorea taldeko esploratzaile bat da. Kotidianotik extrakotidianorako bidean, emozioak, formak, mugimenduak eta ideiak taldean esploratzen dituen sortzailea. Baieztapen honetatik abiatuta, entrenamendu psiko-fisiko bat proposatzen dugu non tradizioak (dakiguna) eta sorkuntzak (ez dakiguna), elkar elikatuko duten. Gorputza eta hitzaren bidez mundu imaginarioak sortu eta konkistatuko ditugu.
ADEL 2021, izen ematea zabalik