Adarkatzeak doinuetan
Adarkatzeak doinuetan –
Uxue Reyk Berria egunkarian.
Genero urbanoen bolada egonkortzen ari delakoan dira BERRIAko musika kritikariak, eta «kontzertu erraldoien» fenomenoa ere izan dute hizpide 2024aren errepasoan. Izaki Gardenak eta Kaskezur taldeen diskoak errepikatu dituzte lan nabarmenen sortan.
Euskal musika eszena ez da urtero guztiz biluzi eta hosto berriak ematen dituen arbola baten gisakoa. Gutxi-asko, ondorio hori bistaratu zuten BERRIAko lau musika kritikariek duela urtebete, 2023. urtearen errepasoa egiteko eskatu zitzaienean. Eta, zaharrak berri, horrelakoxea da orain 2024ari begira plazaratu duten diagnostikoa ere. «Halako aldaketarik ere ez da», berretsi du, esaterako, Julen Azpitartek. Edonola ere, gauzak nola diren, eta arbolaren metaforari jarraikiz, iazko atzera begirakoa egiten hasi eta gutxira aipatu ditu kritikariak eszenako «kimu berriak» eta «haziak»; eta, hara non, Andoni Tolosaren ahotik ere atera da loratzeekin eta uztekin lotu litekeen ideiarik. Dioenez, duda du aurten ez ote den musika argitaratzeko garaia udazkenetik harago ere gehiago zabaldu: «Udaberrian kaleratu dira zeresan handiena emango duten diskoetako batzuk». Estiloen aniztasuna azpimarratu du Ihintza Orbegozok, eta doinu urbanoen indarra Urko Ansak. Izatez, azken horretan ados dira lau kritikariak: askotariko adarkatzeak izan dira azkenaldian, baina bideak doinu elektronikoetara hurbildu dira batez ere.
Funtsean, 2024ak zenbait joeraren egonkortzea ekarri duelakoan dira laurak. «Belaunaldi aldaketarena» azpimarratu du Orbegozok. Haren iritziz, artista gazteek dagoeneko «bereganatu» dituzte oholtzak, eta jaialdietako «kartelak ikusi besterik ez dago» horretaz ohartzeko. Hain zuzen, kritikariak iradoki gisan, litekeena da belaunaldi gazteagoen presentziak ekarri izana berekin doinu urbanoen goraldia, besteak beste, eta autotunearen eta sintetizadoreen erabilera boladan dela ere nabarmendu du. Ansak ere erreparatu dio horri, baina kezkatu antzean hitz egin du gaiaz: «Fusioa ere kontuan hartu behar da, baina, orokorrean, autotunea egiten ari den kaltea nabarmena da».
«Fusioa ere kontuan hartu behar da, baina, orokorrean, autotunea egiten ari den kaltea nabarmena da»
URKO ANSA Musika kritikaria
2024an kaleratutako diskoek agerian utzi duten beste joera bat ere nabarmendu du Ansak: «Bakarlarien garaia da». Hogeitik gora izen eman ditu adibide gisara, hala nola Anari, Eider, Ekhi Lambert, Eneritz Furyak, Esti Markez, Olatz Salvador, Mattin Lerissa, Libe, Gorka Urbizu eta Gaizka Insunza. Hala eta guztiz, bakarlariei baino gehiago, gehienbat taldeei erreparatu die iazko disko gustukoenak hautatzeko eskatutakoan. Hauek nabarmendu ditu: Pelaxen Esan gabe doa, Alguillo & Alkimistak taldearen Burua makurtu gabe eta Izaroren Izaro Gabonetan. Azken horri buruz, artista mallabitarrak eginiko hizkuntza hautuan egin du azpimarra Ansak: «Oso-osorik euskaraz egin izana ere aipatu beharrekoa da». Orain arte, Izarok euskarazko kantuak eta gaztelaniazkoak bildu ditu diskoetan.
Bestalde, Ansari ezinezkoa zaio urtearen errepasoa egin eta «kontzertu erraldoiak» aipatu gabe uztea; «urteko gertakizun handienen artean sartu behar dira», nabarmendu du. Horren adibide dira, haren esanetan, Huntzak otsailean Bilbo Arenan emandako agur kontzertua eta Fermin Muguruzak dagoeneko eman dituen eta datozen hilabeteetarako iragarri dituen kontzertuak —ekainaren 14an Anoeta estadioan ematekoa duena eta urriaren 4an Nafarroa Arenarako antolatutakoa azpimarratu ditu—. Bestalde, Gorka Urbizuren Hasiera bat diskoa eta hark 2024ko otsailean abiatutako kontzertu birak izandako arrakasta ere nabarmendu ditu Ansak, «fenomeno harrigarria» delakoan. «Disko guztiz pertsonala eta moldez kanpokoa egin badu ere, arrakasta absolutua lortu du, eta leku guztietan bukatu dira sarrerak».
Datorrena ikusteko gogoz
Hain zuzen, ez soilik Muguruzagatik eta Urbizugatik, bestela ere itzulerek ekarritako «pozak» nabarmendu dituzte kritikariek. Adibidez, zortzi urtean musikarik apenas kaleratu ondotik Anarik bere zazpigarren album luzea eman izana azpimarratu du Tolosak: Giza zarata. Hain justu, 2024ko disko kutunen artean kokatu du lan hori kritikariak: «Merezi izan du itxarotea, poetikotasun gordinez betetako disko trinko eta sendoa entzuteko. Anarik are eta gorago eraman du Epilogoa lanak ezarritako langa». Bestalde, bai Tolosak, bai Orbegozok eta baita Ansak ere, hirurek goraipatu dute Izaki Gardenak-en Orube; sei urteren ondotik eman du lana taldeak.
«Merezi izan du itxarotea, poetikotasun gordinez betetako disko trinko eta sendoa entzuteko. [‘Giza Zarata’-rekin], Anarik are eta gorago eraman du Epilogoa lanak ezarritako langa»
ANDONI TOLOSA Musika kritikaria
Itxura batez, Ansa da 2024ko uztari gabezia gehien ikusi diona. Iazko diskogintza «pixka bat ahulagoa» iruditu zaio. Dena dela, kontrara, batez ere esperantza tonua daukate azken hilabeteotan lanak plazaratu dituzten zenbait artistari buruz hark esandakoek. Adibidez, Ansa sinetsia dago Marte Lasarte taldeak «arrakasta itzela» lor dezakeela Ezda besterik diskoarekin, eta antzera uste du Olatz Salvadorrek eta Idoia Asurmendik plazaratu dituzten lanei buruz ere. Are gehiago, iritzi dio biek dituztela aukera franko Espainian ere arrakasta erdiesteko. Gainera, Esti Markezek «bide komertzialetara» eginiko aldaketa ere nabarmendu du Ansak, baita Kokein taldeak «rock zitalenera» jauzi egin izana ere, eta, oro har, agerian utzi du oparotasuna antzematen duela eszenaren alderdi urbanoenean. «Chill Mafiaren desegiteak ordezkorik izango duen ez dakigu, nahiz eta hautagai zerrenda txikia ez izan», ondorioztatu du, baikor.
«Nostalgiaren bila dabilen eta inoiz bukatzen ez diren produktu kulturalez betea dagoen gizarte honetan, [Chill Mafiakoek] jakin dute garaiz amaitzen»
JULEN AZPITARTE Musika kritikaria
Chill Mafiaren agurra; hori da, hain justu ere, Julen Azpitarteren iritziz «2024an gertatu den konturik garrantzitsuena». Eta, Iruñerriko taldeak utzitako zuloa nork okupatuko duen galdetuta, ados da Ansarekin: «Hautagai asko daude». Eta hori, zergatik? «Chill Mafiakoek bide bat zabaldu dutelako, eta argi dagoelako haien atzetik sortu direla haziak, eta badirela kimuak», argudiatu du Azpitartek.
Izatez, 2021etik gaur arte eginiko errepasoetan, kritikariak sarri aipatu du talde hori aparteko proiektu musikal gisara. Dioenez, Chill Mafiak euskal eszenara ekarri ditu, adibidez, «musika egiteko modu berriak, antolatzeko modu berriak, kantatzeko modu berriak eta euskara erabiltzeko modu berriak». Hortaz, 2024an agur esan duten honetan ere, Azpitartek iritzi dio taldeari behar zaiola eginiko ekarpena aitortu. Hori bai: erantsi du gustatu zaiola taldearen azken erabakia. «Nostalgiaren bila dabilen eta inoiz bukatzen ez diren produktu kulturalez betea dagoen gizarte honetan, haiek jakin dute garaiz amaitzen; uste dut ondo egin dutela».
.
Folk-rocka eta post-punka
Eta hona hemen euskal kantagintzan Tolosak antzemandako beste joera bat: «Folk-rock anglo-saxoiaren eraginen aldarrikapena». Dioenez, «beti egon da hor», baina uste du joera hori inoiz gutxitan azaldu dela Xabier Badiolak iragan udazkenean kaleratutako diskoan bezain nabarmen. «Estilo ariketa baino gehiago, harribitxi gozagarria da eibartarraren kantu bilduma hori», argudiatu du. Bestalde, 1980ko hamarkadako post punkaren eraginak ere ikusi ditu Tolosak azkenaldiko lanetan, eta Tu-k taldearen Tuka esaten da album luzea jarri du adibide.
«Garai batean, emakumeak pop doinuekin lotzen ziren nagusiki, baina aspaldi joan dira aldi horiek, eta, gaur egun, berdin da trapa, punka, hardcorea edo rocka egiten duten: genero guztietan datoz emakume asko eta asko oholtzak okupatzeko gogotsu»
IHINTZA ORBEGOZO Musika kritikaria
Azkenaldiko ohiturari eutsi dio Orbegozok, eta aurten ere propio erreparatu dio genero aldagaiari. Atzera ere, ateratako ondorioa ez da nahi lukeena, dioenez «asko falta baita genero berdintasuna lortzeko», baina, 2023koari buruz esan bezala, orain ere adierazi du badela esperantzarik: «Badirudi aurrerantz goazela». Are gehiago, musikan aritzen diren emakumeak gero eta gehiago direla nabarmendu du Orbegozok, baina, horretaz gain, beste joera bat ere ikusten du orain: «Garai batean, emakumeak pop doinuekin lotzen ziren nagusiki, baina aspaldi joan dira aldi horiek, eta, gaur egun, berdin da zertan, berdin da trapa, punka, hardcorea edo rocka egiten duten: genero guztietan datoz emakume asko eta asko oholtzak okupatzeko gogotsu».
Orbegozok hiru lan hauek nabarmendu ditu 2024an euskaraz kaleratutako diskoen artean: Izaki Gardenak-en Orube, Kaskezur taldearen Deus, eta Borlaren estreinako diskoa, Kordoba Bidea. Eta, hain zuzen ere, lagin horretan daude aurten lau kritikariek eginiko aukeraketetan errepikatu diren bi lan bakarrak: bina aldiz aipatu dituzte Orube eta Deus.
.
2024ko disko nabarmenak
Ihintza Orbegozo
- Izaki Gardenak. Orube (Alde IlunA).
- Kaskezur.Deus (Usopop).
- Borla. Kordoba Bidea (Egilea editore).
- Fontaines DC.Romance (XL Recordings).
.
Urko Ansa
- Pelax. Esan gabe doa (Balio dute).
- Alguillo & Alkimistak. Burua makurtu gabe (Egilea editore).
- Izaro. Izaro Gabonetan (Egilea editore).
- Opeth. The last will and Testament (Reigning Phoenix Music).
.
Julen Azpitarte
- Kaskezur.Deus (Usopop).
- Izukari. Ikari lehena (Hagina Records).
- Verde Prato & Bronquio. Erromantizismoa (Plan B Rec).
- Cindy Lee. Diamond Jubilee (Realistik).
.
Andoni Tolosa
- Anari.Giza Zarata (Tristuraren Industria)
- Izaki Gardenak.Orube (Alde IlunA).
- Xabier Badiola. Xabier Badiola (Gaztelupeko Hotsak).
- Za! & Perrate. Jolifanto (Lovemonk).
Adarkatzeak doinuetan Adarkatzeak doinuetan Adarkatzeak doinuetan Adarkatzeak doinuetan