Abian da Izaskun Arrue Kulturguneko udazkeneko programazioa
Izaskun Arrue Kulturguneko udazkeneko programazioa –
Irailarekin batera, udazkenean Izaskun Arrue Kulturgunean eskainiko den programazioa aurkeztu du Lazarraga Kultur Elkarteak. Oporren aurretik eraikina ireki eta hasierako jarduerei jarraipena ematera datoz euskal kulturaren inguruan antolatu den eskaintza zabaleko diziplina ezberdineko jarduerak: kontzertuak, ikastaroak, sormenari lotutako deialdiak, familiei zuzendutako egitaraua, ikuskizunak, aurkezpenak, bertso-saioak, filmak, udalekuak eta bisita gidatuak. Oihanederren abiapuntu izan zuten hauetako hainbat egitasmok eta elkarlanek jarraipena izango dute IAKn ere eta, aldi berean, ekimen eta lankidetza berriekin osatuko da programazioa. Iraileko bigarren hastetik aurrera kulturgunean egongo da zer ikusi eta zer bizi.
Irailean sartzearekin bat, Lazarraga Kultur Elkarteak urtaro berrirako egitaraua aurkeztu du. Uztailaren 18an Izaskun Arrue Kulturgunea ireki zenetik, gogotsu hartuko du eraikinak maiztasun handiagoz bertan jasoko den kultura-eskaintza, musika doinuak eta euskarazko hitzak. Baita Oihaneder Euskararen Etxea itxi zenetik azken bi urte hauetan zain egon diren erabiltzaile, etxeko txiki, familia, euskaldun, gazte, euskara zale eta euskarara hurbildu nahi duen edonor ere.
Iraileko bigarren astean hasi eta urtea amaitu arte, mota askotariko jarduerak antolatu dira publiko ezberdin ugari euskal kulturara erakartzeko asmotan:
- Kontzertuak: Petti, Esanezin, Egin Leku deialdiko irabazleen aurkezpen kontzertuak eta Aitzina Folken baitako kontzertuak.
- Antzezlanak: Espazioa. Bidaia bat gure baitan eta Metraia (TopAraba 2022 deialdiko irabazleen proiektuak) eta Taulara deialdiko irabazleen aurkezpenak.
- Ikuskizunak: Les bobé bobé eta Beatriz Egizabalen bakarrizketa berriaren estreinaldia (Komedialdia), Kopla Txapelketako finala (Arabako Bertsozale Elkartea eta Alearekin batera) eta Hitz esana (Mejillon Tigre kolektiboa).
- Ikastaroak eta tailerrak: Literatura-idazketaren hastapenak ikastaroa (Manu Lopez Gasenirekin), Euskaldunentzako Jabetze Eskola (UEUrekin elkarlanean eta Manex Agirrerekin koordinazioan), ZTIAM erronkak (Elhuyarren eskutik).
- Lehiaketak: Hizki laburren lehiaketa (Gauekoak programarekin elkarlanean), Taulara: mikroantzerkien lehiaketa eta Liburuen eta diskoen zozketak sare sozialetan.
- Deialdiak:
- Egin Leku, musikari hasiberrientzako plaza (epearen amaiera: a. irailaren 15ean)
- Bagare, Arabako kultura estrategia euskaltzaleak sustatzeko ikerketa beka (irailaren 9an irekiko da deialdia)
- Batera, kultur proiektuak elkarrekin: laugarren edizioa (irailaren 27an irekiko da deialdia)
- TopAraba, Araban euskal kulturaren sormen esparrua sustatzeko egitasmoa (azaroaren 9an izango dira Miren Luzirikak gidatuko dituen deialdiari hasiera emateko jardunaldi irekiak).
- Filmak: Zuhaitzen ezkutuko bizitza eta Aftersun (Filmazpit) eta Amaren eskuak eta Nora (Euskara Pantaila Handian zikloaren baitan, euskaltegiekin).
- Neguko udalekuak: Negulekuak.
- Familia jarduerak: Etxe barruko botanika, Txiki-zinema (Tximinoen Izarra; Laban, mamu txikia. A ze beldurra!; Yuku eta Himalaiako lorea; Alan, giza antena) eta Urpekontzi misteriotsua ikuskizuna (Dona Dona Katona zikloaren baitan) eta Asier Kidam (Magialdia).
- Aurkezpenak, hitzaldiak eta bestelakoak: “Zer jan hura izan? Elikadura Burujabetza eta Agroekologiaren bidea” (Mirene Begiristain), “Kutxaz kanpo. Hemen pentsatzeari jolastu esaten zaio” (Badalab eta Fikzio Fabrika kolektiboak), “Hizkuntzei aplikatutako adimen artifiziala eta euskara” (Igor Leturia), Euskozenoa egitasmoaren aurkezpena eta bisita gidatuak.
Irailaren 11n izango da denboraldi berri honen lehenengo jarduera: Espazioa. Bidaia bat gure baitan antzezlana ikusteko aukera eskainiko da Eneko Etxebarrieta eta Miyuki Okabe sortzaileen eskutik. Oihaneder Euskararen Etxean, 2022. urteko TopAraba deialditik ateratako egitasmoa da hau eta orain Izaskun Arrue Kulturgunean aurkeztuko da. Deialdi beretik atera zen Metraia lana ere aurkeztuko da udazkenean zehar: Josune Velez de Mendizabal, Aitor Vinagret, Beñat Fontaneda eta Ainhoa Imaz sortzaileen diziplinarteko metodologian oinarritutako ikus-entzunezko lanak sortzeko proiektu kolektiboa.
Lazarraga Kultur Elkarteko lantaldeak osatu duen programazioan ere, Oihanederren abiapuntu izan zuten jarduerez harago, badute lekua egitasmo berriek ere. Horietako bat da irailaren 25etik aurrera Manu Lopez Gaseniren gidaritzapean antolatu den Literatura-idazketaren hastapenak idazmen tailerra. Ikastaroa asteazkenetan egingo da, 10 saioko iraupena izango du eta adinez nagusiak diren guztiei zuzenduta dago. Literatura-idazketaren lehen urratsak landuko dira bertan, testu laburrak sortzeko teknikak proposatuz, konplexutasunean mailaz maila aurrera egiteko.
Aipatzekoa da baita Oihanederren lantzen hasitako elkarlanek eta saretzeek ere kulturguneko programazioan ere beren emaitza erakusten jarraituko dutela. Izan ere, lankidetza horietatik datoz hainbat jarduera: Aitzina Folk jaialdiaren barruan egingo diren kontzertuak eta Udako Euskal Unibertsitatearekin batera antolatu den Euskaldunentzako Jabetze Eskola, esaterako. Ikastaro formatua izango duen eskola honek Gaistezko eta inguruetako euskaldunentzako beharrezkoa den hausnarketarako, ahalduntzerako eta artikulatzeko balio nahi du. Egitaraua osatzera datoz, lankidetza berriak ere: Magialdia eta Komedialdiaren egitarauetan ere Izaskun Arrue Kulturgunean egingo dute aurten geldialdia.
Programazioaren zabalpenari dagokionean, Izaskun Arrue Kulturgunearen webgunea izango da eguneratuta egongo dena behin betiko informazioarekin. Eta jarduera bakoitzaren informazio xeheagoa datak heldu ahala jakinaraziko da bertan. Sare sozialetan ere programazioaren berri emango da. Halaber, kanal hauetan jakinaraziko dira, esaterako, programazioan zein jarduera izango diren doakoak, eta zeintzuk izango duten aurrez erosi beharreko sarrera. Salbuespenak salbuespen, astebeteko aurrerapenez jarriko dira sarrerak eskuragarri Izaskun Arrue Kulturgunearen webgunean.
Lazarraga Kultur Elkarteak eskerrak eman nahi dizkie egitasmo honetan bidelagun duen Gasteizko Udalari, baita egitasmoan konfiantza jarri duten eragile ezberdinei: proiektuaren babesle nagusia izango den Vital Fundazioa, laguntzaile izango den Laboral Kutxa, eta baita hedabide laguntzaileak ere: ALEA, Berria, Eitb – Radio Vitoria eta DNA.
Abian da Izaskun Arrue Kulturguneko udazkeneko programazioa