Abestien eta olerkien arteko mugan

Rock-and-rollak eta literaturak maiz egiten dute bat. Atzokoan, Garik, musikari den aldetik, eta Benjamin Pradok, idazle den aldetik, egin zuten bezala. Rock-and-rolla eta poesia ez baitira elkarren etsai, maiz bat egiten duten diziplinak, baizik.

“Musikak publiko guztia lapurtu zien poetei. Poetak atzean geratu ziren, etxean geratu ziren”, azaldu du Pradok. Gaur egun, ordea, poesiak irakurlearengana hurbiltzen ikasi du, rock-and-rollak hasieratik egin zuen bezala. Bere maisu izan zen Rafael Albertiren antzera, Pradok ere ez ditu “eseritako poetak” maite: “Ez zait kalera ateratzen ez den, kutsatzen ez den idazlea gustatzen”.

Gari eta Prado, hain zuzen ere kutsatu zale dira. Biek bilatzen dute inspirazioa kalean, bestearengan. “Jendearekin harremanetan jartzea atsegin dut, aurrez-aurrekoa. Harremanak, esperientziak bilatzen ditut inspiratzeko”, dio Garik. Elkarreraginetik baitator sormena. “Gainontzekoek egiten dituzten gauzetatik sortzen dira gauzak”. Horixe Pradoren teoria. Madrildarrak ez baitauka lotsarik, gustatzen zaion zerbait topatzen duenean, “lapurtu”, berridatzi, moldatu eta bere egiten duela aitortzeko.

Iragana eta etorkizuna

Gaztetan arrakastaren zaporea dastatu zuen biek. Lehen lanek ospea eman zieten. Poeta eta idazle gisa, Pradori, musikari gisa Gariri. Madrildarrak bere ibilbidea kasualitateen ondorio izan zela dio, berak ez zuela etorkizuna prestatu.

Arrakastak Gari gainditu zuen, ordea. Abiadura handiko tren batean murgilduta ikusi zuen bere burua, azkarregi bizi izan zen. Eta ezdeusa omen da bizipen horiek utzitako aztarna. “Hainbatentzat arrakasta ez da onuragarria. Ni naiz horren adibidea”. Garai haiek laino batek estalirik oroitzen dituela dio legazpiarrak.

Garai berriei egin behar diete aurre orain. Garik, letren industrian musikaren industrian bizi izan dutena bizitzea tokatuko zaiela uste du. Industriaren desegituraketa etorriko dela uste du eta horrek ez duela zertan txarra izan dio. Sormena bultzatuko duela uste baitu Garik.

Abestia eta poema

Idaztera ohituak daude biak. Baten letrak poemak direla esan izan dute hainbatetan, eta bestearen poemak, abestiak. Eta batzutan olerkiaren edo abestiaren artean ezberdintasunik ez badago ere, badira mugak.

“Badira musikarik ez duten poemak”, azaldu du Garik. Bide beretik egin du Pradok: “Poema eta abestia ez dira berdinak. Abestiak lelo bat behar du, abesten diren poemek abesti izan behar dute neurri batean”. Eta abestu ezin diren poemak abestu izan direla gaineratu du.

gari

Benjamin Prado

Irudia | Gari | Alberto Garcia Alix | LGPL
Irudia | Benjamin Prado | zz | Creative Commons By SA