Kritika Zinematografikoa: “A Whole Life”
Kritika Zinematografikoa: “A Whole Life” –
Zuzendaria: Hans Steinbichler
Urtea: 2023
Herrialdea: Austria – Alemania
Bernardo Atxagaren testuarekin zerikusirik ez badu ere, ezin hobeto deskribatuko luke ‘Gizona bere bakardadean’ esamoldeak jatorri suitzarreko Hans Steinbichler zinemagile alemaniarraren film berriena. XX. mende osoa zeharkatzen duen istorioa dakar EIN GANZES LEBEN / A WHOLE LIFE-k, Andreas Eggerren bizitza tragikoa; Robert Seethalerren izen bereko eleberriaren egokitzapena da.
Margolari inpresionisten herentzia zinema hizkuntzara ekarriz, gizakia eta natura harremanetan jarriko ditu pelikulak, paisaiaren handitasuna lehenetsiz, argiaren indarra aldarrikatuz eta protagonista bere egunerokotasunean irentsiz. Austria eta Alemania arteko goi mendi-inguruetan girotua, lau urtaroen izaera ziklikoa izango da istorio honetako narratzailea, Andresek berak apenaz hitz egingo baitu. Bada, berriki Euskadiko Filmategiak zaharberritutako Tasio (Montxo Armendariz, 1984) edota Akira Kurosawaren Dersu Uzala (1975) klasikoen zein Le otto montagne (Felix Van Groeningen eta Charlotte Vandermeersch, 2022) obra garaikidearen trazu eta balore humanista dakar Steinbichlerren lanak, lurrarekiko lotura, errespetua eta maitasuna baititu funtsean ardatz.
Osabaren eta haren familiaren babespean hezitako haurra denetik, gizarteak bizitako atzera bueltarik gabeko garapen bizkorrak erabat mende hartu arte, Andreas Eggerrek aurrera begiratuko du. Biziraun, berarentzat tokirik ez duen mundu honetan. Hamarkadaz hamarkada sufrimendua areagotzen joango da, baina bere horretan erakutsiko digu zinemagileak barne bidaia latz honetako antiheroia, bakarrik, isolatuta, baina erromantiko. Familiako ardi beltza da, eta aita-ordeak mahaitik kanporatuko du, lehengusuek ohetik botako dute; taldetik kanpo, komunitatetik at egongo da beti. Umezurtza da, zamalanetarako mandoa, jipoien hartzailea, errena, alarguna… zoriontasuna ukatu zaion izaki tristea.
.
Kritika osorik irakurtzeko, sartu ZINEA atarian!
.
Kritika Zinematografikoa: “A Whole Life”