[47. Euskal Zine Bilera] Gaur, uztailak 30, Lehiaketan izena emateko azken eguna!
[47. Euskal Zine Bilera] uztailak 30, Lehiaketan izena emateko azken eguna!–
Euskara eta zinemabatzen dituen Lekeitioko jaialdiak bere 47. edizioa ospatuko du aurten. Euskara hutsez egiten den jaialdirik zaharrena da Euskal Zine Bilera eta oso harro gaude urte hauetan guztietan gure hizkuntza sustatu eta hedatzeko egindako lanarekin.
Zine berria egin eta istorio berriak kontatu nahi dizkiguten sortzaileetara heltzea du helburu gure jaialdiak. Urte bat gehiago, euskal ikus-entzunezkoen sorrera bultzatzeko lan egingo du Sail Ofizialeko Lehiaketak, hainbat sari ezberdinduz.
Aurtengo oinarrien arabera helarazitako lan guztietatik, aurre-aukeraketa bat egingo da eta, horietatik, 20 film laburrek osatuko dute Sail Ofizialeko Lehiaketa.
Euskal Zine Bilera urriaren 17tik 20ra ospatuko da Lekeitioko Ikusgarri zine aretoan eta bertan ikusi ahalko dira Sail Ofizialera heldu diren lan guztiak.
Euskaraz ekoitzitako askotariko lanen erakusleihoa da, teknika, tratamendu, genero, sorkuntza prozesu eta gai desberdinak biltzen dituen neurrian. Hori horrela, zuzendaritza, gidoi eta film onenaren sariak ezberdinduko dira. Eta gainera, ikusleak ere protagonista izango dira, lan bakoitzari haiek emandako puntuaketen bidez erabakiko baitute ikuslearen sari bereziaren irabazlea. Sari horiek ondorengo hauek izango dira:
- Film onenaren saria – 3.000 €
- Zuzendaritza onenaren saria – 1.600 €
- Gidoi onenaren saria – 1.600 €
- Benito Ansola saria (2000. urtetik aurrera jaiotakoentzat) – 1.000€
- Ikusleen saria – 750 €
Aurten, Nerea Ibarzabal bertsolaria eta idazlea izango da Lehiaketako epaimahaietako bat. Oso gaztetatik egon da sormenari lotuta. Hamaika urterekin hasi zen bertso eskolan, eta gazteentzako txapelketa eta sariketetan ibilbidea egin zuen. Egungo Bizkaiko txapelduna da, eta 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalista. Txakur Gorria sormen kolektiboko kide izan da hainbat urtez. 2022an argitaratu zuen Bar Gloria, bere lehenengo eleberria. Ongi etorri Nerea!
Gogoratu, lanak aurkezteko epea uztailaren 30era bitartean mantenduko da zabalik eta oinarriak zinebilera.eus webgunean daude eskuragarri.
Sail ofizialeko lanen egileei sari banaketa ekitaldian parte hartzea errazteko Lekeition gaua igarotzeko aukera eskainiko zaie. Film bakoitzaren egileari gela bikoitza ziurtatuko zaio. Gaua igarotzera geratu ezin diren egileen kasuan dieta gastuak ordainduko zaizkie.
Azkar ibili eta zorte on zinegile guztioi!
[47. Euskal Zine Bilera] Gaur, uztailak 30, Lehiaketan izena emateko azken eguna!