45. Euskal Zine Bilerak bere irabazleak ezagutzera eman ditu

45 Euskal Zine Bilerak bere irabazleak ezagutzera eman ditu –

Bart ospatutako Sari Banaketa ekitaldian Sail Ofizialeko irabazleak eman dira ezagutzera.

Euskal Zine Bilerak sari banaketa ekitaldia ospatuko du larunbat honetan, 20 izan dira Sail Ofizialeko Lehiaketara sailkatu zeuden filmak. Guztiak urriaren 20tik 22ra bitartean ikusi ahal izan dira Ikusgarri zine aretoan. Genero eta izaera oso ezberdinetako lanak ikusi ahal izan dira jaialdian zehar eta, aniztasun horren bidez, istorio ikusgarri eta interesgarriez gozatzeko aukera egon da.

Bost sari. Bost irabazle. Hogei lanen artean bost izan dira sari bat eskuratu ahal izan dutenak. Film onena, Zuzendaritza onena, Gidoi onena, Gazte22 saria eta aipamen berezi bat izan ditugu alde batetik. Hauen irabazleak erabakitzearen arduradunak Getari Etxegarai, Paul Urkijo eta Izaskun Urkijo zinegileak izan dira. Esperientzia eta ikus-entzunezko sektorearen ikuspegi zabala duten epaileek erronka handia izan dute film laburren artean onenak aukeratzeko. Bestalde, ikusleek astean zehar emandako botoen bidez EITB Ikuslearen saria erabaki dute.

45. Euskal Zine Bilerak bere irabazleak ezagutzera eman ditu

Film onena, Zuzendaritza onena, Gidoi onena, Gazte22 eta EITB Ikusleen saria

Film onenaren saria, Eñaut Castagneten “Muga” lanarentzat izan da. Immigrazioa, maila sozial eta lan esplotazioa bezalako gaiak jorratzen dituen lana da. Western estruktura duen pelikulak denbora osoan tentsioa mantentzen du, kameraren erabilera eta musikaren erabilera bikaina nabarmendu dute epaileek. Hortaz, berarentzat 45. Euskal Zine Bilerako Urrezko Antzarra eta 3.000 euroko saria.

Zuzendaritza onenaren saria, Aitzol Saratxagaren “Lanbroa”. Baliabide narratiboak ikus-entzunezko lengoaiaren bitartez adierazten ditu eta genero fantastikoaren kodeak modu paregabean erabiltzen dituelako. Berarentzat 1.600 euro eta Zilarrezko Antzarra.

Gidoi onenaren saria, Raul Barrerasren “Arnasa” lanarentzat izan da. Xamurra eta hunkigarria. Narratiboki era borobilean egina eta errespetuzko mezua adierazten duela azpimarratu dute epaileek. Berarentzat 1.600 euro eta Zilarrezko Antzarra.

Ikusleek astean zehar emandako botoen bidez EITB Ikusleen sariaren irabazlea zein izan den ezagutu dugu. Ikusleek haien botoekin erabaki dute irabazlea Raul Barrerasren “Arnasa” izatea, batez beste 5etik 4,31 puntu lortuz. Hortaz, berarentzat Zilarrezko Antzarra eta 750 euroko saria.

Gazte22 saria, Nagore Muriel-en “Erro bi” lanarentzat izan da. Sari honen irabazleak 22 urte edo gutxiago izan behar ditu. Aurtengo edizioan aurre-aukeraketa pasatu duen egile gazte bakarra izan da, hortaz erabakia erraza izan da epaileentzat. Berarentzat Zilarrezko Antzarra eta 750 euroko saria. Azkenik, epaimahaiak Leire Egañaren “Erlojupekoa” lanari egin nahi izan dio aipamen berezi bat.

.

Euskal Zinemaren Begirada: RAMON AGIRRE

Ekitaldi berean ere, euskal zinemagintzaren figura eta ekimenak omentzeko asmoz Euskal Zinemaren Begirada, Ramon Agirre Lasarte euskal aktorea omendu nahi izan da, 1983. urteaz geroztik euskal zinema, antzerki eta telebistan ezinbesteko ekarpena balioan jartzeko. Euskarazko zinean egindako filme esanguratsuenetan parte hartu du, eta baita nazioartean ere. Tartean aipa daitezke Aupa Etxebeste (2019), Handia (2017), hamar Goya sariren irabazlea, Errementari (2017), Txarriboda (2015), Baztan (2012), Las trece rosas (2013) edo Amour (2012), Cannesen urrezko palma irabazi zuena.

.

Lekeition zinea gara

Aurtengo jaialdia amaitutzat ematen dugu, baina 2023an berriz ere euskarazko zinema bultzatzen jarraituko du Euskal Zine Bilerak. Era berean, irabazleak ez ezik, partaide guztiak ere zoriondu nahi ditu, haien lanetan erakutsitako trebezia eta originaltasunagatik. Eta ez hori bakarrik, egunez egun Ikusgarri zine aretotik jaialdia jarraitu duten ikusleei ere eskerrik beroenak eman nahi zaizkie antolakuntzatik.

Azkenik, aurtengo jaialdiaren parte izan diren laguntzaile eta babesleak ere gogorarazi nahiko genituzke. Bizkaiko Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza, Eitb, Erabil, (H)emen, Eusko Label, Silken Uribarren hotela, Zinegin, Hitza, Euskaltzaleen Topagunea, Zinemazaleak Elkartea, Ibaia, Zinea.eus, Arragua, Kimuak eta Euskadiko Filmategi izan dira Lekeitioko Udalak antolatzen duen Euskal Zine Bilera aurrera eramateko laguntza eta babesa eskaini duten eragileak.

45 Euskal Zine Bilerak bere irabazleak ezagutzera eman ditu

Seriefiloa naiz.