4 serie bikain, aste hontan ikusteko
4 serie bikain, aste hontan ikusteko –
Aste hontan ere oporrak dituzu? Edo oporretatik itzuli zara eta ez dakizu zer demontre ikusten hasi telebistan edo ordenagailuan? Tira, hemen dakarzkizut 4 serie bikain. Laurak ikusten jarri eta irenstekoak. On egin.
1- The Night Of (HBO)
Pakistandar jatorriko taxi gidari baten semea da protagonista, Naz. New York eskenatokia. Irailaren 11eko atentatuen ostean sortu giro jasanezina, aurreiritziak eta krimen bat. Ez duzu erraz asmatuko nor den hiltzailea, telesaila amaitu arte. Fineziaz egindako ikusentzuneko narrazioa, aktore onak, umorea neurrian eta sekulako ezinegona sortuko dizun argumentua ditu Steven Zaillian eta Richard Priceren zintak.
2- The Blacklist (Netflix)
Raymond Reddington. Izan gogoan izen hau. Telesaila ikusi ostean ezingo baituzu gehiago burutik kendu. James Spader aktoreak bere bizitzako papera du The Blacklist telesaileko protagonistarena egiten. FBIko 10 bilatuenen artean dagoen nazioarteko gaizkilea da Reddington. Supituko FBIko bulego nagusian agertuko da, bere burua entregatuz eta tratu bat egiteko asmoz. FBIk ezagutu ere egiten ez dituen mundu mailako gaizkile ankerrenen zerrendako kideak atxilotzen lagunduko die, baldintza bakar batekin, Elisabeth Keen (Megan Boone) agentearekin bakarrik hitz egingo du.
3- The Leftovers (HBO)
Drama existentzialista. Bapatean gizateriaren %2a desagertzen da, literalki, zeuden lekuan arropak bakarrik utziaz. Eta gainontzeko %98a fase berri batean sartuko da, sinesmen eta aurrez ezarritako zutarri nagusiak deseginaz. Zer gertatu da? Horixe argitzen saiatuko da New Yorkeko auzo bateko polizia buru den, Kevin Garvey (Justin Theroux).
4- 13 Reasons Why (Netflix)
Hannah (Katherine Langford) suizidatu egin da. Institutuan kalapita itzela sortu da, eta bapatean bere takilla parean loreak eta argazkiak jartzen hasi dira. Clay Jensen (Dylan Minnette) lagunak etxean pakete bat jasoko du Hannah-k grabatutako kasetekin. Kaseteek suizidatzeko 13 arrazoi gordetzen dituzte, Clay eta bere institutuko lagunen errua agerian uzten duten 13 arrazoi.
“The young pope” ikusi dut egun hauetan eta gomendatuko nuke baita, egun erlijioso hauetarako aproposa izan da gainera, nire agnostikotasunetik…Jude Law primeran dago, Javier Camara ere bertan eta lan oso ona egiten, Erroma eta Vaticanoa ikusgarri, musika bikaina, oso gomendagarria…
Gomendio ona Keyser!
Niri ere asko gustatu zait. Eta, bide batez, Blacklist ere.
😉