25. HATSAREN POESIA liburuan nahi zaitugu, oraindik ez bazaude… (3. deialdia eta azkena)

25. HATSAREN POESIA liburuan nahi zaitugu, oraindik ez bazaude… 

Urte berri on, olerkari maitea:

Datorren urteko 25. “Hatsaren Poesia” olerki-bilduma liburua elkarrekin sortzea proposatzen dugu beste behin ere, eta datorren urtekoa handia egin nahi genuke. Hastapeneko (1999.urtea) olerkari horiek gogoratu nahi nituzke, hastapenaren hatsa izan zelako, baina ezin ahantz honainoko bidean hasierako haiei gehitutako poeta guztiak. Hasierako liburua oso garrantzitsua izan zen bezala, urtez urte izan duen segida are garrantzitsuagoa, eta ezinbestekoa dugu heldu den urteko zilarrezko urteurreneko HATSAREN POESIA etorkizunean ere segi dezan hatsa ematen, mundu hits honetan.

Bestalde, gogo-bihotzetan oroitu nahi nituzke aurten joan zaizkigun hatsakideak: Jakes Ahamendaburu, Koldo Zubeldia, Alvaro Mundiñano Gartziandia eta Txomin Peillen.

Beti bezala, itxaropen handi batekin pentsatzen dugu olerkari aunitzen oihartzuna ukaitea datorren urteko HATSAREN POESIA liburuan, eta posta elektroniko honekin batera, oroitu nahi dugu datorren urteko sar-hitza aspaldiko hatsakide dugun Peio Jorajuriari egokitu zitzaiola zoriz, eta datorren urteko liburuaren azalerako irudia eginen duena Imanol Irigoien izanen dugula.

Zuei denoi ere parte hartzeko gonbidapena zabaldu nahi dizuet, eta honako hau galdegiten dautzuegu:

  1. 2-3 olerki bidal diezagukezu, eta horrekin batera biografia labur bat, gehienez ere lauzpabortz lerro.
  2. Zure aurpegiaren argazki bat ere nahi genuke.
  3. eta bukatzeko, azken eskaera bat: idatz diezagukezu esaldi bat edo bietan(trinkoan) zuretzat zer den zure hatsa (arnasa)? Azken horrekin talde-olerki bat eta bakarra osatuko genuke denon artean.

Azken epea olerkiak bidaltzeko 2023ko urtarrilaren 29a izanen duzue, eta bi modu duzue horretarako:

  • helbide elektroniko honen bidez: hatsarenpoesia@gmail.com
  • posta arruntez: Bidasoa Portzelanak 6, 4. B, 20303 Irun, Gipuzkoa, Euskal Herria.

Baldintzarik gabe eta zentsurarik gabe olerki guziak usaian bezala, 2023ko bedatsean edo udaberrian argitaratuko ditugu, eta ontsalaz eta behin-behinekoz atxiki ere apirilaren 16a igandea, gure liburuaren inguruan oturuntza handi batean elkartzeko.

Zure inguruan diren olerkari idazleei mezu hau ZABALDU, otoi! Denontzat tokia izango da liburuaren barnean!

Besarkada bana

Hatsaren Poesia Liburua

www.elinberri.eus/…/2023-25-hatsaren-poesia…/

25. HATSAREN POESIA liburuan nahi zaitugu, oraindik ez bazaude... (3. deialdia eta azkena)

25. HATSAREN POESIA liburuan nahi zaitugu, oraindik ez bazaude… (3. deialdia eta azkena)

Ainara Maia Urrotz (Irun, Gipuzkoa, 1976ko ekainaren 6a) euskal idazle eta itzultzailea da. Euskal filologian lizentziaduna da 2002tik. Horrez gain, Euskal Herriko Unibertsitatearen Hizkuntza, Informazioa eta Komunikazioa ikasketetan masterduna da 2004tik, eta badu idazkuntzari lotutako graduondoko bat (UNED). 2008tik 2014ra Brnoko Masaryk Unibertsitatean aritu zen euskara irakurle lanetan. Harrezkero, trebakuntza, irakasle eta euskara teknikari lana txandakatu ditu. 2015ean Irungo Udal Euskaltegian ordezko euskara-irakasle; 2016an euskara-irakasle Nafarroako Hezkuntza Sarean (DBH). 2016tik 2018ra bitartean euskara teknikari Osakidetzako Debabarrena ESIn, Mendaroko ospitalean. 2019an euskara-irakasle EAEko Hezkuntza sarean. 2020tik eta gaur egun, euskalduntze-teknikari HABEn, Donostian.