2017ko uzta

“Handia” eta “Errementari” filmen arrakastak

Jon Garañoren eta Aitor Arregiren Handia filma Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatu zen, eta Epaimahaiaren Aipamen Berezia eta Euskal Zinemaren Irizar saria eskuratu zituen. Urrian Hego Euskal Herriko eta Estatu espainiarreko 92 zinema aretotan estreinatu zuten, eta azken 30 urteetako euskarazko film ikusiena bilakatu da, Aupa Etxebeste! (Asier Altuna eta Telmo Esnal, 2005) arrakastatsuari aurrea hartuta. 2018ko Goya sarietan hamahiru kategoriatan da hautagaia.

Martxoan helduko da, ordea, urteko ezustekoa eman duen Paul Urkijo gasteiztarraren Errementari opera prima. Sitgesko zinema jaialdian estreinatu zuten, eta Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea zabaldu zuen lanak. Ikusleek eta kritikak oso harrera ona egin diote bietan, eta publiko orokorrak ere filmaren gozatuko duelakoan daude egileak.

.

Elias Querejeta Zine Eskola

Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekimenez, 2017ko urrian zabaldu zituen ateak Donostiako Tabakalerako 0 solairuan egoitza duen Elias Querejeta Zine Eskolak. Lehen ikasle-taldeak, ostera, 2018ko irailean ekingo dio masterrari, baina bitartean, herritarrentzako programazioa eskaintzen hasi dira.

2017ko uzta

Carlos Muguiro baztandarra da eskolaren zuzendaria. Irakasle, programatzaile, ikertzaile eta zinemagileak hiru entitateren arteko “transmisio-uhal” gisa aurkeztu zuen zentroa, “pentsatzeko, gogoeta egiteko eta ideiak sortzeko” topagunea, eta ikasleek hiru espezialitate lantzeko aukera izango dute, haietako bakoitza eraikinean bertan kokatuta dagoen eragile batekin lotutakoa: Artxiboa, Euskadiko Filmategiarekin; Komisariotza, Donostia Zinemaldiarekin; eta Sorkuntza, Tabakalerarekin.

.

Juanba Berasategiren heriotza

Apirileko azken egunetan zendu zen euskarazko animaziogintzan aitzindari izandako Juanba Berasategi (Pasaia, 1951) zinemagilea. 1985ean aurkeztu zuen Kalabaza tripontzia euskarazko animaziozko lehen film luzeagatik oroituko dugu gehienok, baina sektoreko lankideek eta lagunek Berasategiren ekintzailetzaren eta izaera nekaezinaren hutsunea sumatu dute jada. Animaziozko film bat osatzea ero gutxi batzuen ametsa baino ez zen garaian, zeru-lurrak astindu zituen, sasi guztien azpitik, hodei guztien gainetik, fantasiak errealitate bihurtzeko. Berak zuzendutako azken filma, Nur eta herensugearen tenplua, animaziozko film onenaren Goya saria jasotzeko hautagaia da.

.

Aldaketak Jaurlaritzaren laguntza sisteman

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak zinemagintzarako diru-laguntzen egitura berritzeko asmoa azaldu zuen iragan ekainean, eta industriako profesionalen aurrean agerraldia egin zuen 2017ko deialdia zabaldu aurretik. Aurrekontua % 35 handitu dute, eta horrez gain, gidoien sorkuntzara bideratutako partida murriztea, 800.000 eurotik beherako aurrekontua duten proiektuentzako partida berezi bat sortzea, eta emakumezkoen partaidetza saritzeko baldintzak lehenago hartzea izan dira, besteak beste, aldaketa nagusiak.

Doikuntzak zehatzago azaldu dizkizuegu ondorengo artikuluan.

2017ko uzta

 

.

Euskarazko Ikus-entzunezko Sorkuntza laborategiaren lehen urratsak

2017ko uzta

Gipuzkoako Foru Aldundiak hauspotu duen Euskarazko Ikus-entzunezkoen Laborategiaren aurkezpena egin zuten urtea amaitu aurretik Tabakaleran, eta Mondragon Unibertsitateko Amaia Pavonek eta Goiena Komunikazio Taldeko Iban Arantzabalek azaldu zituzten gune berriaren nondik norakoak. Sektoreko 80 enpresa, elkarte eta ekimenekin elkarrizketak egin dituzte industriaren beharrak identifikatzeko eta proiektua definitzeko, eta ediziorako eta proiekzioak egiteko ez ezik, jendea elkartzeko eta ideiak partekatzeko aukera ere eskainiko duen aretoa 2018an zabalduko dutela iragarri zuten.

.

Kanaldudek telebista publiko zerbitzua eskainiko du

Frantziako Akitania Berria eskualdeak telebista-zerbitzu publikoa eskaintzeko 2018-2020ko kontratuak izenpetu zituen urrian, eta onetsitako lau telebisten artean, Bidarrain (Nafarroa Beherea) egoitza duen Kanaldude herri-telebista dago. Hiru urtez, urtean 243.000 euro jasoko ditu zerbitzu publikoa eskaintzeko, euskararen presentzia eskualdeko ikus-entzunezkoan bermatzeko eta tokiko ekoizpena sustatzeko.

2017ko uztaAlbiste pozgarria da sektorea indartzen duelako, egindako lanaren aitortza delako eta euskarazko hedabideen izaera estrategikoa agerian jartzen duelako. Baina bada kontuan hartu beharreko bigarren alderdi garrantzitsu bat: euskal ikus-entzunezkoen ekoizpenean inbertitzeko aukera izango duen telebista publikoa izango da aurrerantzean Kanaldude (aldeak alde, EiTBren mailan), eta mugaren bi aldeetako proiektuak sustatzeko eragile ezin hobea bilakatu da.

.

Euskal aktoreei boikota

Zenbait euskal aktorek, euskal kulturako ordezkari askok bezalaxe, boikot saiakerak jasan behar izan dituzte beren jardunarekin loturarik ez duten iritzi pertsonalak publikoki azaltzeagatik. Euskal Aktoreen Batasunak oharra kaleratu zuen aurten aurrenekoz, eraso horiek profesionalen ibilbidean izan ditzaketen ondorioen inguruan ohartarazteko, eta guk mugarri positibotzat joko dugu honakoa, etorkizunean halakorik errepikatu ez dadin.

2017ko uzta

.

Euskal Zine Bilerak 40 urte bete ditu

2017ko uzta

Euskara hutsean egiten den Hego Euskal Herriko zinema jaialdi bakarra da Lekeitioko Euskal Zine Bilera, eta 40. edizio borobila urriaren 14tik 21era egin zuten. 38 film lehiatu ziren orotara; 24 amateurren kategorian, eta zazpi profesionalenean. Film onenaren sariak, hain zuzen, Jane, Tarzan ez zen horren guay (Begoña Vicario) eta Zulo (Amancay Gaztañaga eta Erika Olaizola) lanek jaso zituzten, profesionalen eta amateurren kategorietan, hurrenez hurren.

Horrez gain, (H)emen elkarteak antolatutako mahai-ingurua egin zuten, emakumeek zinemagintzan duten presentzia aztergai, eta Ruben Martínez Rosasek jaso zuen aurtengo Benito Ansola sorkuntza beka.

.

Zineleku udalekuen bigarren edizioa

Lehen edizioak izandako arrakastaren ondotik, Zineleku ikus-entzunezko udalekuek bigarren itzulia egin zuten uztailaren 23tik abuztuaren 3ra, oraingoan, baina, Gasteizko hirigune zaharrean. Elkarrekintza eta elkartrukea sustatzea eta ikuspuntu komunitarioa ageria jartzea izan ziren edizio honetako helburu nagusiak, eta deialdian parte hartu zuten 18-29 urte arteko gazteek goi mailako irakasleekin eta ikaskideekin elkarbizitzeko aukera izan zuten, baita etorkizunerako ikus-entzunezkoen arloan lagun taldetxoa osatzekoa ere.

2017ko uzta

 

 

.

Hamahiru estreinaldi euskaraz

2017ko uzta

Nazioarteko haur eta gazteentzako film arrakastatsuak euskaraz eskaintzeko ardura duen Zineuskadi elkarteak hamahiru film bikoiztu ditu 2017an. Tartean, Ballerina frantziarra, Lego Batman estatubatuarra eta Richard zikoina alemaniarra euskaraz izan dira ikusgai baita Durangoko Azokan ere. Eta egunotan Bilbon, Donostian, Iruñean, Laudion eta Urruñan egin dituzte Zinegabonak zikloaren baitako emanaldiak.

2017ko uzta 2017ko uzta 2017ko uzta 2017ko uzta 2017ko uzta 2017ko uzta 2017ko uzta

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.