Kritika Zinematografikoa: “20.000 especies de abéjas”

Kritika Zinematografikoa: “20.000 especies de abéjas” –
Kritika Zinematografikoa: "20.000 especies de abéjas"

Zuzendaria: Estibaliz Urresola Solaguren
Urtea: 2023
Herrialdea: Euskal Herria

-Aniztasunaren jainkoak-

Kritika Zinematografikoa: "20.000 especies de abéjas"

Estibaliz Urresola laudioarraren lehen film luzea euskal zinemaren eremuan mugarri da hainbat arrazoirengatik. Agerikoena, Berlinaleko Sail Ofizialean lehiatuko den lehen euskarazko pelikula delako; baina bestalde, jorratzen duen gaiaren tamainari neurria hartuz, moralismo traketsetatik aparte aurrera egiteko erakusten duen gaitasuna duelako: Aitor/Coco/Lucia-ren istorioaren bitartez, ume transen samina eta daukaten bide malkartsuaren oztopoak plazaratzen ditu, gizarte tabu eta gai konplexu horien lur irristakorretan tinko mantenduz. Eta guzti hori, bukatzeko, irudiz osatutako artefaktu ederra eraikita lortzen duelako, heldutasun zinematografiko nabarmena erakutsiz.

Berez sinopsia soilki egin liteke, nahiz eta matizazioak oso ugariak izan daitezkeen. Aitor deitzen d(ut)en 8 urte inguruko umea daukagu (Sofia Otero), mutil ‘jaio’ (era konbentzional zaharkituan mintzatuko gara, momentuz) zena. Baina ez da izen horrekin gustura sentitzen, bere izatasuna neskarenarekin erlazionatzen duela jakingo dugu aurki. Umearen eboluzioarekiko paraleloan, bere amak (Patricia Lopez-Arnaiz, ohiko maila jazoa ematen) nora eza bizi du, bere ibilbide profesional (arte plastikoaren jardunean eta honen irakaskuntzan egiten du lan) eta sentimentalean (Martxelo Rubiok haragitzen du bere bikotea). Pelikularen bi poloak, hala, umeen eta helduen unibertsoen bi lerro horiek, segituan erakutsiko zaizkigu, eta uda-oporraldi batetan, amaren txikitako herrian, garatuko da pelikularen bizkar-hezurra.

Edonola, ikuslearengan konfiantza osoa du filmak eta ez da azalpen hutsaren betebeharra duten eszenetan geldituko. Lehen eszenak argigarriak dira, pertsonaien arteko hartu-emanen koordenadak markatuko dituzte, baina berez presaka dabilen familia baten, bikotearen eta hiru seme-alaben, inguruko irudiak dira, autoan elkarri oihuka eta leporatze betean daudela. Pertsonaien loturen konposizioa egitea ikuslearen jarrera aktiboaren bitartez gauzatu beharko da.

Nolabait esan genezake aipaturiko hori haurraren ibilbide iniziatikoaren hastapena izango dela. Bere bilakaeraz kontziente da Coco (hala deituko du bere burua pelikularen tarte handienean), eta barne kontraesanak pilatu egiten dira beragan: errua, beldurra, ezintasuna eta amorrua. Etengabe galderak egiten ditu (zer da fedea? galderari emango dioten erantzun horretan pelikulak dituen ardatzetako bat ezkutatzen dela ematen du). Zentzu horretan, Sofia Oteroren lan sentikor hunkigarria azpimarratzea ezinbesteko da, oinarriko harri sendo hori gabe gainean eraikitzen den gaztelua ez litzateke horren tinkoa.

Halaber, herri txiki horretako errealitate itxira iristean, gizartearen kateak geroz eta gehiago estutuko du ‘Aitor’ (izenak berak men egiteko agindu bat inplizitu daukanaren sentsazioa dago), jaiotzetiko rola bete dezan. Bere ile luzeak ezinegona eragingo du, batez ere bere amonarengan (Itziar Lazkano), gizarte konbentzional eta estandarizatuaren zeinu den pertsonaia. Neurri berean, haurrak babesa aurkituko du bere amaren izebarengan (Ane Gabarain), herri kanpoko mendian bizi dena. Bi emakume nagusi hauek dira, hain zuzen ere, pelikularen bi ardatz moralak, Cocok munduko tokia zein duen erabakitzeko erabiliko dituen bi erreferentziak. Eta modu adierazkorrean, bi emakume nagusi hauek fede oso bestelakoen zeinu ere badira. Amona, herri guztia bezala, erlijio katolikoaren komunitatearen parte da. Elizak markatzen du zein den jarduteko zuzentasuna, ongi eta gaizki dagoen mugak irmo eta aldebakarrekoak dira, jainko bakar horren dogmapean idatziak (adierazkorra da pelikularen ardatzetako bat lehengusu baten bataioa izatea, erlijioak jaioberri bati ‘izena’ jarriko dion zeremonia). Izebak, aldiz, erleen inguruan eraikitzen du bere bizimodua, eta nolabaiteko erlazio mistikoa ematen da mendi magalean dituen erle-kutxa horiekin. Oinazeak sendatzeko baliatzen ditu, eta botere ikusezinak ere iradokitzen dira. Aniztasunaren jainkoak dira, bestelako errealitate askeak onartu eta posible egiten dituztenak, mundu ikuskera aberastuz. Agian bi sineskeren garatzea eskematikoegia izan liteke, baina zinez ederra da bi mundu ikuskerok Cocok bizi duen barne egoera horrekin sortzen duten zubia.

Izan ere, mugen gainean idatziriko pelikula da 20.000 especies de abejas, Cocoren bidegurutzearen metafora direnak. Espazialki, Ipar Euskal Herritik Hego Euskal Herrirako mugaren zeharkatzea da lehen urratsa; linguistikoki, euskara eta gaztelera tartekatu egingo dira etengabe (euskara genero gabeko hizkuntza izatea aipagarria da, ezbairik gabe); umeen eta helduen sentsibilitatearen arteko muga argia ere eraikiko du pelikulak, txikienek aniztasuna barneratzeko gaitasun handiagoa dutela plazaratuz; eta mugarik ederrena Urresolaren kamerak eraikitzen duen dimentsio bisual berriaren aurkikuntza, ispiluetan islatutako irudiak pantailaratuz, indar sinboliko handia lortuz momentu esanguratsuetan gertatzen den heinean.

(…)

Kritika osorik irakurtzeko, sartu ZINEA atarian!

Kritika Zinematografikoa: "20.000 especies de abéjas"

Kritika Zinematografikoa: “20.000 especies de abéjas”

Euskal pantailaren gunea

Zer duzu buruan “Kritika Zinematografikoa: “20.000 especies de abéjas””-ri buruz

  • Amonamantangorri 2023-02-28 12:21

    Xehetasun deigarri bat: zuzendariak neskato bat jarri du ‘neska trans’ baten rola antzezten. Zine eta telebistako fikzio-lanetan hautu hori ohikoa da eta, areago esanen nuke, sistematikoa.

    Joera hori maila absurdoetaraino iristen da: “La Casa de Papel”-en, esaterako, Belén Cuestak, ‘emakume trans’ baten paperean, aktore maskulino batekin harreman (homosexual?) bat dauka.

    Hautu sistematiko horren atzean egongo da motibo ideologikoren bat, seguru, baina orain ezin esan zein den.

    Zergatik ezin dezake Sofía Oterok ZORTZI URTEKO ‘mutiko trans’ baten papera egin, adibidez Ariadna izenez deitu baina berak “barruan” Aitor dela sentizen duen batena?

    Bestalde, pelikula ikusi gabe ezinezkoa zait asmatzea zein ezaugarri pertsonal dauzkan 8 urteko Cocok, 8 urteko Aitor batek eduki ezin ditzakeenik eta alderantziz. Zerk edo nork sinetsarazi ote dio Aitorri, bera ezin dela den bezalakoa izan Aitor izeneko mutikoa izanda…

    Ai, itxoin, nere kulpa, hona ez gara etorri metodo kritiko arrazionalak aplikatzera, baizik eta soilik nola hunkitzen garen gozatzera, barkatu!

    Edonola ere, laster zorakeria hauek pasako dira, honezkero asuntua lehertzen hasia baita hainbat herrialde gu baino “aurreratuagoetan”. Ez pentsa hain txalotua, hunkigarria, progrea eta guaia denik.

    Halako produktu kulturalak historiaren zabortegian bukatuko dira. Gaur egun marketing transgeneristan burubelarri dabiltzanak, hemendik gutxira lotsaz, nahiago izango dute dena ahaztu eta gaiaz ez mintzatu.

    Ume transik ez da existitzen. ‘Haur trans’ izenekoak zaurgarritasun egoera larrian dauden neska-mutikoak dira. Adin txikien babesteaz arduratzen diren zerbitzuek zorrotz behatu beharko lukete familia horietan zer gertatzen den eta batez ere gurasoek osasun mentala nola daukaten.

    Laburbilduz, defendatzen ari zaretena:
    – Sexu-estereotipoetan oinarritutako esentzietan sinestea.
    – Homofobia: seme-alaba homosexualak alaba-seme heterosexual bilakatu nahi izatea.
    – Sortzetik barruan daukagun “genero-identitate” metafisiko batean fede solipsista.
    – Garun maskulino eta femeninoak, arima urdin eta arroxak existitzen direlako uste antizientifikoa.
    – Haur eta nerabeekin (baita helduekin ere) experimentu psikologiko eta medikoak egitea; lehenik trantsizio soziala, ondoren atzera bueltarik ez duten tratamendu hormonalak eta azkenik kirurgiak.

    Zuen buruari ezin izango diozue esplikatu nola iritsi zineten zabor-pila hau guztia defendatzera.