172.000 ikusle baino gehiago Donostia Zinemaldiaren 72. edizioan
172.000 ikusle baino gehiago Donostia Zinemaldiaren 72. edizioan –
172.000 ikusle baino gehiago izan dira Donostia Zinemaldiaren 72. edizioan eta, 5.300 akreditatu baino gehiagorekin, bere marka hautsi du beste behin ere
….
172.301 ikusle izan dira 53 herrialdetako 252 tituluren 676 emanaldietan Donostia Zinemaldiaren 72. edizioan. 2023an, 158.194 ikusle izan ziren; beraz, %8,9 igo da ikusle kopurua.
Ondoz ondoko hirugarren urtez, akreditatuen marka hautsi du Zinemaldiak. Iaz, 5.000 pertsonen kopurura iritsi zen lehen aldiz, eta, aurtengo edizioan, 5.314 izan dira; hots, iaz baino %5,8 gehiago. Zifra horren erdia, gutxi gorabehera, Industria arloari dagokio: 2024an, 2.392 akreditatu izan zituen, 2010ean baino %143 gehiago (984 izan ziren orduan). Urte horretan, industriari laguntzeko estrategia berri bat jarri zuen abian Zinemaldiak.
Azken urteetan, Zinemaldiaren jarraipena egiten duten kazetarien kopuruak ere egin du gora, batik bat nazioarteko prentsari dagokionez: azken edizioan, nazioarteko 202 hedabidetako 226 kazetari izan dira gurean, %27 eta %17 gehiago, hurrenez hurren, 2023aren aldean.
72. edizioan, Donostia Zinemaldiak ahots berriei eman izan dien garrantziaren lekuko diren bi urteurren izan ditugu. Batetik, orain dela 50 urte egin zen lehen aldiz Errealizadore Berriak jatorrizko saila. Gaur egun, New Directors eta Nest sailetan hedatzen da, bai eta lehen eta bigarren filmen programazioan ere sail guztietan: 54 izan ziren 72. edizioan, horietako bost Sail Ofizialean. Bestetik, Ikusmira Berriak sailaren egonaldiek hamargarren urteurrena ospatu da. Erabat finkatuta daude, eta izen ona dute estatu eta nazioarte mailan.
Zinemaldiak eztabaidatzeko eta ideiak trukatzeko foro irekia izan nahi du hemendik aurrera ere, zenbait printzipio utziezin defendatzeari utzi gabe. Hori horrela izanik, aurten jarrera irmoa hartu du Argentinako zinema-industria desegitearen aurka eta adierazpen-askatasunaren alde. Azken hori Albert Serrak zuzendu duen eta Urrezko Maskorra irabazi duen Tardes de soledad / Afternoons of Solitude filmaren ondoriozko zezenketen aurkako protestak zirela-eta. Gainera, arreta mediatiko gutxiagoko elkarrizketa nabarmenak ere hartu ditu, hala nola Costa-Gavras zinemagilearen Le dernier souffle / Last Breath filmaren proiekzioaren ondoren agertu ziren lekukotza espontaneoak, norberaren eta gertueneko izakien heriotzari ahalik eta kondizio onenetan aurre egiteko kezka adierazi zutenak.
Zinemaldiaren 2024ko memoria haren webgunean dago eskuragarri gaurtik aurrera. Zifrak, filmen zerrendak, WIPak eta proiektuak ditu, eta, gainera, Pentsamendua eta Eztabaida saileko eta ikasturtean zehar Koldo Mitxelena Kulturunearekin batera antolatzen den Zinemagileen arteko elkarrizketak ekimeneko elkarrizketen hausnarketak jasotzen ditu. Horiez gain, Z365 (urte osoko Zinemaldia) arloaren jardueren aipamenak ere jasotzen ditu memoriak. 13.506 lagunek ikusi dituzte haren emanaldiak.
2024ko memoria
172.000 ikusle baino gehiago Donostia Zinemaldiaren 72. edizioan