16. Huhezinema hastear da

16 Huhezinema hastear da –

Adin desberdinetara zuzendutako egitaraua izango da, haurrendako “Orkesta Lurtarra” proiekzioa edota nagusiei eskeinitako goiza, esaterako.

Andoni Imaz (kazetaria), Nagore Eceiza (film zuzendaria) eta Kepa Errastik (aktore eta gidoigilea) osatuko dute jaialdiaren epaimahai nagusia.

Babesle nagusiak Eusko Jaurlaritza, Aretxabaletako Udala eta DANOBATGROUP dira.

16. Huhezinema hastear daHuhezinema ospatzeko unea iritsi da! Aretxabaletan urtarrilaren 25etik 27ra Euskal Film Laburren jaialdiaz gozatu ahalko da, sari banaketaz gain, sail desberdinetako proiekzioak ikusteko aukerarekin. Egitarauan, zinema aretoko jarduerez harago, beste hainbat ekintza ere bildu ditugu, besteak beste, ElektroPottotti elektrotxarangaren eta DJ Julenen emanaldia Aretxabaletako kaleetan zehar, eta Hazi Eusko Jaurlaritzaren erakundeak eskainitako ardo dastaketa.

.

Egitaraua

Adin guztietako pertsonei zuzendua izango da edizio berria, adin-tarte bakoitzarentzat prestatutako programarekin. Jaialdian izango diren ekitaldi guztiak Aretxabaletako Arkupe aretoan izango dira, ardo dastaketa, elektrotxaranga eta DJa izan ezik.

Hasteko, GAUR, asteazkena, goizeko 10etan, haurrentzako “Orkesta Lurtarra” proiekzioa izango da, Kurtzebarri eskolako ikasleak bertan izango direlarik. Filma Euskadi Saria irabazi zuen Harkaitz Canoren “Orkestra Lurtarra” liburuan oinarrituta dago, baina lanketa berezia egin diote musikalki eta baita istorioan ere, garaikideago eta ganberroago bihurtuta. Imanol Zinkunegik eta Joseba Poncek zuzendu dute filma eta azken honek idatzi du musika guztia; Harkaitz Canok berak eta Eneko Olasagastik josi dute gidoia. Eta emaitza da, seguruenik, Lotura Films-ek orain arte egin duen lanik ‘txoro’ eta dibertigarriena, bai txiki zein helduentzat aproposa dena. Eguerdi eta arratsaldean, Ikasle eta Bideoklip Sailen proiekzioak ikusi ahal izango dira. Ikasle saila aurten oso berezia da guretzat, lehenengo aldiz sail hau euskal zinema eskola desberdinetako ikasle guztiei zabaldu baitzaie, HUHEZIko ikasleetatik harago. Bideoklip saila bigarren urtez antolatu dugu, iaz nobedade izan zena egonkortuz. Eta azkenik, asteazkenetan Aretxabaletan pintxo potea egin ohi denez, poteo baten bidez itxiera emango diogu egunari.

BIHAR, urtarrilaren 26an, osteguna, pertsona nagusiekin batera egingo den proiekzioarekin abiatuko da eguna. Hauek Senior Saria erabaki eta Haziren eskutik ardo dastaketa izango dute Aretxabaletako Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean. Arratsaldean, bikoizketaren mundua ezagutzeko aukera izango da, Ane Aseginolaza (Doraemon, Sorgin aspertua…) eta Arantxa Moñuxi (Nobita, Ane -Hiru hirukiak- .,.) egingo zaien elkarrizketaren bitartez. Ostean, arratsaldeko seietan, Oñatiko Antixena gaztetxearen eskutik, “Mari” erdimetraiaren proiekzioa eta egileekin solasaldia egingo dira.

ETZI, urtarrilaren 27a, ostirala izango da jaialdiko egun handia. Arratsaldean ekingo diogu egitarauari, sail ofizialaren proiekzioarekin. Emanaldia bi zatitan banatuko dugu, tartean atsedenaldi bat utzita. Proiekzioak amaitzean, arratsaldeko zazpietan, sari banaketa egingo dugu. Bertan elkartuko gara leihaketako partaideak, epaimahaikideak, babesleen ordezkariak, ikasleak, gerturatzen diren ikusleak eta, nola ez, antolakuntzako kideak. Ekitaldia borobiltzeko, Ausolanen eskutik luncha egongo da. Jaialdiari festa giroan emango diogu amaiera, ElektroPottotte elektrotxaranga (Aretxabaletako kaleetan zehar) eta DJ Julenekin (Aretxabaletako Ezkutu tabernan).

Ekintza guztiak doakoak eta irekiak izango dira. Ardo dastaketara bertaratzeko izena eman beharko da, plaza mugatuak ditugu eta.

Jaialdian zehar, bidalegun izango ditugu Ane Urresti, Iker Mateo eta Iker Plazaola aurkezle lanetan.

16. Huhezinema hastear da

Epaimahaia

Gure jaialdia ezin izango litzateke ulertu epaimahaiaren laguntzarik gabe. Talde zahar eta berriek osatuko dute aurtengo auzitegi-mahaia. Hiru sailetan epaimahai ofizialak indar handia izango badu ere, babesle, ikasle eta aurtengo berrikuntza bezala, senior talde batek ere sari batzuen irabazleak zeintzuk diren erabakiko dute.

Andoni Imaz (kazetaria), Nagore Eceiza (film zuzendaria) eta Kepa Errastik (aktorea eta gidoilaria) osaturiko epaimahai ofizialak hiru sailetan emango ditu sariak; Ikasle Sailean, ikasle film onenaren saria eta MU Saria; Bideoklip Sailean, bideoklip onenaren saria eta euskarazko bideoklip onenaren saria; eta, Sail Ofizialean, HUHEZINEMA jaialdiko sari nagusia.

Urri Urizar Mundukideko komunikazio arduradunak ere hiru sailetan dagoen Mundukide Saria emango du, epaimahai ofizialarekin batera. Hiru sailetan aurkeztutako film laburren artean Giza Eskubideak eta Justizia Sozialaren gaiak egokien txertatuta dituen film labur onena izango da saritua.

Mondragon Unibertsitateko ikasle talde batek emango du Vertigo Saria. Diru laguntza publikorik gabe ekoiztutako eta banatutako filmari emango zaio.

Eta azkenik, nobedade gisa, Pertsona Nagusiek Sail Ofizialeko Senior Saria emango dute. Sari hau erabakiko dute ostegun goizeko proiekziora bertaratzen diren ikusleek.

.

Babesleak

Huhezinemaren zutabeetako bat babesleak dira, jaialdia aurrera eramateko ezinbestekoak baitira.

Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea (HUHEZI), da jaialdiaren antolatzailea. Hari esker, ikasturte honetan modulu berri bilakatu da Huhezinema. Honela, 4. mailan dauden ikus-entzunezko komunikazioa graduko 14 ikaslek antolatu dute, Iban del Campo (jaialdiaren koordinatzailea eta zuzendari artistikoa) eta Maialen Torresen (moduluko koordinatzailea) laguntzarekin.

Jaialdiaren babesle nagusiak: Eusko Jaurlaritza (finantzaketa), Aretxabaletako Udala (finantzaketa, Arkupe, pertsonala-teknikaria eta proiekzionista) eta DANOBATGROUP (finantzaketa). Kolaboratzileak: Mundukide (finantzaketa eta Mundukide Saria) eta Mondragon Assembly (finantzaketa). Eta azkenik, laguntzaileak: Goiena Komunikazio Taldea (publizitatea eta jarraipen informatiboa), Berria (publizitatea eta jarraipen informatiboa), Gaztezulo (publizitatea eta harpidetza sarietarako), Arteman (finantziaketa), Zinea (publizitatea eta jarraipen informatiboa), Hamaika Telebista (publizitatea eta jarraipen informatiboa), Hazi (sarituentzat saskiak eta ardo dastaketa), Ausolan (katering zerbitzua), Fagor Automation (finantziaketa), Zuhaitz Etxeak (irabazleentzako saria: Carro Cingaro gaua), Escape Bask (irabazleentzako saria: escape street esperientzia), Jausoro (ostatua gonbidatuentzat), Hotel Arrasate (ostatua gonbidatuentzat), Hotel Aire de Bardenas (ostatua gonbidatuentzat).

Gogotsu gaude jaialdia martxan hasteko eta egindako lanaren emaitza ikusteko. Huhezineman parte hartzera animatu nahi ditugu zinemagile, zinemazale, eta oro har, osatu dugun egitarauaz gozatu nahi duten guztiak.

16 Huhezinema hastear da