‘120 battements par minute’ filmaren emanaldi berezia, Sebastiane Sariaren 25. urteurrena ospatzeko
‘120 battements par minute’ filmaren emanaldi berezia, Sebastiane Sariaren 25. urteurrena ospatzeko –
Eneko Sagardoy eta Anna Castillo izango dira epaimahaikideetako zenbaitzuk, eta irailaren 27an entregatuko diote saria irabazleari
Rubén B. Caballero bertako diseinatzaileak egin du edizio berezi honetako kartela. Zinemaldiaren barnean entregatzen den GEHITUren LGBTIQA+ sariarekin 25 urteotan egon diren ikus-entzuleen aniztasunari omenaldia egiten zaio
2000ko irailaren 30ean Gehitu Euskal Herriko gay, lesbiana, bisexual, trans eta intersexualen elkarteak lehen Sebastiane saria eman zuen Donostia Zinemaldiaren esparruan, “homosexualitatearen errealitate soziala” hobekien islatzen zuen filma aitortzeko. Krámpack pelikulatik (Cesc Gay, 2000) 20.000 erle espezie filmera (Estibaliz Urresola, 2023) –hots, saritutako lehenengo lanetik azkenekora–, elkartearekin berarekin bat etorriz, aintzatespen-eremua zabaldu egin da, LGBTIQA+ kolektiboko trans, bisexual eta intersexualen errealitateei, askatasunei eta aurrerapenei erreparatuta eta, horrenbestez, kolektiboko letra guztiak barne hartuta.
Sari aitzindari honen 25. urteurrena ospatzeko, Sebastiane Sariaren 2017ko irabazle 120 battements par minute filmaren emanaldi berezi bat egingo da hilaren 22an (igandea) Príncipe Zinema-aretoetan (18:15), eta filmaren zuzendari Robin Campillo eta antzezle protagonista Nahuel Pérez Biscayart han izango dira.
Bere historian zehar, Sebastiane sarien bidez sexu-askatasunek hainbat herrialdetan (Sri Lanka, Venezuela, Aljeria, Belgika, etab.) duten egoeraren erretratuak aintzatetsi izan dira, baita garai hartan hasiberriak ziren zinemagileak ?Nadine Labaki (Caramel, 2007)?, egileen bigarren filmak ?Manuel Martín Cuenca (Malas temporadas, 2005) eta Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga (80 egunean, 2010)? eta ibilbide luzeko zinemagileak ?Jane Campion (The Power of the Dog, 2021)? ere.
2024an hamalau film dira Sebastiane 2024 sarirako hautagaiak. Horietako bi New Directors sailean bildu dira: Bagger Drama eta Por donde pasa el silencio. Beste bost, berriz, Horizontes Latinosen: Cidade; Campo; El Jockey; Los domingos mueren más personas; Ramón y Ramón eta Reas). Beste hiru, ordea, Zabaltegi-Tabakaleran erakutsiko dira: I Saw The TV Glow; Sombra grande; eta Boku No Ohisama). Hautagai bat bilduko du Perlak sailak, Emilia Pérez, eta hiru, azkenik, Made in Spainek (Norberta; Orgullo Vieja; eta Reír, cantar, tal vez llorar). Epaimahaia Gehituko kidez eta Eneko Sagardoy eta Anna Castillo aktoreez osatuta egongo da, eta sariaren banaketa Bidassoa Taproomen egingo da hilaren 27an (ostirala) 19:00etan. Edizio berezi honetarako diseinatutako kartela, Zinemaldiko sariaren 25 urteotan egondako ikus-entzuleen aniztasunari egindako omenaldia da, Rubén B. Caballero bertako diseinatzaileak egin du.
Fokua Latinoamerikan
Sebastiane sariak bilakaera izan du: hala, 2013an Gehituk Latinoamerikako filmei berariazko sari bat eskaintzea erabaki zuen, Sebastiane Latino saria sortuz. Lehen hamaika edizioetan, Pepa San Martín (Rara, Txile, 2016), Sebastian Lelio (Una mujer fantástica, Chile, 2017), Jayro Bustamante (Temblores, Guatemala, 2019) eta Clarisa Navas (Las mil y una, Argentina, 2020) zinemagileen lanak saritu ditu, besteak beste. Aurten, Sebastiane Latino saria irabazi duen filma Baby da, ekoizpen brasildarra, Marcelo Caetanok zuzendua, “euren queer maitasuna bizi duten edo familia anitzak sortuz doazen pertsonaienganako enpatia eta eremu marjinalei buruzko istorio bati beharrezko ñabardurak mahaigaineratzeagatik”. Gainera, iazko irabazlea, Joris Lachaiseren Transfariana, Zinemaldiaren lehen asteburuan proiektatuko da Irunen, Urnietan eta Deban.
LGTBIQA+ jaialdien hamargarren topaketa, Berdintasun Ministerioaren laguntzarekin
Donostia Zinemaldiaren eta Gehituren arteko lankidetzaren beste emaitzetako bat LGBTIQA+ Jaialdien Topaketa da, 2024an hamargarren edizioa beteko duena. Gehituk eta Donostia Zinemaldiak topaketan eskaini ohi duten programaren barruan, nabarmentzekoa da zinema iberoamerikarrean errealitate transmaskulinoak barneratzeari buruzko elkarrizketa egingo dela.
Gainera, 9 herrialdetako (Argentina, Brasil, Kolonbia, Kuba, Guatemala, Espainia, Mexiko, Peru eta Uruguai) 24 jaialdiek bilera bat egingo dute hausnartzeko (Jaialdi anitzak eratzea: programaziotik aurreiritzietara) eta galderei erantzuteko (Kultura anitza? 25 urte LGBTIQA+ ikus-entzunezko jaialdiak egiten). Topaketan laguntzen duten erakundeetako ordezkariek parte hartuko duten bilera horretan: Berdintasun Ministerioa, Lankidetzarako eta Elkartasunerako Euskal Agentzia, Acción Cultural Española (AC/E) eta Mugen Gainetik garapenerako GKEa.
Industriako profesionalek, Zinemaldian presentzia duten LGBTIQA+ komunitateak eta edozein ikus-entzulek parte hartu ahalko dute esparru horretan antolatutako beste jarduera batzuetan, hala nola hauetan: LGBTIQA+ aniztasunak Espainiako ekoizpenean duen presentziaren analisia, ODA Ikus-entzunezko Baliabideetako Aniztasunaren Behatokiaren eskutik; Memoria lotsagabeak: Gure queer memoriaz berriro jabetuz proiektuko film laburren aurkezpena, Tabakalerako ikus-entzunezko laborategiaren, Elías Querejeta Zine Eskolaren eta Euskadiko Filmategiaren laguntzarekin. Horrez gain, ekoizpenaren alorrean jarduten diren hiru profesional ezagutzeko aukera izango da Bartzelonako FIRE!!! Mostrako, Bilboko Zinegoak Jaialdiko eta Triángulo Fundazioaren jaialdietako Queercinelab proiektuko LGBTIAQ+ laborategi-sareak hautatutakoak. Aurtengo edizioan, Basquetour Turismoaren Euskal Agentziaren laguntza izango du jaialdiak.
Sebastiane Saridun filmak
- 2000 Krámpack / Nico and Dani (Cesc Gay)
- 2001 Le fate ignoranti / His Secret Life (Ferzan Özpetek)
- 2002 Thani Thatuwen Piyambanna / Flying With One Wing (Asoka Handagama)
- 2003 Le soleil assassiné /The Sun Assasinated (Abdelkrim Bahloul)
- 2004 Beautiful Boxer (Ekachai Uekrongtham)
- 2005 Malas temporadas / Hard Times (Manuel Martín Cuenca)
- 2006 Estrellas de la línea / The Railroad All-Stars (Chema Rodríguez)
- 2007 Sukkar banat / Caramel (Nadine Labaki)
- 2008 Vicky Cristina Barcelona (Woody Allen)
- 2009 Contracorriente / Undertow (Javier Fuentes-León)
- 2010 80 egunean / For 80 Days (Jose Mari Goenaga, Jon Garaño)
- 2011 Albert Nobbs (Rodrigo García)
- 2012 Joven y alocada / Young and Wild (Marialy Rivas)
- 2013 Dallas Buyers Club (Jean Marc Vallée.
- Epaimahaiaren aipamen berezia: Pelo malo / Bad Hair (Mariana Rondón)
- 2014 Une nouvelle amie / The New Girlfriend (François Ozon)
- 2015 Freeheld (Peter Sollet)
- 2016 Bar Bahar / In Between (Maysaloun Hamoud)
- 2017 120 battements par minute / 120 Beats Per Minute (Robin Campillo).
- Epaimahaiaren aipamen berezia: Soldatii. Poveste din Ferentari / Soldiers. Story from Ferentari (Ivana Mladenovic)
- 2018 Girl (Lukas Dhont)
- 2019 Monos (Alejandro Landes)
- 2020 Falling (Viggo Mortensen)
- 2021 The Power of the Dog (Jane Campion)
- 2022 Something You Said Last Night (Luis De Filippis)
- 2023 20.000 especies de abejas / 20,000 Species of Bees (20.000 erle espezie, Estibaliz Urresola)
‘120 battements par minute’ filmaren emanaldi berezia, Sebastiane Sariaren 25. urteurrena ospatzeko