“Norabide bakarrean eta begietara zuzenean sartzeko apustua egin dut“

Argazkilaria: Txelu Angoitia
Argazkilaria: Txelu Angoitia

Ideia borobilak eta artea. Ordu luzeetako lan nekagarria izan al da Durangoko Azokako lehiaketara aurkeztu duzun kartela sortzea?
Ez zait horren nekagarria suertatu, egia esan. Hasiera batetik argi nuen zer zen bilatzen nuena. Banekien zer estilo eta zer forma erabili. Eta autore ezagun batek dioen moduan, ideia garbi bat duzunean, diseinua egitea ez da horren zaila izaten. Denbora arin joan da, bai.

Diseinatzaile moduan ibilbide luzea duzu atzetik.
Urte batzuk badira diseinu lanetan hasi nintzenetik. 11 urte, gutxi gorabehera. Esperientzia horrek guztiak izugarri lagundu dit oraingo diseinuan ere. Irizpide gehiago, ideia gehiago eta ikuspegi zabalagoa lortzen da urterik urte. 1997an bukatu nituen Arte Ederretako ikasketak Euskal Herriko Unibertsitatean, eta geroztik, diseinu grafikoko free-lance bezala egiten dut lan Bilbo aldean.

Durangoko Liburu eta Disko Azoka koloretsua eta anitza da. Zer dela-eta zuri-beltzean egindako kartela?

Egia da. Eta kolorerik gabeko kartel sinplea eta borobila proposatzeko asmoa hasieratik izan dut. Batetik, egungo krisialdiaren inguruko zertzeladak utzi nahi nituen bertan. Eguneroko krisi- bonbardaketaren ispilu izatea lortu nahi nuen, hain zuzen ere. Bestetik,  beltza eta zuriaren arteko konbinazioa erabiliz, mezua norabide bakarrean eta jendearen begietara zuzenean sartzeko apustua egin dut.

Zer jarri nahi izan duzu edonoren eskura?
Kultura bera. Edozein liburu eta edozein disko. Kartelaren behealdean dagoen 44 zenbaki alderantzikatuarekin, eskailera batzuk irudikatzen dira kartel honetan. Eskailera horietan gora igoz gero, disko eta liburuz betetako apala izango duzu parez pare. Guztion eskura dago Azoka. Guztion eskura dago kultura.

Zerk inspiratu zaitu?

Kartelgile austriarrak eduki ditut gogoan. 1920ko hamarkadako artista askoren estiloak erakarri nau azken lanetan. Eta tipografia estiloan landu nahi nuen Azokako kartela. Lerro horizontalen erabilera handia egiten zuten orduan ere. Letrak ordenean eta ondo kokaturik antolatzeko modu erraza da. Vienako kartelgileen lanak oinarri direla esan daiteke.

Bizkaitar batentzat erakusleiho itzela…
Noski baietz. Ni poz-pozik nago! Beste urteren batean ere aurkeztu izan naiz lehiaketa honetara, baina, orain arte, ez dut zorte handirik izan. Aurrekoan aurkeztutako estiloaren kontrako proposamen berrituarekin aurkeztu naiz oraingoan. Urte asko dira Azokara etortzen hasi nintzenetik, eta, nola ez, niretzako ohore bat da edizio hau nire kartelarekin abiatzea.

Zer zapore utzi dizu sari honek?
Oso ona. Alde batetik ez nuelako irabazterik espero. Proposamen ausarta zen egin  nuena, zalantzarik gabe. Elementu grafikoen ekonomia eta figura edo irudirik ez erabiltzeak arrisku dezente izan ditzake. Hala ere, azken hitza beti du epaimahaiak. Eta kasu honetan, zapore on-ona utzi dit berriak. Deia jaso nuenean saltoka aritu nintzen!

Eta zer usain dakar aurtengo azokak?
Urteroko usain gozoa. Ekimen polita iruditzen zait Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azoka. Giro ona, nobedadeak… eta ni, behintzat, irrikitan etortzen naiz!

44 SEGUNDOTAN

Azoka egunetan zer duzu nahiago?
a. Diskoak
b. Liburuak
c. Kontzertuak
d. Parranda giroa

Norekin etorriko zara aurten?
Bertako lagunekin, segurutik. Lagunak bisitatzeko aprobetxatuko dut.

Zein da bertan erosi duzun azken liburua?
Ilobentzako ‘Amets egiteko liburuak’ Kalandrakak argitaratua.

Eta diskoa?
Pirritx eta Porrotx. (Kar kar).

Gerediaga Elkartearen beste ekimenik ezagutzen duzu?
Ardi Txakurren Euskal Herriko Txapelketa, bai.

Durangaldeari buruz gehiago jakiteko: www.anboto.org

Abadiñon (Matiena auzoan) jaio nintzen 1981ean. Kazetaria