Zaharrak berri

Zaharrak berri –

Zaharrak berri
Arg: Naiz Kirolak

Partida eder batez gozatzeko aukera izan genuen Nafarroa Arenan bildu ginenok: giro bikaina, tanto borrokatuak, emozioa… hutsak ere egin zituzten pilotariek, noski; baina final batek inguruan sortzen eta gainean jartzen duen zama zenbatekoa den aintzat hartzen badugu, bai lau protagonistak, bai beren ingurukoak, pozik egoteko moduan daudela esango nuke. Batzuek binakako hirugarren txapela lortu zuten, eta besteek etorkizunean jokatuko dituzten finaletarako (jokatuko baitituzte) esperientzia pilatu.

Kantxa barruan gertatu zenaz hainbat analisi tekniko zein taktiko egin daitezke: gorriek erakutsitako ofizioa, urdinen ahala, hasierako 7 eta 1 hark nola baldintzatu zuen partida, Artolak bukaera aldera agertutako ausardia hasieratik erakutsi ote beharko zukeen… Finala bukatu ondoren frontoiaren kanpoaldean zeuden zaleen ahoetan entzun zitezkeen kontuak. Nik, aldiz, begirada igandean gertatutakoetan jarri ordez, distantzia handiagoa hartu, fokua ireki eta bikote gorriak azken bi urteetan bizitakoan jarri nahiko nuke; asko izan baitira txapelketa honetan jaso dituzten laudorioak, baina baita aurreko bi urteetan entzun behar izan dituzten kritikak ere. Izan ere, kirolak (edo kirolzaleek eta kazetariek, agian?) gero eta joera handiagoa du joko bolada ez hain ona pasatzen ari den kirolaria egurtzeko, ulertzeko eta samurtzeko baino. Eta iruditzen zait, bai Ben?atek, bai Josebak, ondo ezagutu dutela kirolaren alderdi beltz hori.

Gogoan dut duela urtebete-edo zera esan zidala pilotazale batek: «Ezkurdiak eta Rezustak eman dute eman beharrekoa, beheraka doaz, Ibai. Datorren urtean Aspek txapelketan sartu ere ez ditu egingo. Ikusiko duzu». Nik, artean pilotaren mundutik pixka bat aldenduta nengoenez, harrituta eta mesfidantza puntu batez hartu nituen hitzok; halako izana eta izena duten pilotari handi bi horren erraz akabatutzat jotzea ariketa arriskutsua izan bailiteke. Akordatuko al zen atzo pilotazale hura orduko bere hitzez?

Jokoaz haragoko beste argudio bat ere entzun izan dut azken pare bat urtean Josebari eta Ben?ati lotuta: adinarena, zahartu egin direla. Benetan? 33 eta 32 urte baino ez dituzten eta sasoi bete-betean dauden gazte bi, zaharrak? Gaur egun bizi dugun, edo bizi gaituen, kapitalismo eta kontsumismo basatiak zaharrak azkarrago zahartzea ekarri du eta une oro gauza berrien bila aritzera darama jendea; eta, dirudienez, pertsonei ere hasi zaie teoria hori eragiten.

Zaharrak berri

Pilotari ohia; gaur egun, euskara irakasle IRALE

Zer duzu buruan “Zaharrak berri”-ri buruz

  • Mikel Haranburu 2025-04-02 22:38

    Alde batetik, jendea dago; kirol-kultura eskasekoak figurak bilatzen ditu. Eta pilotari gazteei sarri exijitzen die berehalakoan nabarmentzea, eta bestela, harentzat ez dute askorik balio. Beste aldetik, enpresak. Enpresek geroari begiratzea normala da, eta gastatuz doazen pilotariak ordezkatzeko gazteak behar dituzte, eta zeinek harrapatuko dabiltza. Gogoan har Victor, Laso, Eskiroz eta Mariezkurrena kalean geratzeko zorian izan zirela, enpresaren erabaki ezin okerragoaz.
    Gainera, pilotari gazteek oso gazterik debutatzen dute, esperientzia eskasarekin, eta adin batekoek tokia betetzen dute… Gero ez da falta bigarren mailako enpresak kaltegarriak direla dioenik…
    Asko emateko gauza ziren zenbat pilotari bazterrean geratu da, etorkizun zalantzazkoa duten gazteago hainbaten etorreragatik?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude