Urrezko erraldoia, Mijain Lopez
Urrezko erraldoia, Mijain Lopez –
Mijain Lopez, borroka greko-erromatarreko kirolariak (Pinar del Río, Kuba – 1982) urrezko domina irabazi zuen atzo Parisko Olinpiar Jokoetan. Kubatarrak bosgarrena du jarraian, orain arte sekula inork lortu gabe zuen balentria!
Mijain Lopez Nuñez kubatarrak 42 urte beteko ditu bi aste barru, abuztuaren 20an, eta Olinpiar Jokoetan parte hartzen zuen azken aldia zuen Pariskoa. Akaso horregatik, eta inoiz inork egin gabeko balentria esku-eskura zuelako, inolako lehiarik barik pasa ditu azken hiru urteak, helburu bakarra buruan, entrenatu eta entrenatu.
Garaipenak Fidel Castrori eskaintzen dizkion gizona ez da Carl Lewis eta Michael Phelps bezain ospetsua, baina atzora arte, haiek bezala kirol berean eta errenkadan lau garaipen lortutakoa zen Olinpiar Jokoetan. Eta zerrenda ez da ez oso luzea: Carl Lewis (luzera jauzia) eta Al Oerter (disko jaurtiketa) atletak, Michael Phelps (200 metro estilo) eta Katie Ledecky (800 metro libre) igerilariak, Paul Elvstrom (bela) eta Kaori Icho (borroka); kubatarra kontatuta, bost gizon eta bi emakume.
Mijain Lopezek Atenaseko Olinpiar Jokoetan egin zuen debuta, 2004an, 21 urte zituela, eta final laurdenak izan zituen muga -bosgarren gelditu zen 130 kilo arteko borroka greko-erromatarrean-. Geroztik ez du borrokaldi bakar bat ere galdu; urrea eskuratu zuen Beijingen (Txina, 2008), Londonen (Erresuma Batua, 2012), Rio de Janeiron (Brasil, 2016), Tokion (Japonia, 2020) eta, atzo, Parisen (2024) -ordura arte domina bakarra zuten kubatarrek, brotzezkoa-. Parisen lehiatze hutsa nahikoa zuen errenkadan sei Olinpiar Jokoetan parte hartu duen borrokalari bakarra izateko, baina… hilezkortasuna zuen helburu erraldoi kubatarrak.
Umea zela fruta kutxak garraiatzen trebatu eta bere bidea boxeoan egingo zuela uste zuten gizonak 130 kilo inguru eta kasik 2 metroko altura du. Erretiroa hartu zuen atzo, kirol ibilbide ezin arrakastatsuagoari bukaera emanda. Olinpo mendian dago orain Mijain Lopez, bost urrezko domina kolkoan, mito bihurtuta.