Milaka pertsona Israelen aurka Gasteizen

Milaka pertsona Israelen aurka Gasteizen –

Milaka pertsona Israelen aurka GasteizenMilaka pertsona Israelen aurka GasteizenMilaka pertsona batu dira gaur Gasteizen, Maccabik Baskoniaren aurka jokatu duen partiduari gaitzespena erakusteko, eta Israelen aurpegi garbiketa salatzeko. Palestinarekin Elkartasuna plataformak antolatuta, manifestazioa 18:30ean abiatu da euri zaparrada baten pean eta Araba Arenaraino bidea egin du.

Manifestazio amaierako komunikatuan adierazi dute “Palestinarekiko egiazko elkartasuna Israelen eta bere konplizeen aurkako borrokaren eskutik” doazela eta kirol lehiaketa eta partidu hauek “Israelen kanpo harremanetarako ministeritzak diseinatutako propaganda planaren barruan txertatuta” daudela. Zentzu horretan, Maccabiren aurka agertzearen garrantzia azpimarratu dute, plataformaren esanetan, gaurkoa bezalako partiduak oso garrantzitsuak baitira Israelentzat. Partidua jokatu izanaren erantzuletzat jo dituzte Baskoniaren Zuzendaritza, Eusko Jaurlaritza, pabiloiaren jabe den Arabako Foru Aldundia, garraio zerbitzua antolatu duen Gasteizko Udala eta Maccabi etortzearen aurka ezer egin ez duten alderdi politikoak.

Milaka pertsona Israelen aurka GasteizenMilaka pertsona Israelen aurka GasteizenHorretaz gain, Israelen existentzia bera, mendebaldeko estatuen eta euskal instituzio, banketxe eta enpresen babesa eta NATOren eta Europar Batasunaren agenda militarista ere salatu dituzte.

Manifestazioa amaitu berritan, bertaratutakoak zelaiaren inguruan geratu dira protestan, hesiz inguraturik eta polizia kordoi handi batek inguratuta. Ertzaintzak ez du ibilbidea aurreikusitako tokian amaitzerik baimendu, ez eta amaierako hitzartzea botatzeko soinu ekiporik montatzea ahalbidetu ere. Behin partidua hasita zegoela, tentsio uneak egon dira eta hainbat manifestari identifikatuak eta miatuak izan dira.

Era berean, plataformarekin elkarlanean aritu den Indar Baskonia zaletuen taldeak bigarren laurdenean sartzeko deia zabaltzeko, hamarnaka pertsona egon dira ateen kanpoaldean eskuorriak banatzen, eta barruan harmaila batzuk hutsik geratu dira tarte horretan zehar. Ordea, zaletuek azken unean sartzeari uko egin diote, ertzaintzak “Palestina askatu” zioen pankarta bat sartzea ekidin dielako protesta gisa.

Manifestazioa uneoro poliziaren presentzia itogarri batekin joan da aurrera. Gainera, azken asteotan kanpaina zabaltzen aritu den jende ugari identifikatua eta mehatxatua izan da.

IRAKURKETA

Gaurkoan, milaka pertsona elkartu gara Gasteizen Israelgo estatu terroristaren aurpegi garbiketari ezetz esan, eta Maccabi Tel Aviv taldeak Baskoniaren aurka jokatzekoa duen partidua gelditzearen alde. Lehenik eta behin, eskerrak eman nahi dizkizuegu bertaratu zareten guztioi, baita aste hauetan zehar aldarri honekin bat egin duzuen kirolari, saskibaloi talde eta bestelako eragile guztiei ere. Palestinarekiko egiazko elkartasuna Israelen eta bere konplizeen aurkako borrokaren eskutik dator.

Gaurkoa bezalako partiduak oso garrantzitsuak dira estatu sionistarentzat. Izan ere, kirol eta kultur ekimenak baliatuta, estatu kolonialistaren existentzia normalizatu eta herri palestinarraren aurkako krimenak estali egiten dira. Ekimen hauek, kasualak izatetik urrun, Israelen kanpo harremanetarako ministerioak berak diseinatutako propaganda planaren barruan txertatuta daude. Horregatik diogu argi eta garbi: Maccabi kanpora!

Horrez gai, Israelen normalizazio planak ez lirateke posible izango mendebaldeko herrialdeen babes eta konplizitaterik gabe; eta kasu honetan ere, Maccabi Gasteizera etortzeak hemen bertan ditu erantzuleak: Baskoniaren Zuzendaritza, Israelgo inteligentzia zerbitzuekin batera polizia dispositibo hau antolatu duen Eusko Jaurlaritza, Zurbanoko Pabiloiaren jabe den Arabako Foru Aldundia, garraio zerbitzua antolatu duen Gasteizko Udala, eta Maccabi etortzearen aurka ezer egin ez duten alderdi politikoak.

Palestinan egoerak muturrekoa izaten jarraitzen du. Estatu sionistak bere azken ofentsiba militarra hasi zuenetik urte eta erdira, sarraskia izugarria da: Gazan hamarnaka mila hildako eta zauritu, ehunka mila errefuxiatu, eta oinarrizko azpiegitura suntsituta. Zisjordanian berriz, kolonia berrien eraikuntza, hilketa indiskriminatuak eta palestinarren atxiloketa masiboak. Hilabete hauetan aurrez aurre ikusten ari gara basakeria kapitalistak ez duela mugarik.

Basakeria honen erdian, duela hiru aste iragarri zen Gazarako su-etena. Ezer baino lehen, argi esan nahi dugu su-eten hau ez dela izan, saldu nahi izan diguten bezala, Estatu Batuen negoziazio gaitasunen edo nazioarteko komunitate deiturikoaren presioaren ondorio. Su-eten hau lortu bada, palestinar herriaren erresistentziari esker izan da. Israelek, mendebaldeko bloke inperialistaren babes politiko eta militar guztia bere alde izanda ere, ez du lortu bere helburu militarrak gauzatzea, eta erresistentziak zutik dirau. Gora palestinar erresistentzia!

Hala eta guztiz ere, ezin dugu triunfalismoan erori. Alde batetik, Israelek Gazan erasoak gelditzea ez dago inolaz ere ziurtatuta. Aukera handiak daude estatu sionistak edozein unetan erasoei berriro ekiteko, behin eta berriro mehatxu egin duen bezala. Aste honetan bertan, Trumpek Gaza inbaditzearen eta garbiketa etnikoa gauzatzearen alde egin dituen deklarazioak ere norabide berean doaz. Bestalde, Zisjordanian Israelen erasoak ugaritu baino ez dira egin azken aste hauetan. Su-etena indarrean sartu zenetik, 70etik gora palestinar erail dituzte eta errefuxiatuen akanpalekuak behin eta berriro bonbardatzen ari dira.

Guk argi dugu Israelen existentziak berak ezinezko egiten duela Palestinaren askatasuna. Izan ere, estatu sionistaren oinarrian daude palestinarren kolonizazioa eta garbiketa etnikoa. Estatu supremazista honen desagerpenetik soilik etor daiteke Palestinaren eta Asia Mendebaldeko gainontzeko herri langileen askatasuna.

Baina ez dezagun une batez ere ahaztu, Israelen existentzia bera Mendebaldeko estatuen babesak ahalbidetzen duela. Israel mendebaldeko inperialismoaren base militar erraldoi bat baino ez da; eta beraz, hemen bertan hasten da: Israelekin negozioak egiten dituzten banketxeetan; estatu sionista armaz eta azpiegituraz hornitzen duten euskal enpresetan; harreman diplomatikoak dituzten Espainiako eta Frantziako gobernuetan; edota NATOren zein Europar Batasunaren agenda militarista onartzen ari diren ezker zein eskuineko alderdi politikoetan.

Horregatik, mobilizatzen jarraitu behar dugu Israel normalizatzen duten ekimenen eta estatu sionistaren konplize guztien aurka, Israeli boikot!; mobilizatzen jarraitu behar dugu Palestinar herriaren eta bere erresistentzia alde; eta antolatzen jarraitu behar dugu, berandu baino lehen, gerra eta sarraskia baino eragiten ez dituen inperialismoaren kontra altxatuko den herri guztietako langileon indar internazionalista baten alde.

Gora palestinar erresistentzia! Israel desegitera bidean, harreman oro eten! Maccabi kanpora!

Milaka pertsona Israelen aurka Gasteizen

Zer duzu buruan “Milaka pertsona Israelen aurka Gasteizen”-ri buruz

  • Ziur nago urte batzuk barru hauetatik asko hamaka batean egongo direla daikiri bat eskuan, Mediterraneo bazterrean, amerikarrek Gazan eraiki behar duten resort horietako batean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude