Marino Lejarretaren duela 40 urteko Llagos d’Enol-eko garaipen hura
Marino Lejarretaren duela 40 urteko Llagos d’Enol-eko garaipena –
1983ko maiatzaren 2a Marino Lejarreta Arrizabalagak txirrindularitzaren historiako gailurrean bere tokitxoa egin zueneko eguna ere bada, Espainiako Vuelta-ko Lagos de Covadonga mitikoa lehen aldiz igo zen aldia, eta berriztarrak bertan irabazi zueneko eguna (bere hirugarren etapa garaipena zena Vueltan). Covadongako edo Enolgo aintzirak, asturieraz Los Llagos edo Llagos d’Enol, glaziar-ek sortutako aintzira bi dira, Enol eta Ercina, paisaia ederrak benetan… Europako Mendietako mendilerroan daude, Asturiasen, eta Vuelta-ko ikur bilakatu dira, Tourrean Tourmalet-a edo Giroan Mortirolo ikurren antzeko edo. 1982ko Espainiako Itzulia irabaztetik zetorren Marino Lejarreta, Angel Arroyo dopinagatik deskalifikatua izan ostean, eta 1983ko lasterketa hartan bigarren amaituko zuen sailkapen nagusian Marinok; Hinault-en garaipena nahi zuten guztiek, eta hala izan zen, Renault talde indartsuarekin, Greg LeMond eta Laurent Fignon gazteak zituen Hinault-ek ondoan.
1979tik 1992 arte izan zen profesionala, ‘el Junco de Berriz’ (Berrizko ihia) deitzen zioten, eta italian ere aritu zen AlfaLum taldean 2 urtez, zazpi taldetan aritu zelarik bere ibilbide osoan: Novostil-Helios, Teka, Alfa Lum, Alpilatte-Olmo, Seat-Orbea, Caja Rural-Orbea eta Once. Guztira 52 garaipen lortu zituen, Italiako Giroan zazpi aldiz hartu zuen parte eta guztietan amaitu zen lehenengo hamar sailkatuen artean, eta Frantziako Tourrean ere parte hartu zuen (etapa bat irabazi zuen eta 5. izan zen sailkapenean 1989an), eta lau alditan, urte berean hiru Itzuli Handiak amaitu zituen, oso gutxik egindako balentria. Hirutan eskuratu zuen Donostiako Klasika, eta 1982an Munduko Txirrindularitza Txapelketa bikaina egin zuen azken kilometroetan ihes ibilita, bosgarren izan zen. Haren anaia, Ismael Lejarreta eta iloba ere, Iñaki Lejarreta, txirrindulari profesionalak izan dira. Hemen gogora Lagos de Covadongako 1983ko maiatzaren 2ko garaipen hura, eta 1990eko (Millau/Causse Noir) Tour-eko bere garaipen bakarra izan zuen 14. etapa, bideoak azpian, haiek garaiak…
…