Luisen haserreak utzitako argazkia

Luisen haserreak utzitako argazkia –

“Lotsagarria izan da Luisen portaera eta are onartezinagoa komunikabideek erakutsitako jarrera onbera”

Luisen haserreak utzitako argazkia
Irudia: DAZN

Luis Garcia Plaza, Alaveseko entrenatzailea, pertsona jatorra, lañoa dela diote. Garbi hitz egiten duen horietako bat.

Joan den ostegunean, hilaren 21ean, Alavesek Real Madrilen kontra izan zuen partida. Kroniken arabera, talde babazorroa ongi aritu zen. Gainera, partidaren zati handi batean madrildarrak jokalari bat gutxiagoz aritu ziren. 92. minutuan, ordea, partidak azken hatsa zuela, korner baten ondorioz eta Alaveseko jokalarien markaketa huts baten erruz, Real Madrilek gola sartu zuen. Alavesek partida galdu zuen: 0-1.

Horren ostean, Luis Garcia Plazak izan zuen erreakzioak zeresana eman du. Bere onetik atera zen. Zutik zegoela, bere eremutik at, hasi zen hozkailuari ostikadak ematen, batetik bestera mugitzen, bere hira norbaitengana deskargatu nahian. Bere inguruan, lasai asko, eserita zegoen bere kolaboratzaile (jokalari ?) bati astindu bortitzak eman zizkion, hark begitarte sorra mantentzen zuen bitartean. Luisen suminaldia ez zen hor baretu. Atzera bueltan eta bere eserlekurako bidean, xira kendu, txanoa lurrera bota eta jarlekuan eseri zen —oso haserre beti— bere gorputzari astinduak ematen zizkion bitartean, atzera eta aurrera. Bere ezkerrean zegoenak eskuekin ezkutatzen zuen aurpegia.

Partidaren irudiak emateko eskubidea zuen Dazn plataforman zeuden esatariak harritura geratu ziren, baina aparteko iruzkinik egin gabe. Are gehiago haietako batek honakoa bota zuen: “yo entiendo el cabreo de Luis”.

Alaveseko entrenatzaileak ongi asko jakin beharko luke, esfera publikoan egunero aritzen den pertsona bezala, bere erreakzioek eta hitzek aparteko oihartzuna dutela

Gaur arte, nik dakidala, Luis Garcia Plazak ez du bere portaeraz inolako lotsarik azaldu. Astindu zuen pertsonari ez dio barkamenik eskatu. Komunikabidetan ez dut inolako kritika zorrotzik irakurri (orain arte bederen).

Nire iritziz, guztiz onartezina da Luis Garcia Plazaren portaera. Oso bortitza eta tokiz kanpokoa izan zen. Alaveseko entrenatzaileak ongi asko jakin beharko luke esfera publikoan egunero aritzen den pertsona bezala, bere erreakzioek eta hitzek aparteko oihartzuna dutela. Kirol profesionalak —sarritan— maskulinitate eredu toxikoa normalizatu egiten du. Eta horra hor adibide gordina.

Batzuek diote hirak burua itsutu, baina bihotza argitu egiten duela. Ez dakit bada. Nik ez ditut halako suminaldiak nire bihotzean normaltzat hartu nahi. Lotsagarria izan da Luisen portaera eta are onartezinagoa komunikabideek erakutsitako jarrera onbera. Horiek al dira kirol profesionalei eskatu behar zaizkien portaera eredugarriak? Esfera publikoan bere hira kontrolatzeko gai ez diren pertsonak, zer egingo ote dute eremu pribatuan?

Luisen haserreak utzitako argazkiak —gizarte bezala— oso erretratu gordin eta gupidagabea islatzen du.

2024ak onena ekar diezaiola Alavesi. Baita zuei ere.

Gora Alaves eta biba samurtasuna maite duten pertsonak.

ALEAn argitaratua

Luisen haserreak utzitako argazkia Luisen haserreak utzitako argazkia

Kazetaritzan doktorea eta gizarte komunikazioan ikertzailea, EHU

2 pentsamendu “Luisen haserreak utzitako argazkia”-ri buruz

  • “Maskulinitate eredu toxikoa normalizatu”. Haserrealdiak ez dauka generorik, eta gizakiaren ezaugarri bat da. Zuen aurrerakoi propagandak, jada nekatzen gaitu!!!

  • Ez dakit zertaz kexatzen zaren, Tximino, gutxienez ez du idatzi: ” maskulinitate zuri zis eredu toxikoa”. Eta ziur gogoarekin gelditu dela.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude