Kirol diplomazia: naziogintzaren erdigunean
Kirol diplomazia: naziogintzaren erdigunean –
Imanol Galdos Irazabalek, Kirol diplomaziaren erronka eta aukerak XXI. Mendean Mundu Batzarraren zuzendariak, Noticias de Gipuzkoa egunkarian.
Grand Depart-aren egun bertsuetan, ekainaren 28 eta 29an, Uda Ikastaroen testuinguruan Kirol Diplomaziaren Mundu Batzarra ospatu genuen Donostian. Mundu mailan kirol diplomaziaren punta-puntako erreferenteak batu ziren bertan. Euskaldunok hain gurea dugun umiltasuna momentu batez albo batera utziz eta errealitateari so eginaz, kirol diplomaziaren esparruan inoiz inon egin den ekimen garrantzitsuenetarikoaz gozatzeko parada izan zuten bertaratutakoek. Nazioartean aitortuak diren adituek ekimen honetan parte hartzeko grina agertu izana bada izatez herri honek duen erakargarritasunaren adierazle garbia. Erakargarriak gara eta horrek ere pisu nabarmena du gure nazioarteratze bidean. Kongresuak, gainera, beste ikasketa bat ere utzi digu: egitasmo orok behar-beharrezkoa du eragile askoren esku-hartzea, eraginkortasunik gabeko eta oihartzun gutxiko ekimen bat izango ez bada. Horregatik, hain zuzen ere, burutu berri den Mundu mailako Batzarrak nekez lortuko zukeen lortu duen arrakasta eta oihartzuna ekimen akademiko soila izan balitz. Asmatu genuen, beraz, kirol diplomaziaren praktikan diharduten euskal eragileak (federazioak, kirol elkarteak, kirolariak, kirol ekimen entzutetsuen antolatzaileak…) kongresura batuz.
Ikastarotik honako ondorio edota ikasketako ateratzeko moduan gara:
Hasteko, kirol diplomazia, kontzeptu gisa, kontu berria da. Oso berria esango nuke. Herrialde anglo-saxoietan gehiago garatu bada ere, gurean oraindik bada lana kirol diplomaziaren gizarteratzeari dagokionean. Kontzeptuaren garatze eta zabaltze bidean, Kongresuak bere ekarpena egin du, batik bat, kontzeptua arrotza zitzaienei horren oinarri eta printzipioak ezagutzera emanaz.
Bigarrenik, ate eta agertoki berriak zabaltzeko potentzialitatea du kirol diplomaziak, gurea bezalako errealitateentzat bereziki. Ez dago ukatzerik estatuek kirola baliatu dutela eta oraindik ere baliatzen dutela bestelako interesak munduko bazter guztietara barreiatzeko; Estatu Batuak edo Txina, horren adibide. Kirola, besteak beste, helburu ekonomikoak (ez beti garbiak), geopolitika baldintzatzeko, irudia garbitzeko, herriaren marka saltzeko, nazioartean tokia indartzeko, balio eta gizarte jite jakin batzuk txertatzeko erabili izan da. Zerrenda luzea aipatu genezake, baina, finean, botere bigunaren ideia legoke horien guztien atzetik. Hau da, kirola tresna indartsua da era atsegin batean, kostu handirik gabe eta eraginkortasunez nazioartean pisua eta izena irabazteko.
Hirugarrenik, estatuak bezalaxe, estaturik gabeko nazioak ere zelai joko horretan jokatzeko moduan dira. Horretan datza kirol diplomaziaren berrikuntza eta potentzialitatea gu bezalako herri txiki batentzat. Mugak eta blokeoak gainditzeko gai ez bada ere, helburuak modu sotil batean erdieste aldera urrats sendoak emateko bideak zabaltzen ditu kirol diplomaziak. Zentzu horretan, eta jakinik frustrazioak etengabeko blokeoa ekartzen duela eta hori hala edo hola gainditu behar dugula, trenak alde egitea nahi ez badugu behinik behin, aztertu beharrean gara kirol diplomaziaren baliagarritasuna, bai teorian bai praktikan.
Halaxe ulertu dute, ezberdintasunak ezberdintasun, gurekin antzeko hainbat ezaugarri partekatzen dituzten Galesek edo Ipar Mazedoniak, Kongresuan sakon aztertu eta azaldu ziren bi eredu. Tamainaz gugandik gertu biak, nazio eta nazioarteko estrategian kirolaren aldeko apustu irmoa egin dute. Beste esparru batzuei uko egin gabe, kirolaren eskutik mundura indartsu eta ozen iristeko esku artean dituzten baliabideez ohartu eta, era sistematizatuan, estrategia nazionala eratu dute, dagozkien egiturak, baliabideak eta, batik bat, lehentasunak zehaztuz.
Zentzu horretan, Euskal Herriak altxorra du esku artean. Estrategia nazionala osatzeko lanabes guztiak ditugu. Puzzlea osatzeko aldagai guztiak ditugu eskura. Alde batetik, inon ez bezalako kirol praktika hedatua, zaletasuna, antolaketa-gaitasuna, egitura eta kirolarekiko atxikimendua. Hori gutxi ez eta, Tourrean erakutsi moduan, nazioarteko kirol ekimenak antolatzeko hamarkadetan irabazitako prestigioa dugu bidelagun, munduan dugun izen-onaren erakusgarri. Era berean, eta ez garrantzia gutxiagoz, txirrindularitzarekin, surfarekin edota mendizaletasunarekin loturiko punta-puntako euskal marka ezagunak ditugu, gure herria munduan kokatzen eta indartzen lagungarri. Hori guztia zentzuz antolatzeko, ordea, sistematizazioa behar dugu. Piezak ordenatu eta egituratzen lagunduko digun estrategia bat. Lehen aipatutako herrialdeek egiten asmatu duten hori behar dugu geuk ere. Hortxe kokatuko nuke lehentasuna.
Baina, batik bat narratiba (kontakizun) indartsu bat dugu, pareko gutxi duena. Horretaz baliatu behar dugu ezeren gainetik. Bada guztien begietan gure herriarekiko irudi bat, oso hedatua dena eta biziki erakargarri egiten gaituena: herri erresistentea, neurri batean misteriotsua, epikoa, galtzear dauden zenbait balioren gotorleku. Horren lekuko, gure kirol autoktonoak, han eta hemen miresmena sortzen jarraitzen dutenak. Zein herrik du, esaterako, nazioartean marka paregabea den jai-alai bezalakorik? Gure zenbait futbol taldek identitatearen iraupenaren ildotik landutako irizpideei XXI. mendean jarraipena emateak ere arreta sorrarazten du han-hemen.
Beraz, ezertan hasi baino lehen, horretaz guztiaz jabetu behar gara. Zentzu onean ohartu behar gara esku artean duguna berezia dela. Ez hobea, ez gehiago, ez gutxiago, baina bai ezberdina. Berezi izate horrek balio erantsia du eta nazioartean kokatzeko ekarpen erabakigarria da.
Orain, zirrara piztu zuten irudi horiek pasa eta bi astera, Tourrean bizi izan ditugun une historikoak egoki irakurri eta, batez ere, egoki kudeatzeko garaia da. Mementoari etekina orain atera behar zaio, sortu diren une hunkigarri andanak nostalgian gera ez daitezen. Aspaldian ez bezala sinergia baliagarriak agertu dira. Baina horrek burua ere eskatzen du, unekoak edo kontingentea izan daitekeenak itsutu ez gaitzan. Biharamunean, zirrararen faltan, egunero egindako lan sistematizatuak bakarrik ziurtatuko baitigu etorkizuneko arrakasta.
Inork ez du auzitan jarriko garai berriak bizi ditugula. Horrek guztiak, halaber, garai horietara egokitutako irtenbideak eskatzen ditu ezinbestez. Gurean eta mundu zabalean inguruabarra zeharo aldatu zaigu eta, alde horretatik, inertziek ezer gutxirako balio dute. Naziogintzak hor du erronka, parametro berrien irakurketa egokia egitean eta, batik bat, eskain dezakeen erantzuna eraginkorra izatean. Horretan asmatuz gero, XX. mendearen 60. hamarkadaren hasieran ekindako bide arrakastatsuaren antzera, bide berri bati ekiteko moduan egon gaitezke.
Aurrean ditugun eta aurkituko ditugun muga eta oztopoak asko dira. Horien aurrean zer bide hartu da gakoa. Hartzen ditugun erabakien araberako emaitzak lortuko baititugu. Ofizialtasunaren bidea ari zaigu erakusten geopolitikaren eta estatuen interesek luzaroan iraungo dutela. Hau da, hormaren kontra denbora batez txoke egiten jarraitu beharko dugula ziurrenik.
Errealitate horren aurrean, baina, bide berriak bilatu beharko ditugu, anbizioarekin, epe luzeko begiradaz, nazioarteko sareak sortuz eta egonkortuz, bidelagun berriak eginez. Zentzu horretan, nekez aurkituko dugu kirola baino tresna indartsuagorik munduan garenaz harro mintzatzeko. Kontua zirrikituak aurkitzea da eta horretan asmatzea. Ekainaren bukaera aldera Donostian izan den Mundu Batzarrak argi eta garbi erakutsi digu kirol diplomaziak pisu erabakigarria izango duela gure herriaren nazio egituratzeari dagokionean. Hegoalde eta Iparraldearen arteko mugak desegiteko bidean kirolak (errugbia adibide) asko du esateko. Ezin ahaztu, jakina, gure diasporen ekarpena. Agenda berria eta berritzailea behar dugu ditugun erronkei aurre egiteko. Donostian ospaturiko kongresura bertaratutakoak bidelagun izango dira prozesu horretan.
Kirol diplomazia Kirol diplomazia Kirol diplomazia Kirol diplomazia Kirol diplomazia