Jesus Loroño euskal txirrindularia gogoratzen bere jaiotzaren mendeurrenean

Jesus Loroño euskal txirrindularia –

Zorionekoak gara euskal txirrindularitza zaleak. Gure txirrindulari haundi baten jaiotzaren mendeurrena ospatzen dugula asteon. Jesus Loroño Arteaga 1925. urteko urtarrilaren 10ean jaio zen Larrabetzun, Goikola auzoan. Auzo horrek, Eleizaldek ikusi zuten mutikoa hazten. Bizikletarik ez zeukan eta anaiarena hartzen zuen urira joateko. Eta zaletu. Lanean hasi eta berea erosi ahal izateko.

Jesus Loroño euskal txirrindularia
Arg: joansegidor

Txirrindularitza afizio handia zen orduan gurean, eta garaiko lasterketetan nabarmentzen hasi zen Loroño. Txirrindulari profesionala izan zen ia hogeti urtez gero. Zenbat lasterketa, zenbat istorio, zenbat garaipen eta nekaldi. Euskal Herrian, garai latzak izan arren, txirrindularitzak eta kirolak orohar herri baten nortasuna adierazten zuten. Herri kirolak, apustuak, futbol taldeak, ligak, eta herrietako klub sortu berriak. Pizkunde bat, Frankismo ilunenari argia emateko xedez.

Lortutako garaipenak

Espainiako Vuelta bat, Tourreko etapa erregina 53an, mendiko mailota… hoiek denak kontatzen hasi, eta adurra dariola geratzen dira gaur egungo txirrindularitzazaleak. Gu ere, jakin genuenean ohartu ginen bere balioaz. Tourra, Vuelta, Giroa… baserri bateko semea, euskalduna, abertzalea, pelotoiko onenekin lehian. Herri bat ordezkatzen, debeku guztien gainetik.

Euskal Herria nazioartean?

Gure herriak inoiz zapalketarik ezagutu badu, Francoren estatu kolpe eta diktadura garaian izan da. Eta hala ere, kirolak balio izan zuen, gure nortasunari, gure ohiturei, gure hizkuntza eta balorei arnasa emateko. Grina erakusteko. Garaipenak eskuratzeko. Herri bat ginela, garela eta izango garela erakusteko. Bahamontes eta Loroño, bi leienda. Bi aurpegi. Bi fronte. Frankismoa eta espainolismo ankerrena ordezkatzen zuen Toledokoak. Abertzaleen ikur apal bilakatu zen Larrabetzuko, euskaldunon harrotasunaren eta kirol gaitasunaren erakusle. Gurean eta munduan. Euskal Herrian eta nazioartean.

Oraindik gogoan daukat, Larrabetzuko Hori Bai gaztetxeak herriko frontoian Benito Lertxundiren kantaldia antolatu, eta gauean, afalostean Oriokoak zelan gogoratzen zuen Jesus Loroño eta Aia gaineko bizikleta etapak, nola animatzen zuten, eta Aupa Loroño! oihukatzea, Euskal Herriaren aldeko aldarri egitea zela; bere ahotsa sakona entzun dezaket oraindik, guri besotik oratuta, eta kirola eta nortasunak bultzatutako herri taupada ozen adierazten. Hankek dardar egiten didate oraindik. Atzo izan balitz bezala.

Herri baten nortasuna

Txirrindularitza, kirola, hizkuntza, kultura, ekonomia… herri baten oinarri oinarrian dauden zutabe eta orubeak dira. Gure herriaren erakusle. Gure ohituren memoria bizia, gure izatearen ezaugarri, etorkizunaren aldarri, berme eta gidari. Kirolari handiak eman ditu Euskal Herriak. Egun ere nazioartean markak hausteko gai diren ehundaka, milaka txirrindulari saiatzen dira kirolez kirol, markarik onenak egiten, emaitza eta lorpenak eskuratzen. Gailurra, helmugak, apustuak, kopak eskuratzen.

Herri txikia da gurea. Gaur egun 2000 biztanle dituena. Txikiagoa izan da aurreko hamarkadetan. Baina XX. mendean txirrindularitzan nabarmentzeko hainbat kirolari ezagutu dituzte belaunaldi ezberdinetan herriko kirolzaleek. Vicente Blanco Etxebarria «El Cojo» XX. mende hasieran Pariseraino bizikletaz joan zen gero Tourrean parte hartzeko.1910eko Tourrean parte hartu zuen. Historikoa.

Bere urratsak jarraitu zituen Jesus Loroñok. Larrabetzun, eta Euskal Herrian orohar zegoen txirrindularitza zaletasunak bultzatuta, ehundaka ziren bide bazterretik gure txirrindulariak animatzen zituzten euskaldunak. 65 garaikur etxeratu zituen. Erraz esaten da bai, ondo gogoratuko ditugu. Lasterketa asko dira. Izerdi ugari. Oinaze nahiko eta lorpen itzela. Txapeldun bat, euskaldunon historian.

Garaikidea izan zuen KAS taldean irabazle peto bilakatu zuen Benigno Aspuru. Eleizaldekoa hau ere, esprinterra.1956ko Espainiako Vueltan etapa bat lortu, eta gerora makina bat aldiz gurutzatu zuen besoak altxatuta helmugako marra. Herrian, bere semeak, ilobek miresmenez kontatu dezakete Aspururen berri. Loroño. Vicente Blanco.

Euskaltel Euskadik irabazi zuen lehen itzulia, Mikel Artetxek eskuratu zuen Portugalen. Gaztelura bidean, anaiak -mutikoa oraindik- bidean Aupa Mikel! marraztu zion errepidean. Nork esango zigun Txomin eta Pantxiren semea Tourrean ikusiko genuela. Izugarria izan zen. Herri osoa mugitu zen urte haietan beste hainbat euskaldunekin Pirinioetara. Euskal Herrian ere, Bagargin gora, Hamiltonen atzetik ikusi genuen larrabetzuar txikia. Sendo. Gogor. Mayo, Laiseka, Zubeldia eta halako txirrindulari handien taldean. Beti lanean. Beti isilik. Adi adi gero.

Xabier anaia, nazioarteko talde onenetan ibili zaigu gero. Egan Bernal handiaren prestatzaile. Ineos taldeko staffean. Euskaldunen ondoan. Munduko txirrindularitza talde onenetako baten autoan. Euskal Herriko hedabideetan esatari edo komentarista Artetxe anai biak. Euskara soli soli. Jakintza eta adorea. Txirrindularitza eta herria. Anaiak. Handiak.

Herri kirolaria.

Atzetik datozenak ere, ilusio berarekin datoz. Gora begira. Aldapan gora. Entrenatzen. Gogoz. Historia ezagutu eta kilometroak eginez. Kirol gogorra izan arren, lagunekin gozatzen. Animatzen. Frontoian, futbol zelaian, mendian, errepidean. Denok ilusio berdinarekin. Herri baten nortasuna den kirola landuz. Herri baten koloreak janztea amestuz. Euskal Herria nazioartean aritzeko gai dela erakutsiz. Herri kirolaria eta kirolzalea da gurea. Eta horregatik, frontoian Emakume Master Cup jokatzen denean, gazteak futbolean emaitzak lortzen dituztenean, euskaraz entzuten ditugunean, bertsotan, kantuan edo algaraka ari direnean, herri nortasuna erakustean… harro gaude gure kirolaz, gure kulturaz, gure herriaz. Harro Uritarra futbol taldea, Olarreta pilota elkartea, Mikel Artetxe txirrindulari elkartea edo Hori Bai gaztetxeaz. Munduko herri bat da gurea, eta horretan be, mundialak garelakoan. Segi aurrera.

 

Larrabetzuko Uritarra kirol taldeak (futbol taldea) eta Mikel Artetxe Txirrindulari zale elkartearekin sinatuta

Jesus Loroño euskal txirrindularia  Jesus Loroño euskal txirrindularia  Jesus Loroño euskal txirrindularia  Jesus Loroño euskal txirrindularia

kazetaria | eduki sortzailea| blogaria agit/prop 2.0 gaztelumendi.eus

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude