Irakaspenak

Irakaspenak –

Irakaspenak

Zaila da igandean gertatutakoaz inork ikusi gabeko ezer esatea, agerikoak izan baitziren, nola bataren perfekzioa, hala bestearen ezina. Horregatik, kantxan gertatu zenaz aritu ordez, finalak berak utzi dizkigun bi irakaspen aipatuko ditut datozen lerroetan, bi aipu abiapuntu gisa hartuz.

Lehenengo aipua Imanol Magro kazetari eta lagunari duela bi urte irakurri nion txioa da; denborak aurrera egin arren, goroldiorik lotu ez zaiona: «Jokin Altuna parrandan dabilen nafar bat bezalakoa da, inoiz ezin duzu hiltzat jo». Hori baita pilotazale askok, 22-7 haren ondoren, egin zuen okerra: Altuna hiltzat jo. Akats larria. 28 urterekin zortzi txapel irabazi dituen, edozein egoera iraultzeko gaitasuna duen, eta pilotaren historian hainbat orrialde betetzen ari den norbait, oraindik arnasa duela (nahiz eta arnasestua izan), hiltzat jotzea, norbere burua arriskuan jartzea da. Horra hor lehen irakaspena.

Bigarren aipuak, berriz, askoz urte gehiago ditu; Kurt Goldstein neurologo eta psikologo prusiarrak idatzi zuen XX. mendearen hasieran: «Beldurrak zentzumenak zorrozten ditu. Antsietateak, aldiz, geldiarazi». Hori gertatu zitzaion igandean Unai Lasori, barruan zuen gehiegizko gogoa antsietate bihurtu zitzaiola eta antsietate horrek lotu zituela, itzainak idiak uztarrira bezain estu, bere zentzu eta zentzumen guztiak. Ilusioa eta desioa lagun onak dira, betiere gehiegizkoak ez direnean. Hor bigarren irakaspena.

Horiek dira Jokin eta Unairen arteko final honek utzi dizkigun bi irakaspen nagusi. Ea datozen urteetakoek zer erakusten diguten, etorriko dira eta.

BERRIAn argitaratua

 

Irakaspenak

Pilotari ohia; gaur egun, euskara irakasle IRALE

Zer duzu buruan “Irakaspenak”-ri buruz

  • Mikel Haranburu 2024-06-04 10:03

    Uste dut txapelketa honetan besteren bati ere gertatu zitzaiola… antsietate delako hori gailendu eta ezintasun ia fisiologiko horretan lotuta egotearena. Tantoa egin beharraren beharraz, pilotan jokatzea ahaztu edo… eta tantoa bestearentzat! Eta Unairi Jon Mariezkurrenak esan egiten zion: pilota ibilarazteko, atzera jotzeko piloteo bila, jokatzeko (jokoa baita…).
    Halaxe uste dut nik ere. Esate baterako, sakeari bost koadroan jarri eta nola edo hala erantzun nahiak zenbat tanto galarazten ote du…? Atzo Fernando Goñik adierazi zuenez: Altunak sakeak botez erantzun zituen, denak ere, eta ongi joan zitzaion…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude