Baskonia zainetan, egitasmo berria

Baskonia zainetan, egitasmo berria –

Baskoniazale amorratutzat du bere burua Josebak, eta saskibaloiari buruz euskaraz hitz egiteko txoko gutxitxo daudela iritzita, “Baskonia zainetan” bloga sortu berri du.

[Gaur] “Baskonia zainetan” jaio da, euskara bultzatzeko egitasmo berri bat, non saskibaloia (Baskonia beriziki, baina Araski eta Araberri baita ere) eta euskara lotu nahi ditudan.

Baskonia zainetan, egitasmo berriaEgitasmoaren xedea, beraz, euskara kirol eremuan bultzatzea izango litzateke. Gure hirian asko idazten eta mintzatzen da saskibaloiari buruz; irratsaio, egunkari, kazetari eta esatari itzelak ditugu, saskibaloia benaz ondo aztertzen dutenak, baina salbuespenak salbuespen, normalean gaztelaniaz jarduten dute. Halaber, zaleak aktibo dira oso sare sozialetan, aburu eta iruzkin ugari eta landuak egiten baitituzte, baina, berriro ere, zale gutxi batzuk gorabehera, gaztelera da erabiltzen duten hizkuntza.

Hala ere, azken bolada honetan eta Euskaraldiaren bultzadaren eraginez, gero eta mezu gehiago euskaraz ikusten ari naiz, baita euskarekiko sentsibilitate gehiago ere. Egitasmoak fluxu hau hartu, kanalizatu eta ikusgaitasuna eman nahi dio egitasmoak, euskal saskibaloi komunitate berri bat sortu eta ahalik eta gehien handitu.

“Baskonia zainetan” hiru alderdi nagusi izango ditu:

  1. “Baskonia zainetan” bloga. Izena ez da ustekabekoa, antzinako “Baskonia en vena”-tik baitator. Hasieran zerotik hastea pentsatu nuen, euskara hutsean, baina ondo aztertu eta gero, pena handia ematen zidan 2006tik 2015era arte idatzitako artikulu bilduma galtzea, 593 artikulu guztira. Artikulu horiek nire oinordetza dira, beste aro bateko aztarna, beste era batera idatzitako ondarea. Agian ez da asko, baina niretzat garrantzi handia dauka. “Baskonia zainetan”, aldiz, era bat ezberdina izango da formatu aldetik, gizartea eta elkarri eragiketak eraldatu baitira. Idatziko ditudan artikuluak motzagoak eta zehatzagoak izango dira; lau puntu aztertuko ditut post bakoitzeko, bi Baskoniarentzat, eta puntu bana Araski eta Araberrirentzat. Artikuluak eztabaida sortzeko izango dira, eta eztabaida horiek Twitter eta foro berrira bideratu nahiko nituzke, formatu aproposagoak baitira debaterako.
  1. “Baskonia zainetan” foroa eta twitter zerrenda. Blog bat noranzko bakarrekoa da, eta egitasmoak bilatzen duena justu kontrakoa da, hots, interakzioa, ahalik eta zabalen. Xedea hedapena da, bakoitzak duen euskara maila duela. Hau ez da EGA azterketa bat, ez gaude euskara perfektu baten bila. Jendeak lasai jardun dezake foro hauetan, inork ez du euskara maila epaituko eta. Xede hau bideratzeko bi baliabide abian jarriko ditut euskaraz eztabaidatzeko:
  • Twitter zerrenda bat, publikoa, eta edonorentzat eskuragai. Jadanik euskaraz aritzen garenok osatuko dugu zerrenda hasieran, baina poliki-poliki haztea eta handitzea espero dut, eta eskatzen duen edonor zerrenda barruan sartuko dut. Zerrenda horretan denek euskara dakitela ziurtatzen da, beraz zerrenda horretako edonorekin elkarri eragiteko euskara erabili ahal da.
  • “Baskonia zainetan” foroa. Agian foro formatua ez da Twitter bezain dinamikoa, baina ahalbidetzen du elkarri eragiketa guztiak euskaraz egitea, eta eremu jakin horretan euskara nagusia izatea. Horregatik foro bat abian jarri dut, non Baskoniak, Araskik eta Araberrik atal berezkoak izango dituzten. Foro honetan euskara hutsean jardutea ezinbestekoa izango da.

Alderdi pertsonal bat izango du baita ere egitasmoak, eztabaida foroa mundu birtualetik kalera, tabernetara edo mendira ateratzearren. Horretarako Mintzalagunaren entzute handiko formatuan oinarriturik, topaketa batzuk antolatuko ditugu. Topaketa horietan, saskibaloia lagun, aurrez aurre mintzatuko gara eta egunero hitz egiten diogun horri aurpegia jarriko diogu. Topaketa hauek irekiak izango dira eta aldez aurretik iragarriko dira, ahalik eta jende gehien lortzearren. Topakeetera etortzeko baldintza bakarrak euskaraz komunikatzeko ahalmena izatea eta saskibaloiari buruz mintzatzeko asmoekin etortzea izango dira. Topaketa batzuetan gai irekiak jorratuko, eta beste batzuetan gai finkoak aztertuko ditugu, hala nola Erreginaren Kopa aurretik Araski buruzko topaketa bat, Lauko Finala aurretik, Baskonia buruzko topaketa bat, eta abar.

Hau da, euskara saskibaloian zabaltzeko eta saskibaloia euskaraz bizitzeko egitasmo berri bat. Gurekin elkartu nahi? Zatoz!

Baskonia zainetan, egitasmo berria Baskonia zainetan, egitasmo berria Baskonia zainetan, egitasmo berria

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.