Aurkarien zaleentzako sarrerak 25 eurotan, derbietan
Aurkarien zaleentzako sarrerak 25 eurotan, derbietan –
Gizonezkoen futbol Ligan bost euskal talde izango ditugu aurten lehian. Gaur jakinarazi dute hitzarmen bat adostu dutela beraien arteko derbietan kanpokoen sarrerak merkeagoak izan daitezen. Akordioak zaleen aspaldiko eskari bati erantzuten dio.
Athletic, Reala, Osasuna, Alaves eta Eibar taldeetakoko presidenteek bost kluben arteko norgehiagoketan bisitariek sarrera prezio bera izatea adostu dute, “kluben arteko giro ona bultzatu eta zaleen desplazamendua erraztu asmoz”.
Hala, bost taldeek elkarren aurka jokatuko dituzten neurketetan -hogei izango dira- kanpoko zaleek 25 eurotan erosi ahalko dituzte sarrerak. Salgai jarriko den sarrera kopurua futbol zelai bakoitzaren ezaugarrien eta lekuaren araberakoa izango da.
Aitor Elizegik (Athletic), Jokin Aperribayk (Reala), Luis Sabalzak (Osasuna), Alfonso Fernandez de Troconizek (Alaves) eta Amaia Gorostizak (Eibar) gaur goizean hartu dute erabakia Anoetako futbol zelaian egin duten bileran, eta etorkizunean jarraipena emateko konpromisoa erakutsi dute. Hitzarmenak asistentzia eta zaleen arteko giro ona bermatzea du helburu.