Zergatik izan begano?

Zergatik izan begano? –

Zergatik izan begano?

Pertsona batzuek ez dute mugimendu hau ulertzen, baina arrazoi sakonak daude begano izateko. Asko dira beganismoa modan jarri den elikadura berri gisa ikusten dutenak. Orain beganoa izatea “cool” da. Horregatik, ez da harritzekoa hirian paseatzen ari garela gero eta jatetxe begano hobeak aurkitzea Instagramen hain gustuko dugun “postureoa” egiteko, supermerkatuetan “veggie food” eskaintza gero eta handiagoa izatea eta McDonald’sen ere hanburgesa begetariano bat eskatu ahal izatea. Askorentzat beganismoa hori da, moda bat besterik ez. Baina, egia esan, haratago doa, eta garrantzitsua da hitz horren esanahia zein den jakitea, okerretan ez erortzeko.

Beganismoa bizi-filosofia bat da, animalien erreinuarekiko esplotazio eta krudelkeria-modu guztiak baztertzen dituena eta bizitzari erreberentzia egiten diona. Praktikan, dieta begetariano puruari jarraituz aplikatzen da, eta animalietatik eratorritako materia guztietarako alternatibak erabiltzera animatzen du. Filosofia horrek, beraz, elikagaiak eta animalia-jatorriko kontsumo-gaiak (eztia, artilea edo larruak) baztertzea eskatzen du. Era berean, osagaien jatorriagatik, erabiltzen ditugun kosmetiko eta garbiketa-produktu gehienak ere saihesten dira.

Inpaktuak ingurunean

  • Animalia-jatorriko elikagaien kaloria bat ekoizteko, landare-jatorriko kaloria 1 ekoizteko baino 10 aldiz erregai fosilen energia gehiago behar da.
  • 70eko hamarkadaz geroztik, Amazoniako oihanaren %20 suntsitu da, eta eremu garbi horren %80 aziendak okupatzen du orain.
  • Munduko aziendetan kontsumitzen diren zerealek 8.700 milioi pertsona elikatuko lituzkete.
    Ia 1.000 milioi pertsona desnutrizioa sufritzen mundu osoan. Abereak gizentzeko erabiltzen diren zerealen zati bat bakarrik erabiliz, gosea pasatzen duten pertsona guztiak elikatu ahal izango lirateke.
  • Nekazaritza eta Elikadurarako Nazio Batuen Erakundeak (FAO, ingelesezko siglak) 2016ko urteko txostenean esan zuen nekazaritzak eta abeltzaintzak berotegi-efektuko isurketen %20 sortzen dutela, eta energia-industriak bakarrik duela erantzukizun handiagoa (%47) planetako tenperaturaren igoeran horrelako gasak ekoizteagatik.

Posible al da ingurumenarekin arduratsua eta konprometitua den kontsumitzaile bat izatea eta, aldi berean, animalia-jatorriko produktuak kontsumitzea?

Beste aukera batzuk ere badaude; kontsumitzen ditugun produktuen jatorriari buruzko informazio ona izatea. Adibidez, abeltzaintza jasangarritik datozen produktuak kontsumitzea aukera ona da. FAOren txostenaren arabera, abeltzaintzan praktika iraunkorrak hartuz gero, metano-isuriak %41 murriztu daitezke.

Laburbilduz, planeta hobetzen eta gure ingurumen-inpaktua murrizten laguntzeko gutako bakoitzak kontsumitzaile gisa dugun botereaz erabat kontzientziatu behar gara. Begano izateko erabakia onuragarria izan daiteke maila guztietan, horren emaitza etorkizuneko belaunaldietan azaleratuko baita.

Zergatik izan begano?

9 pentsamendu “Zergatik izan begano?”-ri buruz

  • Jepa, Amaia. % 100 zuzen zarela pentsatzen dut. Eman dituzun datu gehienak aspaldian ezagunak izan arren, ongi da noizean behin gogora ekartzea, ea azkenean burura sartzen zizkigun. Zer, askotan, beganoak ibili behar dira barkeske bezala, beren burua justifikatzen, humanitatearen etsaiak balira bezala.
    Bestela, artikuluari lotu zaion argazkia ez zait gustatu. Barazki-fruituak onak eta goxoak dira, bistan da; baina “herbiboro” hitza hainbestetan erabili baitute irain gisa… Funtsean proteina onak lortzen dira lekaleak zerealekin biok jaten direnean: gure tradizioko sukaldaritako ogi, arto eta talo, indaba, txitxirio eta dilistarekin batera. Ea sukaldari izardunak enteratzen diren.

  • indaba, beganoen eta orojaleen artean normalean ez dago ikamikarik. Benetan, ez zaigu horrenbeste inporta bakoitzak zer jaten duen, elkarrekin bazkaltzen badugu, eskatu menestra eta entsalada sinplea, eta ez kontatu beganoa zarenik, eta segi dezagun zineaz hitz egiten. Baina, baldin horri buruzko solasaldirik badago, ez dudarik izan “barkeske” ibili behar dugunok orojaleak izan ohi garela.

    Artikuluan esaten direnak ikusi besterik ez dago, “humanitatearen etsaiak” orojaleak garela ikusteko, Amazonia txikitzen dugulako, edo berotegi-efektua areagotzen dugulako edo, zer dakit nik, anmalia gaixoak jateko bezain bihotz-gogorrak garelako.

    Niri berdin-berdin zait nire ondoko bazkaltiarrak zer jaten duen, baina noski, komanda eskatzean “beganoa naiz” esaten badit norbaitek zerbait interesgarria balitz bezala, eta, pelikulei buruzko solasaldia utzi eta horri buruz “informatzen” hasten bazait, ez espero isilik geratzerik… ezin dut beste baterako utzi aipatzea zergatik ez dagoen ia batere beganorik jende oso behartsuaren artean, zergatik beganoek jan ohi dituzten produktu asko (naturalak zein ultraprozesatuak) diren santokristotik ekarriak edo zergatik begano asko diren begano eta Lurrarekin kezkati babarrunak eta tofua jateko bakarrik, baina ez gero oporretan abioiak barra-barra hartzeko, furgoneta edukitzeko edo bigarren etxe bat izateko ez dakit non (ahal bada, unifamiliarra lorategiarekin).

  • Mikel Haranburu 2024-09-27 13:43

    Zerbaitengatik, baina ez eskatu niri azalpenik, animaliak, genero edo espezie askotakoak behintzat, ez dira beganoak.
    Ez dute, haatik, Amazonia suntsitzen, edo behar baino askoz ere elikagai gehiago ekoizten, ez baitute “ekoizten”, baina ez bada kontua ongi antolatzen, elikagai beganoak ekoiztea planetako guztiontzat etxekalte suerta liteke… ala ez?

  • Kalekume izateak dakartzan kalteak. Soja guzia transgenikoa da, eta munduan ekoizten den zereal eta lekale gehienak. Integrala izan daiteke, bai, baina transgenikoa. Eta galdera bat. Zergatik gara Sapiens? Haragia Jaten dugulako, Beganoen txakur maiteek bezalaxe. Are gehiago, ziur naiz Beganoak direla plastiko gehien erabiltzen dutenak, guzia prozesatua Jaten baitute, eta babukeria handiak: hanburgesa beganoa, kroketa baganoak, ez bada, horiek ez dira ez hanburgesak ez kroketak, asma itzazue izen egoki bat. Edo erosi eta zuritu , besteok bezalaxe, kardua, zerbak, kuiatxoak, borraia, patatak eta berdura guziak, eta ez pentsatu bereziak zaretenok, ergel koadrila ezjakin bat baino ez zarete eta .

  • Euskahaldun 2024-09-28 14:32

    Begano/Orojale dikotomia erabat faltsua eta oinarri zientifikorik gabea da. Edo datu zientifiko hoiek komeni zaizuen erara interpretatzen dira beganismoaren teoriaren mesederako. Zuk zeuk esan duzu “Nekazaritza eta Elikadurarako Nazio Batuen Erakundeak 2016ko urteko txostenean esan zuen nekazaritzak eta abeltzaintzak berotegi-efektuko isurketen %20 sortzen dutela”, abeltzaintza eta nekazaritzak, biak. Beganoen artean hain modan dauden aguakate eta sojaren ekoizpenak munduan zehar eragiten dituzten ingurumen kalteak oso ezagunak dira. Gure aititamamen baserrietan ia beganoak ziren praktikan, haragia jateko aukera, asko jota, astean behin izaten zuten luxua baitzen. Gainontzekoetan, babak azekin eta hurrengo egunean azak babekin aspertu arte. Laranjak gabonetan oparitzen ziren gutiziak ziren, ez gaur egun goizero gosaltzeko zukuan hartzen dugun ohiko fruta bat. Orain udan, sasoia ez bada ere, Hegoafrikatik inportaturiko laranjak kontsumitzeko prest gaude, honek suposatzen duen kalte ekologikoaz jabetu gabe. Zerk eragiten du kalte ekologiko gehiago, Hegoafrikan era ekologikoan ekoiztua baina itsasontziz edo abioiez inportaturiko laranja batek, ala Euskal Herrian nekazaritzarako egokia ez den euskal mendi baten abeltzaintza estensiboan hazitako behi baten okelak? Haragiaren kontsumoa jeitsi beharra dagoela argi dago, laranja zukua bezala, egunero jan beharreko produktu merkea bihurtu baitute haragi industriek sustatuta. Baina baita ingurumerako kaltegarriak diren hainbat barazki produktu ere. Gakoa ahal den heinean sasoikoa eta bertakoa (edo gertuena) kontsumitzean datza. Dieta zenbat eta anitzagoa izan orduan eta menpekotasun gutxiago izango dugu produktu jakin batzuekiko.

  • Egunen batean, baina hor lan egin beharra daukazu, ez ditugu turistak Maite, neronen alorrera etorri beharko zinuke.

  • Ba nengoen ba ni ! Begano ergelek jaten dituzten guztiak, transgeniko, hegoafrikar eta plastikoz inguratu bilakatzen dira. Berdin Nafarroako indaba, Okzitanaiko soja biologikoa, Arabako Mona Lisa, Gaztelako txitxirio, dilista eta Valentziako liranja badira ere. Halako mirakulua!
    Hortaz, ogi zuria debekatuko zaie eta beltz integrala baizik ez dute jango. Halako mazedonia mentala!

  • Ez nuen uste artikulu honek hainbeste erreakzio eragingo zituenik, baina pozten naiz, neurri batean horixe bilatzen nuen. Hemendik aurrera, zalantzarik gabe, Hegoafrikako laranjen kontsumoa ere murriztuko dut.

    Gainera, % 100 ados nago Indabarekin aukeratutako argazkia ez dela onena esatearekin, baina gaur egun kontuz ibili behar da egile-eskubideekin, eta hau zen bilatzen nuen mediatekako janariarekin zerikusia zuen bakarra.

    Eskerrik asko guztioi eztabaidagatik, errespetuz bada, ongi etorria izango da beti 🙂

  • Eta begira nondik orain, ustekabez, beste zale bat baduzun, Amaia: literatura nobel saria, Han Kang, ez gutxiago. Begetariano zenbaitek jasaten duten jazarpena da haren liburu baten gaia, kronikek diotenez. Irakurriko baietz!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude