Zer ikasi, hura ikusi

Zer ikasi, hura ikusi –

Zer etortzen zaizue burura “hiruzpalau” hitza irakurtzean?

Niri pertsonalki, txikitan eskolan, matematikako liburu baten portadaren irudia datorkit burura, hitz hori, izenburua izango balitz bezala, baina… EZ!

“Hiruzpalau” ahoskatzen da, baina 3zpa4 irakurtzen da. Lau gazte eta amets berbera. Do, re, mi, fa, sol, la, si eta do. Euskaraz. Dibertitu. Entretenitu. Ordenagailuan, mugikorrean, tabletan. Tira… Oraindik ez dut uste argi dagoenik zer den.

Hor doakizue pista bat, sarrera moduan, lau kidek osatzen dute taldea, gazteak dira eta haien artean nahiko desberdinak, baina haien ametsa, hots, musikak, eta baita entretenitzeak eta gure txikiei irakasteak, bat izatera eraman ditu, talde bat. Lokalean elkartzen dira eta han bertan, dena sortzen da.

Ezkerretik eskumara, Maider, Jon, Izaro eta Amets.

Hauek dira, lau gazte, eta amets bat. 3zpa4-ko lau gazteek haien ametsa bete nahi dute, eta horregatik, elkarrekin musika talde bat sortu dute. Euskal musika talde famatuen abestiak aukeratzen eta bideoklipetan aurkezten dituzte, dantzekin eta guztiz. Horrez gain, haiek ere abesti bat idaztera ausartu dira, eta udari ongi etorria emateko, “uda” deituriko abestia egin dute. Hauek bai sormena gaztetxo hauek dutena!

 

Baina, ez da hori bakarrik, musika egiteaz gain, bideoak egiten dituzte, kide bakoitza bere arloaren barne bakarka,  baita, binaka ere eta taldeka noski. Bideoak, saio pedagogiko bat izango balitz bezalakoak dira, alegia, saio didaktikoak dira, entretenitzeaz landa, ikasteko aukera ematen baitute. Izan ere, jorratzen dituzten gaiak, egunerokoan eman daitezkeen edo, ikus daitezkeen egoerak dira, eta haiek, antzeztu edo gaien inguruan mintzatu egiten dute, modu egokian eta normaltzat tratatzen, eta kontuan hartuz nortzuk dira haien ikus-entzuleak, konkretuki, haurrak (7-13 urte bitartekoak gutxi gora behera).

Hori nahikotxo badirudi ere, ETB3n, umeei zuzenduta dagoen kanalean, gaueko 20:30etan 3zpa4 telesaila igortzen da. Lau lagunen bizipenak eta eguneroko gaien inguruan egiten dituzten hausnarketak ikus eta disfrutatu ditzakete etxeko txikiek, horrez gain, asteko bideoklipa aurkezten dute eta astero sorpresaren bat jasotzen dute. Gainera, eitb-ko web gunean ere “nahieran” ikus daitezke, bai telebistan ematen dituzten telesailak, bai haien bideoklipak, bai egiten dituzten bideoak eta beste hainbeste informazio eta entretenimendu.

Go!azen-en arrakastaren harira sortutako proiektua ematen du. Badirudi ETBren eskutik atera dela egitasmo hau, 4 gazteen ekimen hutsetik baino. Nolabait, esparru horretan dauden ekoizpenekin antzekotasunak ditu, baina bere mugekin. Disney ekoiztetxeak adin tarte horretako umeentzat, formatu parekoa duten ikuskizunak sortzen ditu: musikaz eta gazteen gaiez blai. Batez ere maitasun eta eskola kontuak lantzen dituzte, baita adiskide edo gurasoekin dituzten harremanak ere.

Gazteak, gaur egun, “Youtube belaunaldia” dira, gustatu ala ez. Youtuber (Youtube-n bideoak sortzen dituztenak) ugari erreferentetzat dituzte. 3zpa4ko kideek, nolabait, bideo horiek aurkezteko modua eta estiloa jarraitzen dute (efektuz beteak eta 5-15 minutu ingurukoak gehienak). Hortaz, ETBn, gazteek sinetsi eta jarraitzen duten eredu horri eutsi diote, modu fresko eta egokituan.

Nire aburuz, ezinbestekoa da umeek horrelako edukiak eskura edukitzea euskaraz. Nagusi askori, seguru, ez zaie gustatuko saio honen edukia, baina 7-13 urteko umeek ez dituzte 35 urte baino gehiagokoen kezkak eta ardurak. Haientzat onargarritasun handiagoa dute, 17-25 urteko gazteak. Batik bat, gazte “arrakastatsu” edo sona handikoak badira. Askotan, guraso edo irakasleak “txapa” ematen duten pertsonai astunak izaten dira. Haiekiko errebeldia prozesua hasten da adin horrekin, batez ere inguruan nortasun markatua duen lider gazte bat haiengan eragina edo influentzia badu.

Niri dagokidanez, hezkuntza arloan sartuta nago, izan ere, irakaskuntza (magisteritza) ikasi berri eta lanean nabil 3zpa4 ikus dezaketen duten adineko gaztetxoekin. Aitortu behar dut, Bilbo aldeko gazteek ETB1 gutxi ikusten dutela, zoritxarrez. Hori dela eta 3zpa4ko gazteek horrelako gauzak egiteak benetan harrotzen nau. Ume txikiek euskara disfrutatzeko aukera daukate horrelako kantekin eta bizipenekin, izan ere, marrazki bizidunak alde batera utzita umeentzako telesail bakarretakoa da. Ikasle eta hezitzaileok euskal kultura, erreferente eta edukiak transmititzeko erantzukizuna dugu, ez soilik eduki akademikoak irakasteko. Hortaz, beharrezkoak ditugu haientzat gustagarriak izan daitezkeen baliabideak edukitzea.Badakizue, “zer ikusi, hura ikasi”, baina kasu honetan, gazteek, inork baino gehiago, “zer ikasi, hura ikusi”!

Euskara ikasi egin behar da, noski, baina, beste edozein hizkuntzatan bezala, ikasitakoa praktikan jarri behar. Ingelesa ikasteko hainbat pertsona joan ohi dira atzerrira,  hizkuntza osotasunean bizitzeko.  Guk geure herrian bertan, nola ez dugu ba aukera hori izango? 3zpa4-k egindako eta abestutako abesti batean esaten dute, sol mi si euskara bizi, eta horrela da, EUSKARA BIZI BEHAR DA!

Zer ikasi, hura ikusi