Zer dakite filosofoek bizitzari buruz?
Zer dakite filosofoek bizitzari buruz?
“Baina zer dakite filosofoek bizitzari buruz?”. Horixe aurpegiratzen dio galderak deritzon antzezlanaren protagonistak bere buruari, filosofiaren onurak zalantzan jarririk. Gutxi gora behera, PPko zenbait politikok egin duen antzera, filosofia ikasgaia ikasketa plangintzetatik kendu nahi dute, pultsuan batere ikararik nabarmendu gabe.
Filosofiak galderak planteatzera gonbidatzen gaitu. Aberastu egiten da berezko gure izaera, zalantza eta kezken bitartez. Eta erantzunik ez duten zalantzak behin eta berriro formulatzeak buru-atrofiari bizkar ematea ahalbidetzen du, hainbeste zabor eta merkantilismo itogarriren artean erdi galduta gabiltzan bitartean.
Giza espiritua desagerrarazten ari den miseriak helburu garbia du: gizartearen kontzientzia askea ezabatzea. Horretarako, jakina, arriskutzat hartzen dituzte pentsatzen laguntzen diguten lanabes eta tresneriak. Gure pobretasun kulturalean gero eta hobeto etortzen zaie politikoei inolako pentsamolde askea ez izatea, azken finean haiek nahi dutena da gu erraz manipulatu ahal izatea. Pobre eta otzanak nahi gaituzte, erreakziorako gaitasunik gabeko panpin tristeak. Horregatik, eskoletatik hasi dira, hauek pribatizatu eta ordaindu ezin dutenek ezin izango dutenez heziketa bat jaso, gobernuak guztiz manipulatuta izateko, txotxongilo bihurtuko gaituzte.
Kontzientzia kritiko apur bat geratzen zaigun bitartean, ordea, geuri ere badagokigu kontrako esanetan saiatzea. Makina hutsak izango ez bagara, noski.