Zenbat balio du auto bat edukitzeak?
Zenbat balio du auto bat edukitzeak? –
18 urte betetzeak hainbat aldaketa dakartza. Horietako bat eta nabarienetakoa gidatzeko edukitzeko gaitasuna da. Auto gidabaimena izan dezakezu adin nagusia izanik.
Autoa izateak askatasuna ematen dizu. Batez ere, hirigunetik kanpo bizi bazara, non ezin zaren etxetik oinez atera eta garraio publikoa hartzeko alternatiba ez den bideragarria.
Gidabaimena lortzean izugarrizko poztasuna lortzen duzu. Zure hurrengo pentsaera izaten da “Buah, lagunekin primeran ibiliko naiz handik hona, musika entzuten eta nire kasa ibiliz”. Zein autotan baina? Hasieran gurasoena, normalean. Baina aurrerago eta, aukera edo beharrik baduzu, zure auto propioa eskuratzean pentsatzen hasten zara. “Joe, dirutza behar da horretarako!” izaten da hurrengo gogoeta. TBan etengabe ditugu autoen iragarkiak. Eskaintza zabala dugu. 6.000 eurotik gora aukera handia dugu. Eta zer esanik ez, merkeago bigarren eskuko merkatura jotzen badugu.
Autoaren erantzukizuna zeureganatzen baduzu; hasieran dena berria da. Eta laster konturatzen zara, autoaren kostu ekonomikoa ez dela soilik “autoa erostea”. Erosketa egitea soilik… bai, zera! Autoa izatearen ardura zeurea denean erabat, orduan bai, orduan komeriak!
Zerrenda bat egin dut autoaren kostuak zeintzuk diren bilduz. Gainera -erabilera arrunta eginez- estimazio bat ere egin dut gastu bakoitzeko. Adibidea, buruan 15.000€ko turismo-auto arrunt bat izanda egin dut:
- Erregai kontsumoa (kilometroen arabera). ——————> 60€ (60€x12)
- Aparkatzea. ——————> Eguneroko garajea 100€+helmugan behin behineko aparkatzea 20€. Urtean 120×12
- Bidesariak (peajeak). ——————> Egindako autopistako bidaien arabera. 10€
- Amortizazioa. Autoak batez beste 15 urte iraun dezake. Bizitza erabilgarria ez da finkoa. ——————> Gure kasuan, urtean 1.000€ (15.000/15)
- Mantentzea (gurpilak eta olioa aldatzea, balaztak -frenoak-, alineazioa…). ——————> Urtean 100€. Autoa zenbat eta zaharrago, orduan eta handiago.
- Asegurua. ——————> Urtean 400€
- Zergak (zirkulazio zerga) ——————> urtean 200€
- Konponketak (istripu edo matxurarik baduzu eta aseguruak ardura hartzen ez badu). ——————> 100€
Guztira, urtean: 4.080€
Guztira, hilabetean: 340€
Ondorioz, gazte baten soldataren zati handi bat hartzen du autoak. Gazte askok 800€ko soldatak baino ez dituzte jasotzen. Hau da, soldataren zati handi bat autoak bereganatzen du.
Gazte askok autoa ordainketa bakarreko gailutzat hartzen dute. Beste edozein “jostailu” bailitzan. Denborak aurrera egin ahala, ordea, eta esperientziaren esperientziaz, autoa etengabeko diru isuria dela ohartzen da. Momentu hori egokia da, autoa izateak pena merezi duen planteatzeko eta hausnarketa egiteko.
Hala ere, badira autoa prestigio eta harrotasun ikurtzat dutenak. Hau da, gutxieneko gastua baino askoz gehiago xahutzera prest daude. Ez dute arazorik BMW edo Mercedes dotore eta potente batean dirua barra-barra gastatzeko.
Hirietan ordea, gero eta oztopo gehiago daude autoz ibiltzeko (oinezkoentzako kaleak, bus eta taxi-entzako bideak, norabide bakarrekoak, semaforoak nonahi, kaleko aparkalekuen murrizketa eta kale azpiko ordainpeko aparkalekuak…). Hirietatik kanpo ibiltzeko, aldiz, dirutza inbertitzen dute administrazio publikoek. Errepidetik ibiltzeko erraztasunak, baina hirigunean zailtasunak. Hori da joera.
Oro har, ordea, autoen salmentak ez du behera egiten. Jendeak ez dio uko egin nahi auto pribatua izateari eta gobernuentzat, autogintza/autoaren sektorea ekonomiaren adierazlea da. Jasangarritasun ikuspegitik baina, autoaren erabilera murriztu behar liteke.
Hirian biziz gero, eta gorago egindako analisia jarraituz, autoa erosi ordez, alokatu edo taxia erabiltzea bideragarria dela kontura gintezke. Kontuak atera, urtean zehar oporretan joateko 15 egun baino ez badugu behar…