Zazpiak bi?
Zazpiak bi? –
Badu hiru hilabete euskaldunok itxoiten dugula muga ofizialaren irekitzea. Izan ere, koronabirusa dela eta, Frantziak eta Espainiak erabaki zutenean muga zerratzea inarrosaldia eragin zigun gorputzean zehar, Covid 19aren gaitza gelditzeko prest zirelako goraipatuz, nahiz eta zientifikoki ez den frogatua mugaren hestearen eraginkortasuna gaitzaren bilakaeran. Orduan, zergatik hetsi “muga”?
Informazio ofizialen aldakortasun etengabean, azpimarra genezake botereek “talde imunizazioaren” teknika erabili dutela disidentzia politikoa saihesteko, ziurgabetasun egoera honetaz baliatuz, kontrol soziala eta iritzi kolektibo ederra garraiatuz. Zin egin digute infernu honetatik “elkarrekin aterako garela” edo “itsasontzi berean gaudela” eta muga hesteak onurak baizik ez duela ekarriko koronabirusa gelditzeko.
Horrez gain, aurrean eman genezake garai hauetan gure herrian barrena ibiltzeko etengabe Madril edo Parisi baimena eskatu behar dugula, atestazioak betez, lege bat eta bakarra aplikatuz lurralde guztirako, zentralizazio eta burokrazia indartuz, lekuan lekuko kudeaketa, azkarki gaitzetsiz. Muga ofizialetan aurkitzen diren lanpostu iturrien galera azkarraz gain, neurri hauek ez dute logikarik. Adibidez, Hendaiakoa izanda, Frantses Estatu osoan ibiltzeko baimena du, Parisera joan daiteke arazorik gabe, baina ondoan den Irunera ezin pasatuz, nahiz eta pandemiaren bilakaerak onera egin duen.
Aurrekoan, “muga”tik gertu bizi den emakume lapurtar batek zioen Gipuzkoara lanera joatean, normalean, “muga” zeharkatzeko hamar bat minutu behar dituela gehienez, baina “muga” itxi zutenetik, hura zelatatzen dabiltzan Guardia Zibil eta Jendarmeei hainbat agiri aurkeztu beharragatik, ordu bete inguru ematen duela Hegoaldea eta Iparraldea banatzen dituen ustezko muga hori zeharkatzeko.
Bestetik, garbi geratzen da Estatuen egitekoa zein izan den konfinamendu garai honetan; “muga”ri dagokionez, hura ahalik eta gehien militarizatu eta alde bakoitzean nork agintzen duen erakustea eta garbi uztea, bai beste aldekoei eta baita inguruan bizi direnei ere. Nafarroa Garaiko Pirinio aldean ugaria izan da espainiar militarren presentzia, diktadura ilunetik gogoratzen ez zen egoera bat, alegia. Zer dela eta, behar dugu espainiar indar (okupatzaileak) militarren presentzia Bidasoa ibaiaren ertzean? Benetan beharrezkoa al da?
Aurrekoan, EAEko Lehendakariak Pedro Sánchezi Hegoalde eta Iparralderen arteko muga irekitzeko eskakizuna luzatu zion “senitarteko, sozioekonomiko eta osasun arrazoiengatik”, Iparraldeko eta Hegoaldeko biztanleok ekonomia, osasuna edota “odol” berdintsu soil batek lotuko bagintuzte bezala, eta ez, ordea, txanpon beraren aurpegi bakarra izateak -bai, aurpegi bakarra, eta ez “bi aurpegi” askok nahiko luketeen bezala-.
Xalbat ALZUGARAI eta Xabier KARRIL SANCHEZ.
Gero, abertzaleok mugak jarri nahi ditugula eta antzekoak esaten dizkigute nazionalista espainiar zein frantsesek.