Txio iraingarriak ez
Txio iraingarriak ez
2017ko urtarrilaren 23an, pasa den astelehenean, Bimba Bosé abeslari eta modeloa hil zen bi urtez minbiziarekin borrokatu eta gero. Sare sozialetan, gehienbat Twitterren, Bosé familiak milaka mezu jaso ditu haien sufrimendua partekatzen duten Bimbaren jarraitzaileengandik.
Baina asko izan dira mezu iraingarriak eta umore beltzezko txisteak ere. Ulergarria da familia eta jarraitzaileak sutan jartzea honelako argitalpenak irakurri eta gero, baina justiziaren esku jartzea beharrezkoa al da? Fiskaltzak txioak ikertu eta gero, zigorrak zeintzuk izango diren erabaki beharko du. Guk sare sozial batean iruzkin iraingarri bat idazten badugu adibidez, hildakoen kontrakoa, diktadoreen kontrakoa, koroaren kontrakoa… gure eskubidea dela pentsatzen dut. Honelako argitalpenak egitearen ondorioak soilik pertsonalak izan beharko lirateke. Publiko baten errespetua galtzea, errespetu gabeko pertsona bat iruditzea, jarraitzaileak galtzea eta bestelako arazo pertsonal eta indibidualak. Askatasunaren kontrakoa iruditzen zait zigor bat jasotzea argitalpen publiko bat idazteagatik. Hori bai, errespetua guztiz beharrezkoa da eta astakeriak idatzi baino lehen bi aldiz pentsatzea komeni da.
Albiste hau telebistan ikusi nuen lehen aldiz, baina Bimbaren kontrako mezu iraingarriak zentsuratu egin zituzten. Telebista kateak kontrolatzen dituztenek ez dute oso ondo ulertzen zentsuraren erabilera. Adibidez, haien ustez, Sirian bizi den gatazkaren argazki eta bideo guztiz odoltsuak erakutsi daitezke, baina aldiz, txio iraingarriak ez. Gaur egun munduan gertatzen den ekintza oro, komunikabideetan entzun edo irakurriko dugu. Horrek, gure ezagutza haiek kudeatzen dutela esan nahi du. Informazioa trukatzen badute gure ezagutza trukatzen ari dira. Zentsura, beldurra eta manipulazioaren bitartez guztiz kontrolatuta gaude, tamalez, beranduegi konturatzen gara.
Artikulu honen bitartez ez nago ezer berririk azaltzen, baina jendeak honetaz hausnartu beharra duela pentsatzen dut. Betidanik esan diguten eran, ez dugu irakurtzen dugun guztia sinetsi behar. Gauzak aldatu nahi baditugu, gure iritzi propioa guztiz beharrezkoa da. Twitterreko kontu libreak ez ezik, garun libre eta inkonformistak behar ditugu, eta agian, sakelakoa gehiago amatatzea.